martes, 29 de junio de 2021

Gurpide toponimoa

 Gurpide toponimoa behin eta berriz agertzen da sartaldeko eremuan, Urduñan erreka-zulo bat da, Laudion baserri bat, Kuartangon aurkintza bat, Legution eta Zigoitian aurkintza bat eta, azkenik, Arabako Arana herrian aurkintza bat.
Toponimo gehienak Arabakoak dira, Urduñakoa izan ezik, baina hau Arabako lurraldearen ondoan dago. Hala ere, Bizkaian ere bazen, XVII. eta XVIII. mendeetako lekukoek erakusten duten bezala, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburutik jasoak:

Gurpidea [N, TO]
Gurpidea (la cassa de), Marquina, a.1704, FogVizcayaMs.

Gurpidea [N, NO]
Gurpidea (Joseph de) [Maguna_Gurpidea (la cassa de)] [Guernica (auezindada a)], Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Gurpidea (Juan de), Guerricaiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Gurpidea (Juan de) [Totorica_Gurpidea (la cassa de)], Guerricaiz, a.1704, FogVizcayaMs.
Gurpide Armaola (Marttin de) [Gurpidea (la cassa de) (pr.n.res)], Marquina, a.1704, FogVizcayaMs.

Gurpidi [N, TO]
Gurpidi (la casa de), Guerricaiz, a.1641, FogVizcayaMs.
Azken lekuko honek hutsa izan behar du, kontuan izanik beste lekukoak, eta baita toponimoaren eimologia ere. Beharbada, idazkera arazoa ez bazen, Gurpidea > Gurpidia bokal asimilazioa izan zen eta ondoren artikulua kenduz, Gurpidi izango zen. Baina ez dago *Gurpidia bezalakorik beste lekukoetan.
Toponimoak ez du zailtasunik, gurpide hitza hiztegietan dagoelako, gurdibide sarreran dagoena. Hitzaren egitura erraz antzematen da, gurt- 'gurdi' + bide > gurpide.
Orotariko Euskal Hiztegiaren lekukoetan nabarmena da gurpide hitzak duen leku urriaz, sarrera nagusia gurdibide da eta lekukoetan behin baino ez dago gurpide, Plazido Mujikaren hiztegian. Beste lekuko gehienetan gurdibide dago, behin burpide aldaera. Horrek erakusten du hemen aurkeztutako toponimoak arkaismoak direla, euskaran, aspalditik, ez da gurpide hitz arrunta erabili. Hitz hori ordezkatu zuen gurdibide hitz elkartu berreraikiak, XVIII. mendean ere, Kardaberatzen lekukoa garai hartakoa delako.

Paderisukoa toponimoa

 Gerrikaizko etxeen artean bazen XVIII. mendearen bukaeran Paderisukoa izena zuena. Hiru lekuko heldu dira eta guztiak Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan daude:

Paderisucoa [N, TO]
Paderisucoa (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.

Paderusucoa [N, TO]

Paderusucua (la casa de), Guerricaiz, a.1796, FogVizcayaMs.

Paredisucoa [N, TO]
Paredisucoa (la casa de) [Goyencalle (calle de)], Guerricaiz, a.1799, FogVizcayaMs.
Hiru lekuko dira eta hirurak ezberdinak, batean bokal asimilazioa gertatu da, i-u > u-u, eta azken lekukoan metatesia izan da: d-r > r-d. Aldaketa hauek ulergarriak dira, hitzaren luzeak lagunduak. Oinarrian paradisu hitza badago, eta Orotariko Euskal Hiztegian aldaera ugari daude, paradisu, parabisu, padarisu... Baina ez dago /e/ bokala duen aldaerarik, toponimoaren lekuko guztietan dagoena. Beharbada aldaera hau, *paderisu, ez zen heldu testuetara.
Ez da batere ohikoa paradisu bezalako hitz bat toponimian aurkitzea, baina adibide bat, behintzat, bada, euskal toponimoen artean.

viernes, 25 de junio de 2021

Martizkonea toponimoa

 Martizko Lezoko baserri bat da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

MARTIZKONEA (prop.)
Toponimoaren lekuko zaharrik ez izateak analisia zailago egin dezake, baina oraindik ere nahiko egitura argia du, oinarrian *Martizko hipokoristiko ezezaguna eta ondoren -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak. Nahiz eta hipokoristiko hori ez izan, badago beste bat oso antzekoa dena, aldaketa txiki batekin, Martisko, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan erakutsia, 185. or.:
Martisko, Martixko (Marti-tik; Martixa-tik ere abia gintezke, apika. Honela izatekotz atzizkia –ko hutsa dela pentsatu behar genuke. Kontuan har Matxis ere bazela, eta aztergai dugun oinarrian *Martis + -ko ere egon daitekeela. Cf. Perus / Peruste): Martisco de Ardos (Oiar.al., 1475, C. & C. & G., 1997, 62, 35. or.), Martisco de Arcos, Martisco de Asme (Oiar.al., 1490, ibid., 81, 99. or.), Martisco de Villaviciosa (Pasaia, 1556, Elortegi, 1992: 45), Martixco (Zier., 1970: 365).
Antroponimo honen analisirako aukerak badaude, baina eratorri kopuruaren aldetik, Marti + -sko izan daiteke egokiena. Dena den, badago ezberdintasun txiki bat, frikaria. Ziurtasun gehiago izateko toponimoaren lekuko zaharragoak beharrezkoak lirateke, baina beharbada hiperzuzenketaz gertatutako aldaketa genuke. Ezaguna da herskari aurrean frikarien neutralizazioa errazagoa dela eta hori buruan izanik, hiztunek *Martiskonea jatorrena zena aldatutzat hartu eta 'zuzendu' zuten Martizkonea sortuz. Badira beste aukera batzuk, bai honek ederki azaltzen du gertaturiko aldaketa.
Marti antroponimoaren eratorriekin sortutako hipokoristikoak ez dira gutxi eta blog honetan batzuk aztertuak izan dira, Martiku eta Martikuena toponimoak bezala.

Martitenea toponimoa

 Martitenea izeneko etxea Mendaron dago, Gipuzkoan.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

MARTITENEA (TXURRUKA) (prop.)
Toponimoaren lekukotza ez da handia, baina toponimoa aldatu ez bada ez luke arazorik analizatzeko, oinarrian *Martite hipokoristiko ezezaguna eta ondoren -(r)en + -a, jabetza adieraztekoak.
*Martite antroponimoaren oinarria Marti 'Martin' izango zen, ondoren -te atzizkia jaso duena. Ez da hau oso atzizki ohikoa, baina A. Irigoienen De re philologica linguae uasconicae V izenburuko liburuko Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vascónica lanean badira adibide batzuk, 8. eta 9. orrialdeetan: Domikute, Itxuste, Otxote, Santxote eta Matxikote. Batzuetan -ote atzizkia izan liteke, Otxote eta Santxote bezalako izenetan. Itxuste ere zalantzazkoa da, atzizkia -te izan daiteke, edo -ste. Baina Domikute adibide egokia izan daiteke, Domiku PI + -te atzizkia delako.
Blog honetan izan dira Marti antroponimoaz osatutako hipokoristikoak aztergai, esaterako, Martiku eta Martikuena toponimoak, Martiko oinarrian izango zutenak.

martes, 22 de junio de 2021

Letaindi toponimoa

 Letaindi Gipuzkoako Partzuergo Nagusiko aurkintza bat da. Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoak azalpen erraza du, jakinik aldaketa arrunt bat jasan duela.
Toponimoak bi elementu lituzke, letagin izena eta -di atzizkia, baina arazo txiki bat dago, toponimoa nola ulertu ahal da? Beharbada letagin baten itxurako elementuak zeuden leku horretan, haitz batzuk beharbada, bestela, benetako letaginak erabiltzea leku bat izendatzeko, zaila ematen du.
Toponimoan gertaturiko aldaketa bakarra izenaren belareari dagokio, bokal artean izanik, errazago galduko zen: letagin + -di > *Letagindi > Letaindi. Gainera, mendi aldean izenik normala da berandu arte izena ez jasotzea eta horrek lagunduko zuen galera finkatzeko.

Arlandueta toponimoa

 Arlandueta Oñatiko baso bat da. Lekuko zaharrik ez dago, baina toponimoa nahiko argia da. Bi elementu lituzke, harlandu izena eta bukaeran atzizki bat, -eta, ugaritasun adierazlea, normalean. Harlandu hitz elkartua da, har- 'harri' + landu eta lekukotza utzi du euskal testuetan, Orotariko Euskal Hiztegiaren sarreraren hasiera:

harlandu.
(V, G; Lar, H), harri landu (V-gip, BN-baig; Lar DVC 159). Ref.: A; Etxba Eib (arlandu, arrilandu); Satr CEEN 1969, 209; Ond Bac; Elexp Berg.
Piedra labrada; sillar, piedra de sillería. "Silla, piedra sillar, arlandua, arlanda" Lar. "Arlandua, síncopa de arrilandua. Sillar. Arrilanduegaz eiñdako etxia" Etxba Eib. "Arri-landu, piedra de sillería" (BN-baig) Satr CEEN 1969, 209. "Piedra de sillería" Ond Bac. "Piedra labrada, de sillería. Etxe orrek arlandu ikusgarrixak dauzka" Elexp Berg.
tradizioa
Tr. Documentado en autores meridionales desde mediados del s. XIX. Al Norte lo encontramos sólo en J. Etchepare y Zerbitzari, en ambos harri-lantu. La forma arri-landu es algo más frec. que arlandu en los textos.
Lekuko toponimiko honek (h)arlandu aldaera erakusten du eta egun basoa bada ere, lekuaren azterketa batek erakuts lezake harlandu izena jartzearen arrazoia.

sábado, 19 de junio de 2021

Andremiliasoro toponimoa

 Andremiliasoro Gipuzkoako Villabona herriko aurkintza bat da. Lekuko zaharrik ez dago eskura, baina toponimoaren egitura gardenak analisia ahalbidetzen du.
Toponimoak bi elementu lituzke, Andremilia antroponimoa eta soro izen arrunta. Ez da lehenengo aldia antroponimo hori aipatu dena blog honetan, Andramiliamadura toponimoan ere dagoelako. Sarrera horretan antroponimoaz informazio gehiago dago, izen elkartua da, andre + Milia 'Emilia' izenen elkarketa.