Mostrando entradas con la etiqueta gune. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta gune. Mostrar todas las entradas

martes, 15 de septiembre de 2020

Itxaskue toponimoa

 Itxaskue izeneko baserria dago Usurbilgo herrian, Gipuzkoan.
Badago XVII. mende hasierako lekuko bat, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan jasoa, 1625. urte ingurukoa:

Usurbil con cuatro barrios. Villa.
25. La casa de Achega A de parientes mayores, Paris, Troya, Babilonia, Infanzon, Juan de Unzarena, Bursar, Gaztañaga, Olloqui, Olarria, Arrazain, Ibarrola, Aniceta, Itsascue, Yarza, Sagastizar, Alarrun, Asteasuainzarra, Ugarte, Vizcarret, Portalea, Achegazarra, Celai andia, Suelo, Arriola, Aguirre. 25.
 Bide batez, toponimoaren lekukoa aztertu baino lehen, badaude etxe izen hauetan izen bitxi batzuk: Paris, Troya, Babilonia... Izen exotikoak dira, beharbada moda baten ondorioak. Eta aztergai den toponimoa, Itsascue bezala agertzen da.
Ondoko lekukoa XX. mendeko bigarren erdikoa da, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
ITXASKU ENEA (prop.), Txiki Erdi ballara
 Lekuko honek -(r)en + -a gehiketa jasan du, eta horrek izena zerbait aldatu du.
Lekukoak aztertu eta Itsaskue litzateke, lekukoa ongi jasorik badago, jatorrizkotik hurbil dagoena. Bi elementu lituzke, itxas- eta -kue. Lehenengoan isats hitza izango zen. Mitxelenak bere Apellidos vascos liburuan isats hitzaren hainbat toponimo erakusten du:
337. — isats, itsa(t)s «retama»: Isasa, Isasaga, Isasbiribil, Isasgarat (Isascarate), Isasmendi (Izazmendi), Isaso (Pero Juaynez de Itsasso, 1350), Isagondo, Isasti (Guilisasti); Ichaso-asu, Ichasogoyena, Ichasondo.
 Bigarren elementua -kue, gune ezagunaren aldaera da, bokalarteko sudurkaririk ez du eta hasierako herskaria ahoskabetu da, txistukari ondoan egoteagatik.
Badago oso toponimo antzekoa eta elementu berdinak dituena, Usaskue, blog honetan aztertua. Aipagarriak dira bi toponimoen artean dauden ezberdintasunak, biek elementu berdinak dituztelako. Hasteko, Itxaskue izenak hasierako bokala ez du aldatu, ondoren isats izenaren afrikatua mugitu da, lehenengo frikari afrikatuz.

viernes, 4 de septiembre de 2020

Etume toponimoa

 Etume da Donostiako auzo bat, eta gainera Etumeta toponimoa bazen Errezilen, Etumetabenta, Etumetaerdikoa eta Etumetazarra baserriak badira, ahaztu gabe Etumetako barrutia izeneko aurkintza.
Donostiako toponimia (1995) izeneko lanean badira Etume toponimoaren lekuko zahar batzuk, ez oso zahar, baina:

ETUME: Etume (1825, parage, D.U.A.-C-5-II-1715-5), Etume (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Etume (1860, D.U.A.-D-7-1-P.), Etúme (64) (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Etume (1864, Casa de labor, N.P.G., 66 orr.); Etume (1989, D.U.T.B.). 64-12-4, M. D-3.

Gainera, Etxumetxabal izeneko toponimo eratorria ere bada:

ETUMETXABAL: Etumetxabal, Gurrutxategi, Gorrotxategi berri (1989, D.U.T.B.). 64-12-4, m. D-3.

Toponimoa zaharra da, Donostiako Etume izenak gutxienez baditu 200 urte, baina ziurrenik askoz lehenago sortu zen, hemen aurkeztuko den etimologia kontuan harturik. Bi elementu lituzke, baina hainbat aldaketa gertatuko zitzaizkion. Et- 'hegi' + une > *Etune > Etume, bilakaera ez luzea, baina nahikoa hasierako elementuak iluntzeko. Lehenengo aldaketa hegi hitzean dago, blog honetako beste toponimo batzuetan berdin gertatu dena, Ekaitz edo Etarte toponimoetan bezala. Baina badago hurbilago dagoen bat, Etun, hain zuzen. Elementu berdinak izan zituzten baina batean une zena, bestean un baino ez zen. Eta un > um bilakaera ondoren etorriko zen, Gazume edo Oialume toponimoetan bezala.

Eguneraketa (23-11-10):
Sarrera honetako lekuko zaharrena XIX. mendearen hasierakoa da, baina bada beste lekuko bat, askoz zaharragoa, 1452. urteko agirian batean dago, Ubitarteko apeoan, 19. or.:

Ytten, en el lugar que dizen Hetume un pedazo de tierra con fasta diez robles, que sollía tener e poseer el dicho Juan López de Lasalde, que ha por linderos: por la una parte tierras e robeldades del dicho Juan López, e por todas las otras partes tierras e exidos comunes del dicho conzejo.
Lekuko gehiago daude, batzuk 22. orrialdean:
Ytten, enzima de Alzola, en el lugar que dizen Hetume, una tierra e manzanal que sollía tener e poseer Peruste de Alzola en que están plantados fasta cient pies de manzanos, que ha por linderos por todas partes tierras e exidos comunes del dicho conzejo.

Ytten, en el dicho lugar de Hetume ottra tierra e manzanal que sollía tener e poseer el dicho Peruste, que ha por linderos por todas partes tierras e exidos comunes del dicho conzexo, en que están plantados fasta cient e sesenta pies de manzanos.
Azkenik, Sohetume toponimo eratorria dago 19. or.:
Ytten la tierra e castañal de Sohetume donde están plantados fasta  veinte y cinco pies de castaños, que sollía tener e poseer el dicho Juan López de Lasalde, que ha por linderos: por devaxo el arroyo de Potoayz, e por la una costanera tierras e robeldades del dicho Juan López, e por todas las otras partes el camino que va [de] Ygueragoeta al somo de Ysasi.
Beharbada agertzen den <h> hori bat dator egiten zen ahoskapenarekin, hasperena oraindik bazelako eta horrek baieztatuko luke proposatutako etimologia, oinarriko hitza hegi izan zitekeelako.
Bigarrena, Sohetume, so- 'azpi' erdarazko preposizioa izango zen, antza.

martes, 1 de septiembre de 2020

Usaskue toponimoa

 Usaskue Errenteriako baserri izena da, eta gainera, badago Usaskueaundi izeneko baserria Usurbilen.
Errenteriako toponimoaren lekuko zaharrak badira, eta horrela, Usaskue lehenengo aldiz XV. mendearen bukaeran agertzen da, 1495. urteko Unsacue. Hurrengo lekukoa 1551. urtekoa da eta egun bezalakoa da, Usascue bezala jarria delako. Oro har, toponimoak ez du aldaketa nabarmenik erakutsi azken mendeetako lekuko ugarietan, baina hasierakoa azaldu beharra dago, besteetatik aldentzen delako. Bi aukera daude, lekukoa fidagarria izan ala ez. Arrazoiak badira aldaera txartzat hartzeko, batetik, besteetan aurkitzen ez den sudurkaria dagoelako, azaltzeko zaila dena. Gainera, bigarren elementua gune ezagunaren aldaera bada, zerk eragin du belarearen ahoskabetzea? Hemen aurkeztuko den etimologiaren arabera, isats + gune hitzak elkartuz osatu da Usaskue. Normalean, *Isaskue sortuko zen, baina hau, gure ustez, hasierako toponimoa izan zen. Ondoren, bokal asimilazio bat gertatu zen, i-u > u-u, Jandustegi toponimoan bezala. Aldaketa hau ez da batere ohikoa, baina adibideek erakusten dute gertatu egin dela, baina oso gutxitan.

viernes, 21 de agosto de 2020

Etun toponimoa

 Etun tontor baten izena da, Elgoibar eta Mendaro artean dagoena.
Lekuko zaharrik eskura ez badago ere, toponimoa analizatzekoa da, kontuan izanik bilakaera ez oso ezaguna jasoa duela. Elgoibarren badago beste toponimo bat, Etun-ekin lotua dgoena, nahiz eta antzekotasun handirik ez izan, Ekaitz, Etun toponimotik hurbil dagoena. Ekaitz izenarekin gertatu bezala, hasierako elementua et- 'hegi' litzateke, ot- 'ogi' den bezala, otordu hitzean adibidez, ot- 'ogi' + ordu dena.
Etun toponimoan bigarren elementua un(e) litzateke, Zelataun toponimoan bezala, beraz, et- 'hegi' + un(e) > Etun.

viernes, 31 de julio de 2020

Oialume toponimoa

Oialume egun, Hernaniko auzoa da eta Astigarragako Oialumezar izeneko baserria bada.
Aurreko mendearen bigarren erdirako badaude lekuko batzuk, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan jasoak. Honakoan, bazen Oialume izeneko baserria Hernanin eta Astigarragan, aldiz, Oyalumeberri izeneko baserria. Orduan bilakaera hauxe litzateke, Hernaniko baserriaren izena auzo bat izendatzera erabili da, eta Astigarragan bi baserri izan dira Oialume izendunak, Oialumeberri eta Oialumezar.
Toponimoa, euskaratik begiratua, argia da, oihal + ume. Hizkera arruntean ez litzateke bitxia izango baina bai toponimo baterako.
Hurbilketa etimologikoak bestelakoa izan behar du. Aldaketa batzuk gertatuak izan dira hasierako toponimoa nahikoa aldatu dutenak. Batetik un > um bilakaera gertatu zen, Gazume toponimoan bezala. Horrela, aurreko aldaera *Oialune izango zen. Bestetik, sudurkarien disimilazio bat, n-n > l-n, Martilandierreka toponimoan bezala. Orduan, atzeranzko urratsa egin eta *Oianune izango genuke. Hauxe litzateke hasierako izena. Elementuak ezagunak dira, oihan eta (g)une, baina bi sudurkariak izen berean izatean, aldaketak hasi ziren, Oialume bihurtu arte.

sábado, 11 de julio de 2020

Zelataun toponimoa

Errexilgo toponimoa da Zelataun, mendi lepoa. Toponimoaren lekuko zaharrik ez da eskuratu baina, aldaketa larririk gertatu ez bada, erraz analizatzekoa da. Bi elementu lituzke, zelata eta gune. Mendi aldeko toponimoa izanik, uste izatekoa da leku egokia zela zelata egiteko. Hortik toponimoaren interesa, zelata hitza toponimian batere ohikoa ez delako.

sábado, 27 de junio de 2020

Arraskue toponimoa

Oiartzungo Arraskue baserria da, baita errota ere. Badu, gainera, toponimo eratorri bat, Arraskuelarre izeneko tontorra.
Herri honetako toponimoak aztertzen dituen liburuan, Oiartzungo toponimia izenekoan informazio gehiago bada, 89. or.:
Arraskue. Baserria.
Karrikako baserria, aldameneko bailara zabal eta lau batean kokatua. Ia beti modu honetan dokumentatzen da, —e- letraz amaitua. Hurbilean dagoen goraguneak, tontorrean gurutze bat duenak, Arraskuelarre izena hartzen du.
Bailara honetan etxe garrantzitsua izan zen. Izan ere, Karrikako ibai nagusiaren ertzean kokatua, izen bereko errota dago: Arraskuerrota.
Ez du lekuko zaharrik ematen, baina badira beste liburu batean, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) izenburuko liburuan badira Arraskue toponimoaren hainbat agerpen, hemen agertuko diren guztiak agiria berekoak eta beraz, urte berekoak, 1. agirian, 1499. urtean badira aipamen batzuk:
don Miguell de Arrascue
Martie de Arrascue
Pero Arrascue
Horiek guztiak antroponimo batzuei lotuak baina toponimo bera aipatua da, agiri berean, liburuaren 91. or.:
E la casa de Arrascue estimaron en veynte e dos millares pequennos: XXII U pequennos
Las tierras que tiene desde la armora que tiene en las espaldas de la casa, por el camino, fasta fasta (sic) vn arroyvelo qu’es entremedio de Arrascue e Arburua, por el dicho arroyo arriva, dexando de Arburua a mano derecha, subir a dos mojones qu’están, que rreparten tierras con Arburua, con Arrascue e hasta las tierras e armora de Heyçaguyrre e los exidos, estimaron tierras de dos mill pies de mançano.
Beraz, Arraskue da aztertzeko aldaera, bost mendetan iraun duena. Toponimoak bi elementu izango lituzke, harraska eta gune. Azken hitz honek baditu hainbat aldaera. Arraskue toponimoko sudurkaria, adibidez, galdua da. Horrela, arraska + gu(n)e > *Arraskague izan zitekeen toponimo sortu berria eta gero bokalarteko /g/ galdu eta aue bezalako bokal bilkura soilduko zen, egun eta aspalditik ezaguna den Arraskue toponimoa geratuz.