sábado, 10 de julio de 2021

Matioena eta Matioenea toponimoak

 Matioena izeneko baserria Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzen dago. XVIII. mendeko lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Matioena [N, TO]
Mathioena (la casa de), Guerricaiz, a.1799, FogVizcayaMs.

Matioenecoa [N, TO]
Mattioenecoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.

Mationecoa [N, TO]
Mattionecoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.
Gipuzkoan ere badago baserri bat oso antzeko izena duena, Aizarnazabal herrian, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipuzcoa liburuan jasoa:
MATIOENEA (col.), Aizarnazabal
Lekukoek egitura bera dute, oinarrian Matio antroponimoa, Mateo ezagunagoaren aldaera, eta ondoren, etxe izenetan ohikoak diren -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak.

viernes, 9 de julio de 2021

Urrekasoro toponimoa

 Urrekasoro izeneko baserria dago Azpeitian, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

URRAKASORO (prop.), Odria ballara, Azpeitia
Lekuko gehiago izan gabe, zaila da jakitea Linazasorok ematen duen lekukoa "zuzendua" dagoen ala ez, jakinik horixe izango zela aldaera jatorrena; Urrekasoro aldaturik dago, u-a > u-e asimilazioa jasan du, gertaera automatikoa zenbait eremutan.
Toponimoak bi elementu ditu, nahiko argiak, nahiz eta aldaketa txiki bat gertatu. Azken elementua soro izen arrunta eta oinarrian Urraka antroponimo emakumezkoa:
Urraka
Urraca (gaztelania), Urraque (frantsesa), Urraca (ingelesa)
Sexua: emakumezkoa
Hipokoristikoa: Ez
Arautzea: batzordearen argitalpena

Erdi Aroan asko erabili zen izena. Nafarroako erregina bat baino gehiago deitu ziren honela. Besteak beste, Antso Gartzeitz erregearen ama aipa daiteke (IX. m.), zein larri zauriturik zegoela ebakuntza eginez erdi baitzen. 991. urtean aurkitu dugu lehen aldiz, Nafarroako Apardozen (Urraka Enecones).
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ere bada, 156 or.:
Urraka (Urra): Vrraca Galindonis, Urraka Enecones (Apardoze, 991, Leire, 12), Urracha Ortiz de Orcheien (1145, Leire, 321), Hurraca Periz (Mañeru, 1350, LPN, 374), Donna Vrraca de Bedia (Bilbo, 1464, Enríquez et al., 1996b, 56). Jungfer-ek (1902: 7) Urraca izena eta urraca espainol apelatiboa euskaratik hartuak direla uste du; Gorostiagak (1958: 59) Urraka-n urre eta –ka atzizki txikigarria daudela dio.

Gorago adierazi bezala, toponimoan aldaketa bat izan da, u-a > u-e asimilazioa gertatuko zen, aldaketa hau ohikoa da euskal lurraldeko hainbat eremutan.
Emakume izenetatik sortutako toponimoak ez dira asko, gizonezkoekin alderatuz, baina ez dira zailak aurkitzeko, Amata toponimoa bezala.

 Eguneraketa (2023-05-06):
Urrekazulo toponimoaren sarreran aipatua izan da *Urreka antroponimoaren ustezko izaera. Urrekasororako ere egokia izan liteke, baina horretarako lekuko zaharrak beharrezkoak dira. Zalantzarako geratzen da Urrakasoro lekukoa, jatorra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, beharbada izen hori "zuzendua" izan da, Urraka ezagunera hurbilduz.

Olarra eta Olarrain toponimoak

 Olarra toponimoan Bizkaian dago, Arantzazun biztanle-entitatea da eta Zeberion, baserri bat. Bi toponimoen lekuko zaharrak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:

Olarra [N, TO]
Olarra (la caseria de), Aranzazu, a.1745, FogVizcayaMs.
Olarra (la cassa de), Aranzazu, a.1704, FogVizcayaMs.
Olarra (otra casa en el mismo), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarra_Saldarian (la casa de), Ceberio, a.1798, FogVizcayaMs.
Olarrabeascoa (la casa de), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarragoicoa (la casa de), Aranzazu, a.1796, FogVizcayaMs.
Olarragoitia (la caseria de), Aranzazu, a.1745, FogVizcayaMs.
Olarragoti (la cassa de), Aranzazu, a.1704, FogVizcayaMs.

Olarrabe [N, NO]

Olarraue (P(edr)o de), Muxica, a.1641, FogVizcayaMs.
Olarrabe ere multzo horretan sartzekoa litzateke, lekuko horretan deitura bada ere, toponimo bat izan zen sorburu.
Olarrain toponimoa Gipuzkoakoa da, Tolosan hiri-auzoa da, eta badago Olarrainberri izeneko baserria. Zarautzen Olarrain izeneko tontorra dago.
Olarra eta Olarrain toponimoen oinarrian ola izena dago, bigarren elementua larra eta larrain izango lirateke. Beraz, bi toponimoetan haplologia delakoa gertatu da, bi silabak, oso antzekoak edo berdinak direnean batzen dira, bat geratuz, Ametzagaña toponimoan bezala. Horrela, ola + larra > *Olalarra > Olarra eta ola + larrain > *Olalalarrain > Olarrain.
Beharbada, Zarauzko toponimoa, tontor bat izanik, egitura konplexuagoa izan zezakeen: ola + larra- 'larre' + gain. Baina azkenean, berriro ere, haplologia gertatuko zen.

martes, 6 de julio de 2021

Urozperoeta toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, Aiako etxeen izenak zerrendaterakoan:

... Larrazpuru A, Orendain, Alzuru, Gorriarain A, Ayaldeburu, Urozperoeta, Izeta garaicoa, Izeta azpicoa...

