Mostrando entradas con la etiqueta isats. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta isats. Mostrar todas las entradas

martes, 15 de septiembre de 2020

Itxaskue toponimoa

 Itxaskue izeneko baserria dago Usurbilgo herrian, Gipuzkoan.
Badago XVII. mende hasierako lekuko bat, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa:

Usurbil con cuatro barrios. Villa.
25. La casa de Achega A de parientes mayores, Paris, Troya, Babilonia, Infanzon, Juan de Unzarena, Bursar, Gaztañaga, Olloqui, Olarria, Arrazain, Ibarrola, Aniceta, Itsascue, Yarza, Sagastizar, Alarrun, Asteasuainzarra, Ugarte, Vizcarret, Portalea, Achegazarra, Celai andia, Suelo, Arriola, Aguirre. 25.
 Bide batez, toponimoaren lekukoa aztertu baino lehen, badaude etxe izen hauetan izen bitxi batzuk: Paris, Troya, Babilonia... Izen exotikoak dira, beharbada moda baten ondorioak. Eta aztergai den toponimoa, Itsascue bezala agertzen da.
Ondoko lekukoa XX. mendeko bigarren erdikoa da, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
ITXASKU ENEA (prop.), Txiki Erdi ballara
 Lekuko honek -(r)en + -a gehiketa jasan du, eta horrek izena zerbait aldatu du.
Lekukoak aztertu eta Itsaskue litzateke, lekukoa ongi jasorik badago, jatorrizkotik hurbil dagoena. Bi elementu lituzke, itxas- eta -kue. Lehenengoan isats hitza izango zen. Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan isats hitzaren hainbat toponimo erakusten du:
337. — isats, itsa(t)s «retama»: Isasa, Isasaga, Isasbiribil, Isasgarat (Isascarate), Isasmendi (Izazmendi), Isaso (Pero Juaynez de Itsasso, 1350), Isagondo, Isasti (Guilisasti); Ichaso-asu, Ichasogoyena, Ichasondo.
 Bigarren elementua -kue, gune ezagunaren aldaera da, bokalarteko sudurkaririk ez du eta hasierako herskaria ahoskabetu da, txistukari ondoan egoteagatik.
Badago oso toponimo antzekoa eta elementu berdinak dituena, Usaskue, blog honetan aztertua. Aipagarriak dira bi toponimoen artean dauden ezberdintasunak, biek elementu berdinak dituztelako. Hasteko, Itxaskue izenak hasierako bokala ez du aldatu, ondoren isats izenaren afrikatua mugitu da, lehenengo frikari afrikatuz.

martes, 1 de septiembre de 2020

Usaskue toponimoa

 Usaskue Errenteriako baserri izena da, eta gainera, badago Usaskueaundi izeneko baserria Usurbilen.
Errenteriako toponimoaren lekuko zaharrak badira, eta horrela, Usaskue lehenengo aldiz XV. mendearen bukaeran agertzen da, 1495. urteko Unsacue. Hurrengo lekukoa 1551. urtekoa da eta egun bezalakoa da, Usascue bezala jarria delako. Oro har, toponimoak ez du aldaketa nabarmenik erakutsi azken mendeetako lekuko ugarietan, baina hasierakoa azaldu beharra dago, besteetatik aldentzen delako. Bi aukera daude, lekukoa fidagarria izan ala ez. Arrazoiak badira aldaera txartzat hartzeko, batetik, besteetan aurkitzen ez den sudurkaria dagoelako, azaltzeko zaila dena. Gainera, bigarren elementua gune ezagunaren aldaera bada, zerk eragin du belarearen ahoskabetzea? Hemen aurkeztuko den etimologiaren arabera, isats + gune hitzak elkartuz osatu da Usaskue. Normalean, *Isaskue sortuko zen, baina hau, gure ustez, hasierako toponimoa izan zen. Ondoren, bokal asimilazio bat gertatu zen, i-u > u-u, Jandustegi toponimoan bezala. Aldaketa hau ez da batere ohikoa, baina adibideek erakusten dute gertatu egin dela, baina oso gutxitan.