sábado, 5 de diciembre de 2020

Arruriaga toponimoa

 Arruriaga izeneko kalea bada Bergaran.
Bergarako artxiboa webgunearen arabera, Arruriaga toponimoak bizitza luzea izan du, XVI. mendearen bukaeratik, gutxienez. Aldaketarik ere ez da nabaritzen aurkitutako lekukoetan eta, beraz, Arruriaga da analizatzeko hitza.
Arruriaga izenak ez du zailtasun handirik, har- 'harri' + huri + -aga delako, aldaketa beharrik gabe. Baina alde semantikoan badu aipatzekoa den huri izenaren esanahia. Huri da hiri ezagunaren sartaldeko aldaera, egun herri handiei hiri izena ematen zaie eta, beraz, Euskal Herrian hiri gutxi daude. Baina toponimian hiri/huri ugari daude, batez ere azken aldaerakoak: Enekuri, Obekuri eta beste asko. Aldaketa semantiko handia gertatu da, ondoko erdaretan gertatu zenaren berdintsua, garai batean villa zen landa eremuko etxe bat, baserri moduko bat, baina mendeak igaro eta villa erabilia izan zen herriak izendatzeko, egungo euskaraz hiribildu izena hartu dutenak. Arruriaga bezalako izen bat ez da azkeneko multzo horretan sartzekoa, izenean aipatuko zena eraikin bat izango zelako, harriz egindakoa eta horrek nabarmen bihurtu zuelako, garai hartan etxe gehienek egurrez eginak izango zirelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario