Orti etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Orti etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025(e)ko ekainaren 25(a), asteazkena

Urtitxo antroponimoa

 Bi aldiz agertzen da Urtitxo, XVI. mendeko Oiartzungo bi agiritan, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raĆ­ces (1499-1520) liburuan. Lehena, 2. agirian, 1511. urtean, 196. or.:

E estimaron la casa de Vrticho que en el sel de Eldos ha e tiene, dos pequennos. E por la casa que tiene entre Garanu e Paradisua, vn pequenno e medio.
Bigarrena eta azkena, 3. agirian, 1520. urtean, 211. or.:
Yten, la casa de Vrticho, vn pequenno: I pequenno.
Antroponimo hipokoristikoa genuke, bi elementuz osatua, bukaeran -txo atziki txikigarria eta oinarrian Urti antroponimoa, Orti hedatuagoaren aldaera, blog honetan aztertutako Urtisagasti toponimoaren oinarria ere dena. Orti antroponimoaren eratorri hipokoristikoen artean Urtitxo dugu, Oiartzungo agiri horietan aurkitutakoa. Dirudienez, ez dago Urtitxoren lekuko gehiagorik.

2022(e)ko otsailaren 21(a), astelehena

Urtisagasti toponimoa

Arrasateko toponimo honen lekukoek hiru mende iraun zuten, XVI. mendetik XIX. mendera. Aurkitutako lekukoak Arrasateko toponimia liburuan daude, 326. eta 327. orrialdeetan:

Toponimoak aldaera ugari izan zituen, hasierako Hurtisagasti (1565) laster aldatu zen, Ortu sagasti (1611), Urtusagasti (1649), Ortiz sagasti (1847)... Hala ere, Urtisagasti berandu arte agertzen da, aldaera honen azken lekukoa 1790. urtekoa delako.
Toponimoak bi elementu ditu, Urti antroponimoa, Orti hedatuagoaren aldaera eta sagasti izen arrunta, egun ere ezaguna. Orti izenaren jatorria latineko Fortunius antroponimoan dago eta Urti aldaera, ziurrenik, bokal asimilazioaren eraginez sortuko zen, o-i > u-i. Urti aldaerak lekuko gutxi utzi ditu, baina ematen du erabilera eremua sartaldekoa zela. Beraz, bat egiten dute Urti aldaeraren eremua eta toponimoaren kokapena.