Lekuko bakarra bada ere, nahiko ulergarria da, baina badu bere barrenean egitura kontraesankor bat, azaltzeko erraza ez dena.
Toponimoak lau elementu lituzke, ur + hotz + bero + -eta, guztiak batzerakoan Urozperoeta sortuko zen, arazorik gabe. Baina nola ulertu behar da toponimo beraren barruan hotz eta bero antonimoak izatea?
Hotz-bero hitz-elkartua bada Orotariko Euskal Hiztegian. Ziurrenik toponimo horretan ura izango zen, iturri bat edo erreka bat, baina, hori jakinik, nola uztartu bi izenlagun horiek, hotz eta bero? Beharbada, hipotesi bat egiteko, toponimo horretako uraren tenperaturan gorabehera handiak izan ohi ziren eta hortik izena?

Eguneraketa (2023-12-26):
Sarreran lekuko bakarra eman badugu ere, askoz gehiago daude, toponimok iraun zuelako eta deitura ere bihurtu zelako. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVI. mendearen bigarren erdian hasten dira deitura honen lekukoak:

Lekuko zaharrenetan ere aldaerak badira, Urezberoeta (1583) eta Urezperoeta (1584), bokal asimilazioagatik, o-e > e-e. Hala ere, zaharrenetan oraindik dago toponimoaren izena aldatu gabe eta horrek berretsiko luke sarreran emandako etimologia.

Belako antroponimoaz, laburpena

 Belako ez da oso antroponimo zabaldua euskal lurretan baina lekukoak badira, gutxi izan arren, Euskaltzaindiaren EODA orriko informazioa, Belako:

Belako.
Belaren Erdi Aroko hipokoristikoa. Arrigorriagako (Bizkaia) Santa Madalena elizan gordeta zegoen X. mendeko hilarri batean Belaco filius agertzen da. Aiarako (Araba) lehen jauna (XI. m.) Jaun Velaco deitzen zen.
Belako antroponimoaz sortutako toponimoak eta blog honetan aztertuak:

1. Belakarro toponimoa, Zaratamokoa. Belako antroponimoa eta arro izena, egitura berdintsua Beraskarro toponimoan.

2. Belakasoro toponimoa, Olaberrikoa.
*Belaka oinarria izan liteke edo, Beraskaburu toponimoan bezala, jatorrian *Belakosoro zegoen, baina horren lekukorik ez dago.

3. Belakorta toponimoa, Galdakao. Belako antroponimoa eta korta izena. Berasagasti toponimoan bezala, haplologia gerta zitekeen, eta antroponimoaren azken silaba eta kortaren hasierakoa batu ziren, bakarra geratuz.

4. Belakortu toponimoa, Berrizkoa (B). Belako antroponimoa eta ortu izena. Belakorta toponimoan bezala, haplologia gerta zitekeen.

5. Belakostegi toponimoa, Arrasatekoa. Belako antroponimoa eta estegi izena, beharbada.

6. Belakotegi toponimoa, Soraluzekoa (G). Belako antroponimoa eta -tegi atzizkia.

viernes, 2 de julio de 2021

Tendariarena toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa, Asteasuko etxe izenak zerrendatzerakoan agertutako izena da:

... Lizola Juan Martinez, Irareta, Sarasti, Urbieta, Idogarate, Tendariarena, Guruceaga, Icostu, Aramburu, Sarobe, Yeroa, Lizarraga. 38.
Toponimoak ez du zailtasun andirik, bukaera aldean daude -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak, baina oinarriko hitza ez dago hiztegietan, *tendari. Badago beste hitz, oso antzekoa dena, dendari ezagunaren aldaera litzateke, aldaketa bakarra hasierako herskaria litzateke, ahoskabea dena toponimoan. Dendari hitzak lekukotza zaharra du, Erdi Arotikoa. Baina Asteasuko toponimoarena, nola azaldu? Idazkerako akats bat izan liteke? Beharbada arkaismo bat, beste inon jaso ez zena? Aurreko toponimoaren azken silabaren eragina jasoa? Argi dago toponimoan dendari hitzaren aldaera bada, bakarrik dagoela. Beharbada toponimo honen lekuko zaharrak eskuratuz gero, erantzuna argiagoa izan liteke.

Mikiena toponimoa

 Mikiena baserria Gernika-Lumon dago eta Mikienalde toponimo eratorria basoa da.
Toponimoak aldaketa txiki bat behar du analisia egiteko, sudurkari disimilazioa gertatuko zen eta bietarik, azkena galduko zen, beraz: *Mikinena > Mikiena. Hala izanez gero, mikin + -(r)en + -a izango genuke. Mikin ez da oso hitz ezaguna, baina Orotariko Euskal Hiztegian jasoa da:

mikin.
(Lar, H (V, G; + mihikin)).
"Crítico, hablador afectado" Lar. "Cultísimo, txit mikina" Ib. "En général et litter., qui a de la langue, parle aisément; bavard; éloquent" H.
Sudurkari disimilazioa ez da fenomeno oso ohikoa baina toponimian ezagunak dira izen batzuk, Alamena eta Galaena toponimoak bezala, lehenago *Alamanena eta Galanena izango zirenak, azken kasua dokumentaturik dago, horregatik ez du izartxorik.