Duluman da Orozkoko auzo bat. Izendegi ofizialeko lekukoak ez dira oso zaharrak, XX. mende bukaerako bat dago, San Juan (1986). Gerokoetan San Juan berriro agertzen da eta baita ere Duluman (2002) eta Donibane (2009).
Ziurrenik guztiak zaharragoak dira eta hirurek esanahi bera dute nahiz eta zalean oso ezberdinak izan. San Juan beste bien itzulpena litzateke eta beharbada jatorrena Donibane izango zen, hau da, Done Joane. Donibanetik Dulumanera aldaketa ugari gertatu ziren, tartean bukaerako fonema galdu zen, agian berranalisiaren bitartez: Donibane-ra, Donibane-n > Doniban-era, Doniban-en. Dena den, bestea ere gerta zitekeen, izen zaharrenak Doniban izatea eta /e/ paragogikoa leku deklinazioagatik jasotzea, Aiziritze toponimoa bezala. Beste aldaketa bat sudurkari asimilazioa izan zen: b-n > m-n, Lumane toponimoan bezala. Beste aldaketa bat ezohikoa da, i > u gertatu zelako. Ezaugarri hau sartaldeko euskaran ezaguna da, hitz batzuek /u/ dute beste hizkeretan /i/ dena: uzen 'izen' bezala. Batzuetan bokal disimilazioaren eraginez sortuko ziren /u/ horiek, Jandustegi toponimoaren lekuko zaharretan Jandistegi da. Baina Orozkoko toponimoan ez dago disimilazioa sortzeko aukerarik. Beste aldaketa bat disimilazioa da, sudurkariena n-n > l-n. Azkena, bokal asimilazioa izango zen, o-u > u-u.
Laburtuz, bilakaera honakoa izan zitekeen: Donibane > *Doniban > *Doniman > *Donuman > *Doluman > Duluman. Beharbada lekukoen bilketa sakonagoa eginez tarteko urratsen lekukoak aurki daitezke, baina bilakaera antzekoa izango zen, hasierako eta bukaerako izenak eskura daudelako.
viernes, 28 de noviembre de 2025
Duluman toponimoa
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario