jueves, 30 de diciembre de 2021

Errialtabaso toponimoa

 Errialtabaso da Dima eta Mañaria artean dagoen tontor baten izena. Lekuko zaharrik ez badago ere, izena erraz analizatzekoa da, kontuan harturik aldaketa batzuk gertatu direla.
Toponimoak hiru elementu izan ditzake, herri + arte + baso. Arte leku postposizioa litzateke, ez zuhaitzaren izena, Eskusarte toponimoan bezala. Agerikoa da arte hitzak aldaketa batzuk jasan dituela, batetik arta- aldaera hartu du, izen eratorrietan ohikoa den bezala, Bidakurutzeta toponimoan bide -> bida- aldatu den bezala. Azkenik, dardarkari disimilazioa gertatu da, rr-r > rr-l: *Erriartabaso > Errialtabaso. Ondoriozko alta- ere agertzen da Altamugarri-Artamugarri toponimoan.

Eguneraketa (2025-11-14):
Sarreran eman zen etimologia zuzena izan badaiteke ere, beste bat aurkez daiteke, bukaerako hitza baso izango zen baina oinarrian, bi hitz izan beharrean, bat bakarra izango genuke, errieta. Erriartadutxikerra toponimoan bezala, baso hori auzi bidea izango zen eta hortik jasoko zuen izen hori. Hala izan bazen aldaketa batzuk izan ziren, nabarmena izango zen dardakarien disimilazioa, rr-r > rr-l, horrek toponimoa aldatuko zuen eta etimologia aurkitzea zaildu.

lunes, 27 de diciembre de 2021

Mokorregi toponimoa

Mokorregi da Astigarragako erreka-zuloa, sakana. Badu toponimo eratorri bat, Mokorregiko erreka.
Toponimo hori aspaldikoa da, Erdi Aroko lekukoak ere baditu, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuko 50. agirian, 1495. urtean:

... los quales dichos mojones están debaxo de vn espino, e del dicho mojón de Mocorregui a otro mojón que se llama Cabeça de Mocorregui, e d’este dicho mojón a otro que se llama Olla de Oro, el qual está a cabeça de Çarquimindegui, donde está vn sennalamiento de sepultura antigua, e vn grande morcuero de piedras...
Toponimoak bi elementu ditu, azkena hegi ezaguna da, eta hasierakoa mokor izena:
mokor.
I. (Sust.).
1. (V-gip, AN, L-ain, BN, S; -kh- VocBN , Gèze, Dv). Ref.: A; Iz ArOñ.
Terrón; bloque, pedazo. "Extrait de rochers ayant la forme ronde ou presque ronde" VocBN. "Lur mokhor, motte de terre. Azukre mokhor, boule de sucre. Harri mokhor, bloc de pierre" Dv.
Mokor lehenago ere aztertua izan da blog honetan, Mokorroste toponimoan hain zuzen, azken honetan bigarren elementua oste dela.
Mokor hitzaren Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren lehenengo lekukoa XIX. mendearen erdialdekoa da, 1857. urtekoa. Beraz, Mokorregi toponimoaren lekukoa 362 urtetan aurreratuko litzateke hitzaren lehenengo agerpena, XV. menderaino eramanez.

jueves, 23 de diciembre de 2021

Martokoa toponimoa

 Arrasateko etxe hau XVIII. mendetik ezaguna da. Arrasateko toponimia liburuan daude lekuko zahar eta berriak:

Toponimoak ez du aldaera handirik ezagutu, Marticoa (1830) eta Martacua (1930) aipagarriak dira. Bietan oinarria aldatu da, izen ezagunagoen alde, Martiko eta Marta, hurrenez hurren. Lekuko zaharrek erakusten dute izena Martokoa zela, /u/ bokala normala da, disimilazioak eraginda, oa > ua, cf. goxo + -a > goxoa > goxua, eta abar.
Toponimoaren oinarria Marto antroponimoa da, ondoren -ko eta -a. Marto ez da oso izen ezaguna baina Euskal Herrian erabilia izan zen garai batean, antroponimo honetaz informazio gehiago Marto eta Martogana toponimoen sarreran.

Zabardillo antroponimoa

Behin agertzen da Zabardillo izengoitia, Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburuko 2. agirian, 1483. urtean:

... Johan Ybañes de Arenaça e Johan Sanches de Arança e Johan Sanches de Ollaoqui e Johan dicho Çabardillo e Ferrando de Arçuriaga e Johanico de Ansorregui...
Izengoiti hau hipokoristikoa litzateke, oinarrian zabardo izenondoa izango zen eta bukaera aldean -illo atzizkia, hipokoristikoa egiteko. Zabardo izengoitia Erdi Arokoa da, eta A. Irigoienek aztertu zuen Cuestiones de toponimia vasca circumpirenaica izeneko lanean:
Zabarcos, en Sesa, p. j. de Sariñena. Puede proceder de un sobrenombre derivado de zabar, 'persona remolona, abandonada', con sufijo hipocorístico -ko. Con sufijo distinto aparece en Zabardo, formado de la misma manera que lo está bizardo a partir de bizar, 'barba', que en la zona de Munguía, Vizcaya, con variante local bizerdo, significa más o menos 'barbudo', cfr. Toda Maloa Çauar(r)do, Johan Çauardo, García Çauardo, la nuera de García Çauardo (1330, PN-XIV, F. Est., pp. 292 y 296), en Artaxona, y Zabardo submerinus (1193, D. med. Leire, doc. 355).
Beraz, Irigoienek azaldu bezala, zabar + -do > zabardo; ondoren, -illo atzizkia gehitu eta Zabardillo sortuko zen. Atzizki hori erdal jatorrikoa bada ere, euskararen onomastika sisteman sarrera izan zuen.

lunes, 20 de diciembre de 2021

Martogaztañeta toponimoa

 Martogaztañeta Zeanuriko basoa da. Lekuko zaharrik ez dago, baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, toponimoak ez du zailtasun berezirik analisia egiteko.
Toponimoak hiru elementu lituzke, Marto antroponimoa, gaztaina zuhaitz izena eta, azkenik, -eta atzizkia. Marto ez da oso izen ezaguna baina Euskal Herrian erabilia izan zen garai batean eta ziurrenik garai oparoena XVI. mendea izan zen. Marto eta Martogana toponimoen sarreran antroponimo honetaz informazio gehiago.

Ulanberro toponimoa

 Ulanberro da Adunako baserri baten izena.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*ULANBERRO (2 viv.) (prop.) Aduna
Lortutako lekuko zaharrena XVII. mende hasierakoa da, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa:
Ulamberro, Aduna
Toponimoak bi elementu ditu, azkena berro, toponimian hitz ezaguna, Apaloberro toponimoan ere dagoena. Hasierako elementua ilunagoa da, aldaketa bat jaso du, sudurkarien disimilazio bat: n-n > l-n, Muliate toponimoan bezala. Atzeranzko bidea egin eta *Unanberro izango genuke, hau da, unan- 'unain' + berro, Unalbide toponimoan gertatu zen bezala. Unaileku toponimoan aldiz, unan- eratorpen aldaerarik ez da eta horrek zalantzazko egiten du toponimoaren etimologia.

jueves, 16 de diciembre de 2021

Unalbide toponimoa

 Goizuetako toponimo honetako informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:

 Toponimoak ez du lekukotza zahar handirik utzi, baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, erraz analizatzekoa da. Toponimoak bi elementu lituzke, unan-, unai izenaren eratorpen aldaera eta bide, izen arrunta. Unaileku toponimoaren ageriko etimologia zalantzan jartzeko argudio bat izan zen unan- aldaera ez agertzea eta horri lekuko zaharrenen lekukotza gaineratu behar zitzaion. Goizuetako toponimoan oraingoz ikusten da eratorpen aldaera zaharra indarrean dagoela eta horrek beharbada esan nahi du toponimoaren sorkuntza aspaldikoa dela, baina horretarako jakin beharko litzateke noiz utzi zitzaion unan- aldaera erabiltzeari.