martes, 10 de agosto de 2021

Inbidiaerreka toponimoa

 Inbidiaerreka Ataungo erreka baten izena da. Izen honen barruan dauden elementuak oso ezagunak dira, inbidia eta erreka. Baina Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) badago beste toponimo bat, bere aurrekaria izan daitekeena, Inbidia, 50. agirian, 1505. urtean: Pero de Ynbidia, casero.
Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Juan de Zumarragarena da, 1537. urtekoa: Inbidiak aurki esango bear ez tirean gauzaak. fJZ 98. Beraz, toponimo honek inbidia hitzaren lekukotza aurreratuko luke urte gutxi batzuk, 32 urte, hain zuzen.

Eguneraketa (2026-03-11):
Ataungo toponimia web gunean informazio gehiago dago, toponimoak han Enbidia izena du eta lekukotza handia du, baina ez sarreran eman zena baino zaharragoa:

Enbidia
Embidia: (= Em-bide-a). 1677 “Inbidia”. 1733 “Ynbidia”. 1733 “Embidia”.
    Izaera: aurkintza
    Kokalekua: Santiturri
    Erreferentzia: 20. karp. 020. zk. 7892 erreg.
[...]
Enbidiaerreka
Imbidi erreka: (= regata de Embidia). 1734 “Imbidierreca”. 1657 “Ymbidia erreca”.
    Izaera: erreka
    Kokalekua: Santiturri
    Erreferentzia: 20. karp. 042. zk. 7917 erreg.
[...]
Lekukoetan nabarmena da hasierako bokalak duen finkotasun urriak, batzuetan /e/ besteetan /i/. Bide batez, egileak egiten duen analisiak ez du funts handirik eta sarrerako inbidia hitza ongi egokitzen da, hitz honetan ere hasierako bokalean aldaketak daude.

Mizpirasagasti toponimoa

 Gipuzkoako toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Arokoa, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan aurkitua, 45. agirian, 1504. urtean dago Michel de Mizpirasagasti, Amezketako auzokoa. Toponimoak ez du zailtasun berezirik, Orotariko Euskal Hiztegian badago mizpira-sagar hitz elkartua:

MIZPIRA-SAGAR. "(B), variedad de manzana" A.
"Mizpire-sagarrondo, clase de manzana. Gure baratzean badugu mizpire-sagarrondoa" Izeta BHizt2.
Toponimoak erakusten du hitza aspalditik ezaguna dela, mizpira-sagasti hitzetik toponimoa sortua zen XVI. mendearen hasieran, hiztegiak jasotakoarena baino 400 urte lehenago.

sábado, 7 de agosto de 2021

Mendigindegi toponimoa

 Amezketan, XVI. mendearen hasieran bizi zirenen artean baziren Mendigindegi izena zeramaten bi gizon, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuan jasoak, 45. agirian, 1504. urtean: Michel de Mendiguindegui eta Pero de Mendiguindegui.
Toponimoak bi elementu lituzke, *mendigin eta -tegi, azken honen horzkaria ahostunduko zen oinarriko hitzaren sudurkariaren eraginez. Hitza ez da ezaguna, ez dago Orotariko Euskal Hiztegian, baina badago beste bat antzeko esanahia izango zuena, kontuan izanik *mendigin hitzaren elementuak, hitza basogin litzateke, oso lekukotza urrikoa:

basogin.
basogin. "Montero, cultivador de la selva (V-ger)" A Apend.
Basogin hitzean baso + -gin izango genukeen bezala, *mendigin hitzean mendi + -gin izango genuke. Horiek lirateke mendietan edo basoetan lan egiten ohi zutenak.
Mendigindegi toponimoaren bitartez, *mendigin hitz zahar galdua berreskuratzeko aukera izan dugu,baita toponimoa bera azaldu.

viernes, 6 de agosto de 2021

Abeta toponimoa

 Egun, Abeta toponimoaren ale batzuk badira Gipuzkoan. Azpeitian baserri baten izena da, Getarian ere baserria da. Eskoriatzan ordoki bat da eta, azkenik, Zizurkilen eta Ataunen tontor bana daude Abeta izena dutenak.
Ataungo izenaren lekuko oso zaharra dago Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 12. agirian, 1404. urtekoa dena:

...en los seles de Larrunça e de Osinyartua e de Lauztia e de Erasolaça e de Hurresua, el biejo, e de Hurresua, que es más ayuso, e de Abeta e de Gorostolaça e de Aldaquio, que son de partes de Ydiaçaual, e en Ayçartea, en los seles que llaman Aizpildi e en Cortachipia...

Toponimo hauek bi elementu izango lituzkete, oinarrian habe hitza, 'zuhaitz' ere izan daitekeena, bukaeran -eta atzizkia izango zen. Bi elementuak elkartzean gertatutako aldaketa bakarra izan da bi bokal berdinen fusioa: habe + -eta > *Habeeta > Abeta. Hasierako hasperenaz, ezin jakin toponimoa sortu zenerako oraindik bazen eremu horietan edo galdua.

Eguneraketa (2026-03-13):
Ataungo toponimia web gunean badago herri honetako Abeta toponimoaren informazio gehiago, guztira, zortzi toponimo daude oinarri hori dutenak, hemen lehenengo biak:

Abeta
Abeta: = abi-eta, el arandano. Año 1404, sel de Abeta. (D. 282). Año 1559, ” desde Arizateguieta varrena hasta la delgada de Abeta” (D. 482). Año 1721, sel de Abeta “el mojon principal…eminencia de la cumbre dos robledades de Abeta el primer mojon que linearon hacia Zuaga cearra;el segundo junto al camino de Aranzazumendi a la derecha yendo por el camino de Adaquio pº Idiazabal; el tercero hacia Gorostola y Lauspelz…el cuarto al lado de Ubelarayn” (D. Amojonamiento de seles).
Izaera: aurkintza
Kokalekua: Arizaindieta
Erreferentzia: 03. karp. 599. zk. 1404 erreg.

Abetabarrena
Abeta barrena: = contorno del redil. Se llama también Abeta barrena (=el lado inferior de Abeta). Año 1790 vivero de chirpia “en Abeta barrena (D. 214).
Izaera: aurkintza
Kokalekua: Arizaindieta
Erreferentzia: 03. karp. 565. zk. 10476 erreg.
Sarrerako lekuko zaharragorik ez dago, baina bai beste etimologia bat, ahabia + -eta. Hala ere, hori okerra litzateke, ziurrenik *Abieta sortuko zelako.

Aizpildi toponimoa

 Ataun inguruko toponimoen artean bazen Aizpildi izeneko basoa, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 12. agirian, 1404. urtean:

...en los seles de Larrunça e de Osinyartua e de Lauztia e de Erasolaça e de Hurresua, el biejo, e de Hurresua, que es más ayuso, e de Abeta e de Gorostolaça e de Aldaquio, que son de partes de Ydiaçaual, e en Ayçartea, en los seles que llaman Aizpildi e en Cortachipia...
Toponimoak bi elementu lituzke, *haizpil eta -di atzizkia. Ziurrenik *haizpil hitza haitz + *bil da, azken hau 'borobil' litzateke, eta *bil erreduplikatuz biribil ezaguna sortuko zen. Gutxitan agertzen da *bil, toponimian ale gutxi batzuk badira, Mendibil bezala, mendi + *bil dena.
Beharbada inoiz izan da *haizpil izen arrunta. Egun, badira hitz hori duten bi toponimo Aizpillaundi eta Aizpiltxiki, Oñatin. Beraz, Aizpildi toponimotik ez urrun.

martes, 3 de agosto de 2021

Kalizmendi toponimoa

 Toponimo hau behin bakarrik aurkitu dugu, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 45. agirian, 1504. urtean: Michel de Calizmendi
Amezketako bizilaguna zen, Ataundik hurbil eta, beraz, toponimoa inguru horretakoa litzateke. Nahiz eta lekuko bakarra izan, izena aski argia da, bi elementu izango lituzke, kaliza izena eta mendi. Ezin jakin izendapenaren arrazoia, beharbada mendiak kaliza baten antza zuen, baina hori ez litzateke interpretazio bakarra.
Ez da lehenengo aldiz blog honetan erlijio hitzak toponimian daudela, Kulpitua eta Kurpitugaña toponimoetan pulpitu hitza dagoelako.
Toponimoaren bi elementuak batzerakoan aldaketa bakarra gertatuko zen, oinarriko azken silabaren bokala galdu zen elkarketa egitean: kaliz- 'kaliza' + mendi > Kalizmendi. Hau fenomeno ohikoa da, hiru silabako hitzekin; adibidez, itsasgizon hitzaren itsas- 'itsaso' + gizon egitura.
Sarrera honetan eman den azalpena zuzena bada, kaliza hitzaren lehenengo agerpena mende bat baino gehiago aurreratuko litzateke, Orotariko Euskal Hiztegian dagoena 1627. urtekoa delako, Etxeberri Ziburukoaren Erakusten du Hostia berriz kaliz gañetik, Manual debotinezkoa II, 49.

Atxitxin toponimoa

 Toponimo galdu hau Arrasatekoa zen eta dauden lekukoak Arrasateko toponimia liburutik jaso dira, 219. or.:

 Toponimoaren lekukotzak bi mende iraun zituen eta hiru lekuko utzi zituen, guztiak berdinak. Beraz, analizatzeko izen bakarra dago, Atxitxin. Toponimoak bi elementu lituzke, atx 'haitz' eta etzin 'etzan'. Oso toponimo antzekoa Arretxinaga litzateke, baina honetan harri izango zen oinarria. Bi toponimoetan harri edo haitz bat etzanik geratuko zen eta horrek aipagarri bihurtuko zuen.
Toponimoaren bi elementuak batzerakoan aldaketa batzuk gertatuko ziren, biak asimilazioak, batetik bokalena: e-i > i-i, bestetik afrikatuena: tx-tz > tx-tx. Beharbada etzan-en aldaeren artean inoiz izan da *itxin, baina horren lekukorik ez dago eta, beraz, etzin aldaera ezaguna izango zen bigarren elementua.