Mostrando entradas con la etiqueta zakar. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta zakar. Mostrar todas las entradas

martes, 17 de julio de 2018

Txakartegi toponimoa

Bizkaian badira bi toponimo Txakartegi izenekoak, bata Txakartegi baserria Amoroton, bestea Txakartegi basoa Ispasterren. Bi herriak mugakideak direnez, litekeena toponimo bakarra izatea eta ondoren hedatzea, agian lehenago baserri izena eta gero basoa.
Amorotoko baserriaren aipamenak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan, zaharrena 1704. urtekoa litzateke:
"Chacartegui [N, TO]
Chacartegui (la caseria de), Amoroto, a.1745, FogVizcayaMs.
Chacartegui (la cassa de), Amoroto, a.1704, FogVizcayaMs. -/Yzpaster, a.1704 ,
FogVizcayaMs.
Chacarttegui (la casa de), Amoroto, a.1796, FogVizcayaMs."
Txakarrenea toponimoan ikusi bezala, Txakarra izengoitia ezaguna zaigu Erdi Arotik, eta hori izan daiteke Txakartegi-ren oinarria.
Luis Maria Mujikak eman zuen analisia diferentea da, Crítica a las etimologías del “Diccionario de apellidos vascos” N. Narbarte izenburuko lanean:
"TXAKARTEGUI “Paraje pequeño”. Narbarte parte de una variante de txikar —pequeño—, esto es, de txakar B-m-mu. “menudo, muy pequeño”. Más bien, hay que interpretarlo como “lugar de chaparro, roble pequeño, breña” desde txapar, siendo Txakartegi variante probable de Txapartegi. Cfr. APV, 154".
Mujikaren etimologian beharrezkoa da aldaketa bat, Txapartegi > Txakartegi, baina aldaketaren beharra ez du azaltzen, ez du lekukorik ematen non aldaketa hori ematen den. Kontua izenik toponimoaren elementu guztiak ezagunak direla, oinarria Erdi Aroan ere agertzen zela, baita azken mendeetan ere, ahaztu gabe lehen aipatutako Txakarrenea toponimoa, baserri izen honetan, gainera, oinarrian elementu antroponimiko bat izatea normala litzateke. Beraz, Txakartegi toponimoan ere Txakarra hipokoristikoa izango zen, artikulurik gabe: Txakar + -tegi, cf. Telutegi toponimoa.

martes, 10 de julio de 2018

Txakarrenea toponimoa

Hondarribiko baserrien artean bazen Txakarrenea izenekoa. Informazioa Onomasticon 23: Hondarribiko toponimia liburukoa, 826. orr.:
"Txakarrenea
Kontzeptua: Baserria
Iturriak: 1787: chacarrenea B-2-II-1-1
1857: Chacarranéa Nomen. (42. or.)
1876: Chacarranea / Chacarrenea Reg. 14 (131. or.)
1893: Chancarrenea(?) Reg. 28 (208. or.)
1916: Chacarrenea D-7-1-8
1945: Chacarrenea Amil. (301. or.)
1986: Txakarrenea Ond. (155. or.)
1988: Zakarrenean Hon. 26 (2. or.)
1992: Txakarrenea Hon. 46 (17. or.)
Ebakera: 1992: Txakarrenia Sabino Larzabal
1992: Txakarrenia Domingo Olazabal
1992: Txakarrenia Jose Alkiza
1992: Txakarranea Ignacio Manterola
Kokagunea: 41.50.5
Oharrak: “camino carretil público de Chacarrenea” D-7-1-8. “desaparecidos o en ruinas” Por. VIII".
Toponimo eratorriak: Txakarreneko erreka eta Txakarreneko estrata, aip. lib. 827. orr.
Lekuko zaharrenak 200 urte baino gehiago baditu, dirudienez toponimoa oraindik analizatzeko egoeran dagoela. Blog honetako beste zenbait toponimo bezala, Txabalonia eta Tizunenea adibidez, hauek ere baserriak, oinarrian jabearen izena, antroponimoa aurkitu ahal da. Txakarrenea izenaren oinarria txakar litzateke, Erdi Aroko onomastikan izengoiti bezala agertzen dena, behin gutxienez:
Pedro de Birisquieta, dicho Chacarra, 106. agiria, 1514. urtekoa, Archivo Foral de Bizkaia. Sección Judicial. Documentación Medieval (1284-1520) liburuan.
Txakarra izengoitia Hondarribiko toponimoaren oinarria izan liteke, baina, zer zen Txakarra? Hiztegian bada txakar, eta sarrera honetan adierazten dute izengoitia bezala bazegoela Eibarren. Horretaz gain, bada zakar izenondoa, eta hori izan liteke txakar izengoitiaren jatorria, z- > tx- palatalizazio adierazkorraren bitartez.
Toponimo honetako hari guztiak ezagunak gertatu dira, hasi zakar izenondotik, jarraitu txakar izengoitiarekin eta bukatu Txakarrenea toponimoan.