viernes, 29 de noviembre de 2019

Martiku eta Martikuena toponimoak

Martiku bazen Urnietako Oztaran auzoko baserri bat, Gipuzkoako baserriak liburuaren arabera, baina liburua idatzi zenerako, egileak berak adierazten du, hondaturik zegoela.
Martikuena baserria bada Astigarragan, lekuko zaharrik ez dugu bildu.
Beraz, badira bi toponimo, biak etxe izenak, eta biak Gipuzkoakoak.
Azterketa etimologikorako zalantza handirik ez dute uzten, biak nahiko gardenak dira, bietan antroponimo bera izango genuke, *Martiku, baina Urnietako toponimoan gehigarririk gabe agertzen den bitartean, Astigarragako toponimoan, -(r)en + -a, jabegoa adierazteko etxe izenetan ohikoak diren elementuak ditugu.
Ez dago *Martiku antroponimoaren lekuko zuzenik, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan izena aipatzen du, baina lekukorik ez du ematen.
Beharbada izena, jatorrian, Martiko ezaguna zen, Marti 'Martin' eta -ko atzizkiaz osaturiko hipokoristikoa, eta gero, agian toponimo bihurtu eta gero, Matxitxu toponimorako aipatutako fenomenoa ere gertatu zitzaion, euskal lurraldeko leku askotan gertatzen dena, horrela, i-o > i-u aldaketa jasan zuen. Horrela, Martiko ezagunetik hasi eta Martiku toponimorako bidea ezin errazago geratuko litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario