Garauntza da Izurtzako baserri bat. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina, hala ere, etimologia ematea ez litzateke zaila izango, toponimoak aldaketarik jaso ez badu, behintzat. Oinarrian garaun hitza izango litzateke, garau hedatuagoaren aldaera eta ondoren -tza atzizkia.
Garaunaga toponimoa, aldiz, bestelakoa da, ez dago egungo lekukorik, baina badago bat, oso zaharra, La Colegiata de Santa María de Cenarruza 1353-1515 liburuan, 30. agirian, 1426. urtean, Martin Yvannes de Garaunaga, mercadero.
Toponimoak bi elementu izan zitzakeen, garaun izena eta -aga atzizkia. Garaun da garau hedatuagoaren aldaera, Bizkaiko euskararen aldaera, zehatzago. Beraz, aldaera dialektala eta toponimoaren kokapena bat datoz, eta horrek etimologiaren ziurtasuna areagotzen du.
Garau hitzaren lehenengo lekukoa, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, Landucciren hiztegikoa litzateke, 1562. urtekoa, krau aldaerarekin. Baina garaun aldaera, ez da agertzen XIX. mende bukaera arte, Harrieten hiztegian. Beraz, Garaunaga toponimoak garau hitzaren lekuko zaharrena 136 urtez aurreratuko luke, eta garaun aldaeran 450 urte inguru.
Beste aukera bat izan liteke, garai + (g)un(e) + -aga egitura izatea. Tartean *Garaiunaga izango genuke eta ondoren bokalarteko /i/ galduko zen, Ibaeta toponimoan bezala. Garauntza toponimoan atzizkia -aga izan beharrean, -tza izango litzateke. Baina, jakinik Bizkaian garaun erabiltzen dela eta bi toponimoak Bizkaikoak direla, ziurrenik garaun izenarekin eratorriak izan daitezke. Gainera, alde formaletik oztoporik ez dagoen bezala, alde semantikoan ere ez litzateke arazorik izango.
viernes, 20 de agosto de 2021
Garaunaga eta Garauntza toponimoak
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario