viernes, 9 de julio de 2021

Urrekasoro toponimoa

 Urrekasoro izeneko baserria dago Azpeitian, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

URRAKASORO (prop.), Odria ballara, Azpeitia
Lekuko gehiago izan gabe, zaila da jakitea Linazasorok ematen duen lekukoa "zuzendua" dagoen ala ez, jakinik horixe izango zela aldaera jatorrena; Urrekasoro aldaturik dago, u-a > u-e asimilazioa jasan du, gertaera automatikoa zenbait eremutan.
Toponimoak bi elementu ditu, nahiko argiak, nahiz eta aldaketa txiki bat gertatu. Azken elementua soro izen arrunta eta oinarrian Urraka antroponimo emakumezkoa:
Urraka
Urraca (gaztelania), Urraque (frantsesa), Urraca (ingelesa)
Sexua: emakumezkoa
Hipokoristikoa: Ez
Arautzea: batzordearen argitalpena

Erdi Aroan asko erabili zen izena. Nafarroako erregina bat baino gehiago deitu ziren honela. Besteak beste, Antso Gartzeitz erregearen ama aipa daiteke (IX. m.), zein larri zauriturik zegoela ebakuntza eginez erdi baitzen. 991. urtean aurkitu dugu lehen aldiz, Nafarroako Apardozen (Urraka Enecones).
P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan ere bada, 156 or.:
Urraka (Urra): Vrraca Galindonis, Urraka Enecones (Apardoze, 991, Leire, 12), Urracha Ortiz de Orcheien (1145, Leire, 321), Hurraca Periz (Mañeru, 1350, LPN, 374), Donna Vrraca de Bedia (Bilbo, 1464, Enríquez et al., 1996b, 56). Jungfer-ek (1902: 7) Urraca izena eta urraca espainol apelatiboa euskaratik hartuak direla uste du; Gorostiagak (1958: 59) Urraka-n urre eta –ka atzizki txikigarria daudela dio.

Gorago adierazi bezala, toponimoan aldaketa bat izan da, u-a > u-e asimilazioa gertatuko zen, aldaketa hau ohikoa da euskal lurraldeko hainbat eremutan.
Emakume izenetatik sortutako toponimoak ez dira asko, gizonezkoekin alderatuz, baina ez dira zailak aurkitzeko, Amata toponimoa bezala.

 Eguneraketa (2023-05-06):
Urrekazulo toponimoaren sarreran aipatua izan da *Urreka antroponimoaren ustezko izaera. Urrekasororako ere egokia izan liteke, baina horretarako lekuko zaharrak beharrezkoak dira. Zalantzarako geratzen da Urrakasoro lekukoa, jatorra izan daiteke, baina hori ez da ziurra, beharbada izen hori "zuzendua" izan da, Urraka ezagunera hurbilduz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario