2025(e)ko abuztuaren 4(a), astelehena

Miskingoa toponimoa

 Miskingoa da Oñatiko baserri bat. XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

MISKINGOA (desh.) Uribarri auzoa, Oñati
Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran artikulua, aurrerago -ko atzizkia, sudurkari atzean egoteagatik herskaria ahostundu da eta azkenik, oinarrian mizkin hitza dago, beharbada izengoitiaren erabileran. Etxe izenetan ohikoa da -(r)en erabiltzea baina euskararen eremu batean -ko ere agertzen da, Estebangoa toponimoan bezala.

2025(e)ko abuztuaren 1(a), ostirala

Mizkia toponimoa

 Mizkia da Mutrikuko toponimo bat, auzo sakabanatu, barreiatu bat izendatzeko. Toponimo eratorriak daude, Mizkiagoikoa etxea, Mizkiabekoa baserria, Olazarra-Mizkia jauregia eta, azkenik, Mizkiamendi tontorra, Bizkaiko Berriatuan ere dagoena.
XX. mendeko lekukoak daude Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:

MIZKIA BALLARA, Mutriku
MIZKIA BEKUA (col.) Mizkia ballara, Mutriku
MIZKIA GOIKUA (en ruinas, por incendio, 1969) Mizkia ballara, Mutriku
Toponimoa deitura bihurtu zen eta bikaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen erditik lekukoak daude, Mutrikuko herrikoak eta, beraz, aztergai den toponimoarekin lotu ahal dira:

Toponimo honek gogorarazten du Arabako izen bat, Mezkia herria, lekuko zaharrenean Mizkina (1025). Jakinik, Arabako izenean bokalarteko sudurkaria galdu zela, berdina gerta liteke Gipuzkoako toponimoarekin: *Mizkina > Mizkia. Bi toponimoen jatorria mizkin hitzean dago, beraz. Azkenean, bi toponimoek bilakaera bera izan zuten, ezberdintasuna azalekoa da, hasierako bokalari dagokio.

2025(e)ko uztailaren 29(a), asteartea

Mezkiturri-Mizkiniturri toponimoa

 Arabako toponimo hori bi lekukoz ezaguna da, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkituak:

MESQUITURRI, 1625, término de Munain.
MIZQUINITURRI, 1719, labrantío de Munain.
Interesgarriak dira bi lekukoak, normalean izen osoena zaharragoa izan ohi da baina oraingoan ez da gertatu. Badirudi XVIII. mendeko lekukoa berreraikia dela eta horrek erakuts lezake toponimoaren elementuen gaineko ezagutza bazela. Toponimoaren bukaeran iturri hitza dago baina oinarrikoa da interesgarriena, Mezkia herria ondoan dagoelako. Euskal lurraldeko beste herri batean egonez gero, mizkin hitza proposatuko genuke, baina lotura Mezkia herri izenarekin egin beharra dago. Herri honek aspaldian Mizkina izena izan zuen duela mila urte eta gero sudurkaria galdu zen, bilakaera ohikoa euskaraz eta, hau gutxitan gertatzen da, erdarazko izenera ere zabaldu zen, gaztelaniaz Mezquía delako. Beharbada toponimo zaharra sortu zenean herri izenak galdua zuen bokalarteko sudurkaria eta Mezkiturri izena hartu zuen. Hurrengo mendean mizkin hitzaren eraginez toponimoa berregin zuten, hasierako silabaren bokala aldatuz?
Laburbilduz, ziurrenik jatorrian Mezkia herri izena eta iturri ditugu eta ondoren aldatu zen mizkin izenagatik. Dena den bi lekuko baino ez dira eta eskura dauden datuekin hori da egin daitekeen analisi bat, agian ez bakarra.

2025(e)ko uztailaren 24(a), osteguna

Mezkintxo toponimoa

 Mezkintxo da Zalduondoko tontor bat. Lekuko zaharrena XVII. mendekoa da, Mezquicho, urterik gabe. Aldaera hori berriz agertzen da hurrengo lekukoan, XIX. mendekoa, Mezquicho (1830). Ondorengoetan Mezkintxo dago eta zalantza sortzen da, Mezkitxo hori akatsa da ala izen zaharra? Egungo izenak analisi erraza izan dezake, bukaeran -txo atzizki txikigarria eta oinarrirako bi aukera daude, mizkin hitza edo Mezkia herria, oso hurbil dagoena. Arazoak daude, bata ala bestea aukeratzeko. Litekeena da lotura izatea Mezkia toponimoarekin baina orduan bitxia da -txo atzizkia jasotzea, tontor bat delako. Beste arazoa da geroko Mezkintxo izenaren bigarren silabako sudurkaria, beharbada aurreko lekukoetan bazen baina islatu gabe geratu zen, bestela ahoskeran aldaketa bat izan zen, agian mizkin hitzaren eraginez?
Lekuko zahar gehiago beharrezkoak dira, dirudienez, Mezkia herri izenetik sortuko zen baina gero mizkin izenaren eragina izan zezakeen.

2025(e)ko uztailaren 21(a), astelehena

Miskina toponimoa

 Miskina da Barrundia udalerriko soro bat, Araban. Lekukotza ez da zaharra, lehenengoak XX. mende bukaerakoak direlako, izenak ez du aldaerarik eta, beraz, izen bakarra dago analizatzeko. Euskaraz bada ongi egokitzen zaion hitz bat, mizkin, eta bukaerako bokala artikulua izan daiteke. Hitz hori lurrari buruzkoa izan daiteke, edo lur hori landu zuenaren izengoitia. Gainera, ez da ahaztu behar Araban bertan Mezkia herria dagoela, lekuko zaharrenetan Mizkina izena zuela. Baina aspalditik galdu zen bukaerako silaban sudurkaria eta horregatik, askoz zailagoa litzateke soro batek horrelako izena hartzea. Azkenik, mezquino hitza gaztelaniaz ere ezaguna da, baina udalerri hori euskalduna izan da berriki arte eta orduan izena hurbilago izango zen erdal hitzetik, hau da, *Mezquina sortu beharko zen. Erdal hitzarekiko ezberdintasunek salatzen dute bere jatorria euskaraz izango zela, ziurrenik.

2025(e)ko uztailaren 18(a), ostirala

Mauritegi toponimoa

 Mauritegi bi aldiz agertzen da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Arrasateko agirien artean bataio agiri bat dago:

Agiria 1547. urtekoa eta han semearen izena agertzen da, Martin Mauritegui Mendibe eta baita bere aitarena ere, Andres Martinez Mauritegui. Mauritegi hori toponimoa izango zen, ziurrenik etxe baten izena baina lekuko gehiagorik ez dagoenez, ezin jakin non zegoen baina beharbada Arrasate ingurukoa zen, nahiz eta hori ere ziurra ez izan.
Toponimoaren analisi etimologikoa erraza da, bi elementuz osaturik dago, bukaeran -tegi, oso atzizki ohikoa etxe izenetan eta oinarrian antroponimo bat, Mauri, latin jatorrikoa. Antroponimo honetan informazio gehiago Mauri toponimoaren sarreran.

2025(e)ko uztailaren 14(a), astelehena

Mauri toponimoa

Lizarrako toponimo zaharren artean bazen Mauri, XIII. mendeko lekuko bakar baten bitartez ezaguna. Toponimoaren dokumentazioa José María Jimeno Jurioren Estella/Lizarra. Toponimia lanekoa da, 150. or.:

 Toponimoak ez du zailtasunik, antroponimo huts bat dagoelako, Mauri, latin jatorrikoa eta blog honetan toponimo eratorri bat aztertu zen, Maurizeta, Getxokoa.
Mauri oso aspaldian erabili zen, duela mila urte, San Juan de la Peña monasterioko agirien artean agertzen da jaun mauri blascoz de bosturia, bizkaitarra. Agiri berean dago sanxo mauriz de bosturia, Mauriz patronimikoa duela.
Beraz, Mauri antroponimoaren lekuko urriei bere bat gehitzekoa da, Mauri toponimoa, Nafarroakoa.