viernes, 20 de agosto de 2021

Garaunaga eta Garauntza toponimoak

 Garauntza da Izurtzako baserri bat. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina, hala ere, etimologia ematea ez litzateke zaila izango, toponimoak aldaketarik jaso ez badu, behintzat. Oinarrian garaun hitza izango litzateke, garau hedatuagoaren aldaera eta ondoren -tza atzizkia.
Garaunaga toponimoa, aldiz, bestelakoa da, ez dago egungo lekukorik, baina badago bat, oso zaharra, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuan, 30. agirian, 1426. urtean, Martin Yvannes de Garaunaga, mercadero.
Toponimoak bi elementu izan zitzakeen, garaun izena eta -aga atzizkia. Garaun da garau hedatuagoaren aldaera, Bizkaiko euskararen aldaera, zehatzago. Beraz, aldaera dialektala eta toponimoaren kokapena bat datoz, eta horrek etimologiaren ziurtasuna areagotzen du.
Garau hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Landucciren hiztegikoa litzateke, 1562. urtekoa, krau aldaerarekin. Baina garaun aldaera, ez da agertzen XIX. mende bukaera arte, Harrieten hiztegian. Beraz, Garaunaga toponimoak garau hitzaren lekuko zaharrena 136 urtez aurreratuko luke, eta garaun aldaeran 450 urte inguru.
Beste aukera bat izan liteke, garai + (g)un(e) + -aga egitura izatea. Tartean *Garaiunaga izango genuke eta ondoren bokalarteko /i/ galduko zen, Ibaeta toponimoan bezala. Garauntza toponimoan atzizkia -aga izan beharrean, -tza izango litzateke. Baina, jakinik Bizkaian garaun erabiltzen dela eta bi toponimoak Bizkaikoak direla, ziurrenik garaun izenarekin eratorriak izan daitezke. Gainera, alde formaletik oztoporik ez dagoen bezala, alde semantikoan ere ez litzateke arazorik izango.

Gutun hitza

 Gutun hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Leizarraga da, 1571. urteko Are hetarik guthunak anaietara harturik, Damaszerat ioaiten ninzén. "Lettres adressantes aux frères". Lç Act 22, 5.
Baina Erdi Aroko bi lekuko daude, XV. mendearen hasierakoak, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuan, biak 27. agirikoak, 1416. urtekoak: Pero Martines Gutuna eta Joan Gutuna.
Dirudienez, izengoitiak izan zitezkeen, baina izendapenaren arrazoia ezezaguna da. Ziortza inguruko bi lekuko horiek gutun hitzaren agerpena aurretuko lukete 150 urte baino gehiago.

martes, 17 de agosto de 2021

Tellauri toponimoa

 Bizkaiko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan dagoena:

Tellauri [N, NO]
Tellavri (M(art)in de), Maruri, a.1641, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra bada ere, dauden bi elementuak oso arruntak dira, teila eta huri. Hala ere, bada nabarmentzeko bat, huri izena, hiri zabalduagoaren sartaldeko aldaera. Egungo hiri eta Erdi Arokoa ez dira berdinak, egungo baserri izenetik hurbilago zegoen. Beharbada toponimo honetatik hurbilen dagoena Tellaetxe izena litzateke, aipatutako liburuan ere dagoena:
Tellaechea [N, TO]
Tellaeche (barrio de) (Mesperuza y), Baracaldo, a.1704, FogVizcayaMs.
Tellaeche (el molino de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs. -/Buturia, a.1704, FogVizcayaMs.
Tellaeche (la cassa de), Arraçua, a.1704, FogVizcayaMs. -/Elorrio, a.1641, FogVizcayaMs.
Tellaeche (la cassa de) [Aulestia (puebla de)], Murelaga, a.1704, FogVizcayaMs.
Tellaeche (la torre de), Axpe de Busturia, a.1796, FogVizcayaMs.
Tellaechea (la casa de), Busturia (San_Andres_de_Axpe de), a.1641, FogVizcayaMs.
Tellaechea (la caseria de), Arraçua, a.1641, FogVizcayaMs....

Tellechea [N, TO]
Tellechea (la cassa de), Aulestia, a.1641, FogVizcayaMs.
Thelleche (barrio de), Deusto, a.1704, FogVizcayaMs.
Thelleche (la caseria de), Arrazua, a.1745, FogVizcayaMs.
Telleche_Vecoa (la casa de) [Sangroniz (varrio de)], Lujua, a.1704, FogVizcayaMs.
Tellecheuecoa (la casa de), Arrazua, a.1796, FogVizcayaMs.
Telleche_Goycoa (la casa de) [Sangroniz (varrio de)], Lujua, a.1704, FogVizcayaMs.
Tellechegoitia (la casa de), Arrazua, a.1796, FogVizcayaMs.
Garai batean teilaz eginiko etxeak ez ziren ohikoak izango eta horrela, izenean bertan aipatuak ziren, antzekoa gertatuko zen Arruriaga toponimoarekin, harriz eginiko etxeak arruntak ez zirelako. Huri izenaren beste lekuko batean ere antzematen da erabilera zaharra bazela, Labauria toponimoa, etxe bat zena eta ez hiri bat.

Fauria toponimoa

 Lumoko toponimo honetaz bi lekuko daude, XVIII. mende hasierakoak, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan jasoak, biak:

Fauria [N, TO]
Fauria (la cassa de), Luno, a.1704, FogVizcayaMs.

