lunes, 10 de junio de 2024

Erenuzketa toponimoa

 Erenuzketa da Arrasateko baserri baten izena. Toponimo eratorri bat du, Erenuzketaldekoa, hau ere baserria. Toponimoaren lekuko ugariak eta batzuk oso zaharrak daude Arrasateko toponimia liburuan, 185. eta 186. orrialdeetan:

Toponimoa XIV. mendetik ezaguna da, egungo izen bera duela. Gero aldaera batzuk agertzen dira, batzuetan txistukariari dagokionak, baina funtsean, toponimoa aldatu gabea da. Horrek izen bakarra uzten du azterketarako, Erenuzketa. Toponimoa iluna da, baina ez da interpretaezina. Analisia atzetik hasi eta -keta bukaera dago, hau da -eta atzizki ezagunaren aldaera bat, txistukari ondoren izan ohi dena, cf. Amezketa, ametz + -eta dena. Beraz, erenuz- geratzen da analizatzeko. Oso elementu iluna da, baina aldaketa ezohiko batek bide zuzenera eraman gaitzake; gutxi batzuetan sartaldeko euskaran i orokorraren ordez, u izan ohi da: ule : ile, uzen : izen. Toponimian argiagoa da, i > u bilakaera agerikoa delako, Umerez toponimoan bezala. Hori Arrasateko toponimoari gertatu bazitzaion, *Ereniz zaharragoaren ondorengoa izan liteke. Hau ere iluna da, baina euskal toponimian hain zabalduak duten -i(t)z toponimoen multzo berekoa izan daiteke. Hala bada, oinarrian antroponimo bat genuke eta egokiena Terentius izan liteke baina horrek esan nahi du aldaketa batzuk gertatu zirela jatorrizkotik oso urrunera eraman dutenak. Bi dira gertatutako aldaketak, horzkarien disimilazioa eta ondorioz, lehenengoaren galera eta nd > n bilakaera. Bi aldaketa hauek ez dira arruntak baina ez dira ezezagunak, azkenaren lekukoa izan daiteke Altzania toponimoa, bere sarreran informazio gehiago dago eskuragarri. Bestea askoz urriagoa da, baina badira batzuk, Umaran toponimoan sudurkaria disimilatuko zen. Txistukarietan askoz ohikoagoa izan da, Antsauri toponimoaren antroponimoan.
Terentius antroponimoak lekuko batzuk utzi ditu euskal toponimian, Derandain eta Mosterente esaterako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario