Mostrando entradas con la etiqueta Terentius. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Terentius. Mostrar todas las entradas

miércoles, 4 de diciembre de 2024

Trintingain eta Trintinzulo toponimoak

 Trintingain da Uitziko aurkintza bat, lekukotzak ez du mendea ere bete:

trintin-go gaina (1935)
trintin-malkorra (1935)
trintingain (1997)
Trintingain (2019)
Trintinzulo da Uitziko beste aurkintza bat, lekukotzak ez du mende erdia ere bete:
trintinzulo (1997)
Trintinzulo (2019)
Nabarmena da herri berekoak izanik, Trintin toponimo galduaren eratorriak direla, batek gain jaso du eta besteak zulo. Toponimo zaharrenean nabaritzen da oraindik bazela beste toponimo batekin lotua, eratorria: trintin-go gaina (1935).
Trintin toponimoak izan dezake kide bat, nahiko antzekoa, Bizkaian, Derandain toponimoa aztertua izan delako blog honetan. Aldaketa larriak jasan zituen, batez ere laburketak, hau normala da jakinik oso berandu arte ez zela idatzi. Hasteko hasierako bokalaren sinkopa gertatu zen, azentuaren indarraren eraginez, honetan berdina da Trintxinea toponimoa, baita ere azken silabako diptongoaren galerarekin.
Aipatutako bi toponimoen jatorria latinean izan daiteke, Terentius antroponimotik sortuz, *Terentiani latinetik hasi, bilakaera handiak izan zituen euskaran egokituz eta gero mendeen joanak beste zenbait aldaketa eragin zituen Trintin sortu arte.

viernes, 8 de noviembre de 2024

Erenzaba toponimoa

 Erenzaba da Aranaratxeko aurkintza bat. Lekukoak XVIII. mendean hasten dira eta bi izen tartekatzen dira, Erenzaba eta Erenzau:

erenzaucoeguia (1735)
erenzaba (1737)
herenzauco lezeadana (1867)
erenzaba (1884)
lenzaba, alto de (1884)
Badirudi lekuko eratorriek *Erenzau erakusten dutela eta toponimoa bakarrik dagoenean, Erenzaba. Azken honen azken bokala artikulua izan daiteke eta, beraz, antzinako toponimoa Erenzau izango zen. Artikuluaren gehiketa fenomeno ezaguna da euskal toponimian. Bilakaera hori, toponimoei artikulua gehitzea, beste zenbait eremutan ere ezaguna da, hala nola Araban. Ez da, beraz, fenómeno ezezaguna.
Erenzaba toponimoak tarteko *Erenzaua izan zuen baina -ua bokal bilketa -ba bihurtu zen, lekukorik utzi gabe, aldaketa bera zenbait toponimotan gertatu da, cf. Mutilba (N), Mutilua zaharrago batetik.
Aldaera zaharrena *Erenzau izanik, hortik hasi behar da ikerketa lana eta bukaera horrek bilakaera ezagun bat gogorarazten du, -anu > -au, cf. Gomizau toponimoa, Nafarroan. Atzeranzko urratsa egin eta *Erenzano moduko toponimoa izango zen garai batean, eta hau Terentius antroponimoarekin lotzekoa litzateke: Terentius + -ano > *Terentiano > *Erenzau. *Terentiano eta *Erenzau aldaeren arteko aldeak badira, lehenik t- herskariaren galera, bigarrenez, -tia- > -za- bilakaera; hirugarrena, sudurkariaren galera, eta azkenik, -ao > -au diptongoaren sorrera, baina azken urrats hau beharbada ez zen gertatu eta bukaerako bokala antzinatasun seinalea da. Hitz hasierako kontsonantearen galera disimilazioz gerta zitekeen, baina horrek eskatuko luke oso garai zaharrean gertatzea edo, bestela, hasierako herskarien egonkortasun ezak azalduko luke aipatutako galera.

miércoles, 12 de junio de 2024

Trintxinea toponimoa

Trintxinea da Behaskane-Laphizketako etxe bat, Nafarroa Beherean. Toponimoaren lekukotza oso goiz hasten da, XIV. mendean, baina hurrengoa XIX. mendekoa da:

trinchay (1350 [2000])
trinchin (1826)
trinchinia (1970)
Ahozko aldaera azken lekukoaren berdintsua da:
trintxinia (2005) [IP.TOP.IKER]
trintxineko (2005) [IP.TOP.IKER]
Lehenengo lekukoa besteetatik urruntzen da bukaeratik, ez dauka sudurkaririk. Kontuan izanik azken lekukoak, toponimoa *Trintxain izan liteke eta lekuko zaharrenean bukaerako sudurkaria jarri gabe geratu zen. Beste bilakaerak dira, batetik ai > i diptongoaren soiltzea eta, azkenik, toponimoak -e paragogiko bat jaso zuen, sortaldeko toponimo asko bezala (cf. Parise, Paris + -(e)n > Parisen > Parise + -(e)n). Azkenik, bukaeran -a artikulua ere gehitu zaio. Toponimoak, beraz, bilakaera luzea izan du: *Trinxain > *Trinxaine + -a > *Trinxainia > Trinxinia.
*Trinxain zaharrena azaltzeko, bukaerak salatzen du -ain atzizkia bazela eta hala bazen, oinarrian antroponimo bat izan zitekeen, beharbada Terentius latina eta hori kontuan izanik *Terentiani moduko izen bat izango zen jatorrian. Bilakaera honetan ere zenbait aldaketa gertatu dira; hasteko, sinkopa izan da lehenengo bi silabetan, eta -e- > -i- bokal igoera izan da, beharbada hurrengo silabakoaren asimilazioaz (cf. Derandain toponimoaren ahozko aldaera, Diandin). Gainera -tia- > -xa- palatalizazioa dago, latin jatorriko toponimo zaharretan ugari den bilakaera, cf. Lutxana (Bizkaia).
Trintxinea toponimorako proposatutako etimologia zuzena balitz, Nafarroako Gerendiain toponimoa jatorri berekoa izango litzateke eta oso nabari da biak oso ezberdinak direla, Nafarroa Behereko toponimoaren bilakaera bestea baino askoz luzeagoa izan delako.

lunes, 10 de junio de 2024

Erenuzketa toponimoa

 Erenuzketa da Arrasateko baserri baten izena. Toponimo eratorri bat du, Erenuzketaldekoa, hau ere baserria. Toponimoaren lekuko ugariak eta batzuk oso zaharrak daude Arrasateko toponimia liburuan, 185. eta 186. orrialdeetan:

Toponimoa XIV. mendetik ezaguna da, egungo izen bera duela. Gero aldaera batzuk agertzen dira, batzuetan txistukariari dagokionak, baina funtsean, toponimoa aldatu gabea da. Horrek izen bakarra uzten du azterketarako, Erenuzketa. Toponimoa iluna da, baina ez da interpretaezina. Analisia atzetik hasi eta -keta bukaera dago, hau da -eta atzizki ezagunaren aldaera bat, txistukari ondoren izan ohi dena, cf. Amezketa, ametz + -eta dena. Beraz, erenuz- geratzen da analizatzeko. Oso elementu iluna da, baina aldaketa ezohiko batek bide zuzenera eraman gaitzake; gutxi batzuetan sartaldeko euskaran i orokorraren ordez, u izan ohi da: ule : ile, uzen : izen. Toponimian argiagoa da, i > u bilakaera agerikoa delako, Umerez toponimoan bezala. Hori Arrasateko toponimoari gertatu bazitzaion, *Ereniz zaharragoaren ondorengoa izan liteke. Hau ere iluna da, baina euskal toponimian hain zabalduak duten -i(t)z toponimoen multzo berekoa izan daiteke. Hala bada, oinarrian antroponimo bat genuke eta egokiena Terentius izan liteke baina horrek esan nahi du aldaketa batzuk gertatu zirela jatorrizkotik oso urrunera eraman dutenak. Bi dira gertatutako aldaketak, horzkarien disimilazioa eta ondorioz, lehenengoaren galera eta nd > n bilakaera. Bi aldaketa hauek ez dira arruntak baina ez dira ezezagunak, azkenaren lekukoa izan daiteke Altzania toponimoa, bere sarreran informazio gehiago dago eskuragarri. Bestea askoz urriagoa da, baina badira batzuk, Umaran toponimoan sudurkaria disimilatuko zen. Txistukarietan askoz ohikoagoa izan da, Antsauri toponimoaren antroponimoan.
Terentius antroponimoak lekuko batzuk utzi ditu euskal toponimian, Derandain eta Mosterente esaterako.

lunes, 27 de marzo de 2023

Derandain toponimoa

 Derandain da Zornotzako auzo baten izena.
Lekuko zaharragoak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Derandai [N, TO]
Derandai_de_Yuso (la caseria de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Derandain_de_Auajo(la cassa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Derandain_de_Arriua(la cassa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1796, FogVizcayaMs.
Derandain_de_Suso(la caseria de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1745, FogVizcayaMs.
Deranday_de_Abajo(la casa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1704, FogVizcayaMs.
Deranday_de_Suso(la casa de) [Dudea (cofradia de)], Amorebieta, a.1704, FogVizcayaMs.

Lekuko zaharrenak XV. mende erdialdekoak dira, Durangoko agiri zaharrak biltzen dituzten liburuetan daude. Horrela, lehenengoa Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo I liburuko 9. agirian, 1443. urtean Estiualis de Derendayn izenekoa dago.
Ondoren, Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Pleitos. Tomo IV liburuko 1. agirian 1453. urtean Pero Peres de Derendayn dago.
Bildutako azken lekukoak Colección Documental del Archivo Municipal de Durango. Tomo II liburuan daude, 61. agirian 1483. urtean Estibalis de Derendayn eta, azkenik, 68. agirian 1487. urtean Marina de Derendayn.
Bildutako lekuko hauetan ikusten da bokaletan aldaketarik ez dagoela, baina geroagokoetan bai, hala, Bizkaiko fogerazioetan, XVIII. mendean aldaera bakarra Derandain da, zenbait lekukotan azkeneko -n ez da ageri, baina lehenagoko, geroagoko eta egungo ahoskerak argi uzten du sudurkaria egon, bazegoela.
Lehenengo lekukoetan Derendain dena, gerora Derandain bihurtua ageri da, eta horrela finkatu da. Derendain > Derandain aldaketan bokal asimilazioa gertatu da: e-e-a > e-a-a.
Toponimo honen aldaerak azaldu ondoren, etimologiari txanda heldu zaio. Berehala nabarmena da Gerendiain-en lehenengo lekukoekin duen antzekotasun nabarmena, Derendiain eta Derendain-en arteko diferentzia bakarra lehenengo /i/ da, eta hori azaltzeko zenbait bilakaera aurkez daitezke, -iai- bokal multzoa desegitea, adibidez. Edo bestela, gerta liteke toponimoa sortu zenean /i/ gabekoa izatea.
Edonola ere, Derandain eta Gerendiain-en arteko antzekotasuna azaldu beharra dago. Barruan egitura eta osagai berberak daudela argi dago, baina biak sortuak dira, bakoitza bere aldetik ala baten batek izena jaso al du? Hala izatekotan, Nafarroakoren bat sorburu izan liteke, ondoren nola edo hala Bizkaira eramana. Agian hori gertatuko zen Derendiain > Gerendiain bilakaera gertatu baino lehenago, baina hori ere ez da nahitanahiezkoa. Nafarroaren sorburuaren alde mintzo da -ain atzizkiz osaturiko toponimo multzo handia; Bizkaian, aldiz, -ain bukaerako toponimo kopuru oso txikia da, eta maiz jatorri ilunekoak dira. Formaren aldetik, harrigarria da, Gerendiain herri izenen kekukoetan aldaera ugari izan arren, ez da bakar bat aurkitu Derendain toponimoak ez duen /i/ bokalik gabe: Derendiain, Drendiain, Grendiain, Herendiain, Gerendian... Baina hori ere ez litzateke oztopo iraganezina.
Beraz, Derandain-en jatorria Gerendiain toponimoetarako proposatu den bera da, baina ezin ziur izan Derandain toponimoa Zornotzan sortu zen edo Nafarroatik izena ekarria zenik. Beraz, jatorrira itzuliz, toponimoaren oinarrian Terentius antroponimo latina litzateke, eta ondoren -ain atzkia erantsi zaio eta latineko *Terentiani euskaraz egokitu da Derandain sortuz.
Ez dira euskal toponimian Derandain eta Gerendiain aipatutako antroponimoa oinarria duten bakarrak, besteren bat badago, Mosterente toponimoa bezala.

viernes, 17 de febrero de 2023

Mosterente toponimoa

 Mosterente da Trebiñuko aurkintza baten izena.
Toponimo honen lekuko zaharrak daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

MORTERENTE, 1800, labrantío en Ascarza de Treviño.
MOSTERENTE, término en Ascarza de Treviño.
MOSTERENTI, 1676, igual que anterior.
Lehenengo lekukoa ziurrenik kakografia da, kontuan izanik beste lekukoak eta gaur egungoa. Azkena, Mosterenti, interesgarria da, bukaerako bokala jatorrizkoa litzateke, gerora, gaztelaniaren eraginez aldatua, Oñati/Oñate herri izenean bezala.
Toponimoak bi elementu lituzke, mons 'mendi' latinez eta Terenti, Terentius antroponimo latinaren genitiboa, 'Terentius-en mendia'. Hori zuzena bada, toponimoa latinean eratu zen oso aspaldi eta mende askotan iraun du. Beharbada bukaerako bokalaren gordetzeari euskarari zor zaio.
Blog honetan bada beste toponimo bat Terentius oinarrian duena, Terenti toponimoa, hau tontor izena da. Beharbada arrazoiren bat dago antroponimo hori bi mendi izenetan aurkitzeko.

martes, 23 de enero de 2018

Terenti toponimoa

Bizkaiko toponimo hau Enkartazioetako Artzentalesko tontor izena bada, beraz, oronimoa.
Dirudienez jatorria latin antroponimo batean bilatu beharra dago, Terentius izenean hain zuzen. Beharbada kasu genitiboan zegoena, ia aldaketarik gabe, finkatu zen: Terentii > Terenti.
Bukatzeko, badago J. C. Barojaren ohar bat mitologiari buruz, hemen jartzeko egokia, bere “Sobre historia y etnografia vasca”, 150 or.: “En la montaña de Santander, según lo que dice el señor Manuel Llano, llaman Trenti a un ser mítico, enano, que anda, o andaba, vestido de hojas y de musgo por los montes, que duerme en invierno en las torcas y bajo los árboles en verano”.