Fauria [N, NO]
Fauria (Pedro Hortiz de) [Fauria (la cassa de) (pr.n.res)], Luno, a.1704, FogVizcayaMs.
Toponimoak bi elementu lituzke, artikulua zenbatu gabe, Fao toponimoa eta huri izena, hiri hedatuagoaren sartaldeko aldaera; azken honek ez zuen egun duen esanahia izango eta ziurrenik 'baserri' adieraziko zuen, toponimoaren lekukoetan gaztelaniaz casa izendatzen dute.
Fao, erdaraz Fano, Bizkaiko toponimoa da, Gorlizko hiri-auzoa, eta aipatutako liburuan ere agertzen da:
Fano [N, TO]
Fano (la casilla de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Fano (la cassa de) [Ybarra (uarrio de)], Gorliz, a.1704, FogVizcayaMs.
Fano (uarrio de), Erandio, a.1876, FogVizcayaMs.
Fano_Azecoa (la caseria de), Gorliz, a.1745, FogVizcayaMs.
Fano_Aurrecoa (la casa de) [Fano (uarrio de)], Erandio, a.1876, FogVizcayaMs.
Fano_Aurrecoechea (la casa de), Erandio, a.1704, FogVizcayaMs.
Fano_Aurrecoechea (la caseria de) [Asticas y Fano (varrio de)], Erandio, a.1745,
FogVizcayaMs.
Fano_Delantera (la casa de) [Ybarra (varrio de)], Gorliz, a.1876, FogVizcayaMs.
Fano_Delantera (la caseria de), Gorliz, a.1745, FogVizcayaMs.
Fano_Delantera (la cassa de) [Ybarra (uarrio de)], Gorliz, a.1704, FogVizcayaMs.
Fano_Ostecoa (la casa de) [Fano (uarrio de)], Erandio, a.1876, FogVizcayaMs.
Fano_Trasera (la casa de) [Ybarra (varrio de)], Gorliz, a.1876, FogVizcayaMs.
Toponimo honetan agerikoa da euskal eta erdal aldaeren arteko diferentzia nabarmenetako bat, bokalarteko sudurkaria, gaztelaniazkoan gorde da eta euskarazkoa galdu da. Toponimoak historia luzea du, latin jatorrikoa delako. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan Fao/Fano aipatzen du:
245. — fanum (lat.) «templo, lugar sagrado»: Fano, que es el nombre de un barrio de Erandio, Vizc. (R. Menéndez Pidal, Oríg., 223). Si ha existido alguna forma popular con pérdida de la nasal intervocálica, no me es conocida. Pero P. de Zabala me señala que el top. Faustea, caserío de Abadiano (Vizc.), puede muy bien ser *Fa(n)u ostea.
Fauria izenean ere ez da ezagutzen sudurkaridun aldaerarik eta horrela argi geratzen da Fao ere izan zela.

sábado, 14 de agosto de 2021

Kapagiñenea eta Kapaginerreka toponimoak

 Kapagiñenea izeneko baserria Elduainen dago, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

KAPAGIÑARENA (KAPAINENEA) (prop.)
Horretaz gain badago Kapaginerreka, Urola ibaiaren erreka baten izena.
Bi toponimo hauetako oinarrian kapagin hitza dago, Kapagindegi toponimoan dagoen hitz bera. Hitz honetaz informazio gehiago dago aipatutako beste toponimoaren sarreran.
Geratzen da azaltzeko bi toponimoen bukaera aldean dagoena, baserri izenean -(r)en + -a, jabetza adieraztekoa, etxe izenetan oso ohikoak. Bestean erreka hitz ezaguna dago.
Kapagin hitza ezaguna da XVI. mende hasieratik, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuko 52. agirian, 1507. urtean agertzen da Juan Capaguin. Kontuan izanik kapagin, Orotariko Euskal Hiztegiaren lehenengo lekukoa 1745. urtekoa dela, Ataungo lekuko honek 238 urte aurreratuko luke kapagin hitzaren agerpena.

viernes, 13 de agosto de 2021

Dorala toponimoa

 Erdi Aroko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 8. agirian dago, 1399. urtekoa dena:

Sancho Dorala, fixo de Juan Martínez
Hitza ez da erraza analizatzeko, gainera lekuko bakarra denez, ezin ziurtatu akats bat gertatu ez denik eta izena aldaturik heldu zaigula. Dena den, ez da uste den bezain iluna, aldaketa txiki bat eginez gero. Lehenago, d- hasiera duten euskal hitzak gutxi dira, behintzat zaharrak direnak. Azken mendeetan kopuru handia sartu da, maileguen bitartez, baina izen hau zaharra da eta toponimian dago, eta horrek mugatzen du hitzen kopurua. Toponimoan euskal hitz zahar bat dago, dolare. Honek aldaera batzuk baditu, tartean dolara, horren bilakaera berdina da lora sartaldeko hitzean gertatutakoa, bukaera berranalizatuko zen eta lore > lora gertatuko zen.
Beraz dolara > dorala aldaketa gertatuko zen, metatesi bat: l-r > r-l. Dolare hitzaren aldaeren artean ez da jasotzen, beharbada toponimoa sortu ondoren gertatu zen aldaketa.

Otadizelai toponimoa

 Ataungo toponimo zaharren artean bazen Otadizelai izenekoa. Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) izeneko liburuan agertzen dira toponimo honen hainbat lekuko zahar. Lehenengoak hauek lirateke, 11. agirian, 1404. urtean, Martín de Otadiçelay; 21. agirian eta 22. agirian, biak 1428. urtekoak, Juan de Otadiçelay; 23. agirian, 1430. urtean, Juan de Otadiçelay.
Beraz, nabarmena da toponimo hau behin eta berriz agertzen dela agiri zaharrenetan.
Toponimoak bi elementu lituzke, otadi eta zelai. Lehenengoa hitz eratorria litzateke, ota- 'ote' + -di > otadi.
Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa Larramendiren hiztegikoa da, 1745. urtekoa. Beraz, Ataungo toponimoaren lekukoek data hau aurreratuko lukete 341 urte.