Otsandilibar toponimoa Nafarroakoa da, Zirauki herrikoa. Hainbat aldaera baditu:
Ollandilibar (1709),
Osandelibat (1666, 1723),
Osandilbar (1705, 1708, 1732), eta beste batzuk gehiago, baina interes handiena lehenengo lekukoak badu:
Ochandiriuarr (1283). Lekuko honetan hiru elementu aurki daitezke,
Otxand- PI +
-iri +
ibar. Lehenengoa
Otxando edo
Otxanda antroponimoak izan daitezke, dirudienez toponimoa sortu eta gero antroponimoaren azken bokala galdu zen. Ondoko elementuak -
iri hurbiltasun atzizkia eta
ibar izena lirateke. Nahiz eta jatorri bera izan ahal, ez da nahasi behar
-iri atzizkia eta hiri izena. Ezaguna da
hiri izenaren aldaera erabilia izan zela toponimoak sortzeko, aurrean antroponimo bat zutela, hala nola
Enekuri,
Obekuri eta beste hainbat. Hala ere, ez da erabilera horren lekukorik aurkitu hiri aldaerarekin. Beraz, toponimo honetan tarteko
-iri hurbiltasun atzizkitzat hartu beharra dago.
Toponimo honetan bi aldaketa fonetiko gertatu ziren, antroponimoaren azken fonemaren galera eta
r-r >
l-r disimilazioa, nahiko goiz gertatua, lehenengo lekukoa 1320. urteko
Ossandillivarr litzateke.
Bukatu baino lehen, zehaztasun bat, zoritxarrez erabat ziurra ez dena, gehitu liteke. Toponimoaren lekuko ia guztietan <s> jarrita dago txistukari afrikatua adierazteko. Beharbada hori argudio bat litzateke
Otxando antroponimoaren alde egiteko, lekuko zahar batzuetan txistukaria jartzeko <s> erabiltzen zutelako,
Otsandola edo
Otsondoa toponimoetan bezala.
Otxanda-ren lekukoetan ohikoena <ch> jartzea da, egun <tx> jarriko genukeen bezala, adibidez
Otxanda toponimoan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario