viernes, 28 de marzo de 2025

Otxotenea toponimoa

 Otxotenea da Lesakako etxe bat. Lekukoak XVIII. mende bukaeran agertzen dira:

ochocotonea (1795)
ochocotonea (1841)
otxoteko-baita (1926)
ochocotenea (1944)
otxotenea (1960)
Egun, jarritako azken lekukoa bezalakoa da, Otxotenea. Funtsean, bilakaera bat izan da, Otxokotonea zaharretik Otxotenea berrira. Izen zaharrak XVIII. eta XIX. mendeetan iraun zuen eta gero Otxotenea sartu zen eta hori finkatu da. Tartean, otxoteko-baita (1926) eta Otxokotenea (1944) daude. Otxokotonea jatorrizko izena bazen horretatik hasiko da analisia. Bukaerako genitiboaz eta artikuluaz gain, antroponimo bat dago, lekukotu gabeko *Otxokoto, ziurrenik,Otxoa antroponimoaren eratorria, zehatzago, Otxoko antroponimotik sortua, -to atzizki txikigarria erantsiaz. Aldaketa, beharbada, Otxote antroponimoaren eraginez gertatu zen, askoz ezagunagoa, hau ere Otxoa antroponimotik sortua.
Laburbilduz, Otxoa antroponimotik Otxoko hipokoristikoa sortu zen eta honetatik, *Otxokoto antroponimo hipokoristikoa, izartxo bat du lekuko antroponimikorik ezagutzen ez zaiolako, baina badakigu izan zela Otxotenea toponimoagatik.

Otsanaiz toponimoa

 Otsanaiz da Arizkungo aurkintza bat. Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiaren arabera, toponimoaren lekukotza hasten da XVIII. mendearen hasieran:

osanaiz, varrio de (1703)
otsanayz, varrio de (1706)
otsanaiz, varrio de (1724)
Geroko lekukoak berdinak dira eta egun ere izena berdina da. Aipatutako web orrian bi elementu agertzen dira toponimoa azaltzeko, otso izen arrunta eta -iz atzizkia, baina azaldu gabe dago tarteko silaba, -na-, eta horrek etimologia kolokan uzten du.
Toponimoak bi elementu izango zituen, azkena -iz atzizkia, toponimian askotan agertu ohi dena, normalean antroponimo baten ondoren dago eta kasu honetan otsana- litzateke hori. Ez da horrelako antroponimorik ezagutzen baina egia da hasieran otso izan daitekeela, baina ez izen arrunta, antroponimoa baizik, eta zehatzago, antroponimo eratorri bat izango zen, oraingoz zehaztu gabea. Toponimoa sortu zenetik papereratu arte mende ugari joan ziren eta tarte horretan aldaketak gertatzeko aukera izan zen, areago antroponimoa galdu zenetik. Euskal toponimian bada aldaketa bat gutxitan gertatua, nd > n soilketa, Altzania toponimoan bezala. Hori aztergai den toponimoan gertatu bazen, atzeranzko bidea egin eta *Otsandaiz berreskuratuko genuke eta orduan argi ikusten da oinarrian Otsando antroponimoa izan zitekeela. Horrela izan bazen, Otsando + -iz > *Otsandoiz sortuko zen eta gero, bokala aldatu zen, aurrekoaren eraginez agian, Beraskaburu toponimoari gertatuko zitzaion bezala. Otsando antroponimoak toponimian aztarren ugari utzi ditu, horrelakoak dira blog honetan aztertutako Otsandola, Otsondoa, beste toponimo askoren artean. Hemen jarritakoaren arabera, Otsanaiz ere multzo honetakoa litzateke.

miércoles, 26 de marzo de 2025

Urasketa toponimoa

 Urasketa da Bergarako erreka bat. Informazio osagarria dago Bergarako euskara web gunean, Urasketa toponimoaren orrian. Lekuko zaharrena XX. mende bukaerakoa da, Urasketa (1991). Orri horretan izenaren arrazoia ere ematen dute: Informanteak dio lehen toki horretan ur-askak izan zirela eta hortik datorkiola izena.
Toponimoaren elementuak argiak dira, uraska izen elkartua eta bukaeran, -eta atzizkia. Uraskaren bi elementuak gardenak dira, ur eta aska, azken hau toponimian ere azaltzen da, Askaita toponimoan bezala.

Otxandio toponimoa

 Otxandio da Dimako baserri bat, Arratiako udalerrian:

Etxearen lekuko zaharrak daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:
Ochandio [N, TO]
Ochandio (la casa de), Dima, a.1796, FogVizcayaMs.
Ochandio (la casa de) [Uicarregui (cofradia de)], Dima, a.1799 [, FogVizcayaMs.
Ochandio (la caseria de) [Vicarregui (varrio de)], Dima, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochandio (la cassa de) [Uicaregui (cofradia de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs.

Ochandio [N, NO]
Ochandio (Fran(cis)co de) [Ochandio (la cassa de)] [Uicaregui (cofradia de)], Dima, a.1704, FogVizcayaMs.
Ochandio (Fran(cis)co de) [Ochandio (la caseria de)] [Vicarregui (varrio de)], Dima, a.1745, FogVizcayaMs.
Ochandio (Francisco de Bustinza) [Ochandio (la casa de)] [Uicarregui (cofradia de)], Dima, a.1799, FogVizcayaMs.
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Otxandio deituraren lekukoak daude XVI. mende hasieratik:
Baina ez dago argi lekuko hauek Dimako toponimoari dagozkiola, izan ere, Bizkaian bada, nahiko hurbil gainera, Otxandio herri izena, gaztelaniaz Ochandiano bezala ezaguna. Beraz, litekeena da Dimako toponimoa Otxandiotik ekarri izana, agian baserriaren jabea hango jatorria zuelako. Bide batez, Otxandio izen nabarmena da, -ano atzizkia du baina oinarria, antroponimoa, euskarazkoa da eta ez latin jatorrikoa, -ano atzizkia duten toponimo ia guztiak ez bezala.

lunes, 24 de marzo de 2025

Egurtza toponimoak

 Egurtza da Gipuzkoako toponimo batzuetako elementua. Horrela, Egurtza da Ezkio-Itsasoko erreka bat, Zegamako baserri bat eta Zizurkilgo sakonune bat. Azpeitian bi baserriren oinarria da, Egurtzagoikoa eta Egurtzazpikoa. Toponimo hauetan egurtza hitza dago, Orotariko Euskal Hiztegian oso lekukotza urrikoa du:

egurtza.
1. Cantidad de leña. v. egurtze.
Orra zenbaterañoko ikatz ta egurtzak esekutatzen diran Probinzia labur onetan. Izt C 130.
2. (V-gip ap. Etxba Eib ).
" Egurtza [...]. Monte leñero (Labayru Hist IV 291)" DRA . "Monte donde se saca leña. Ejido. Lenago ziran errixan egurtzak, su-egurra ataratzeko auzuak, eta etxegintzarako biar zan zura " Etxba Eib.
Toponimoetan bigarren adiera izango zen eta lekuko zaharrena XX. mende hasierakoa da baina zaharragorik bada Archivo Foral de Bizkaia Sección Municipal. Documentación Medieval (1326-1520) liburuaren 4. agirian, 1487. urtekoan:
Otrosi, apropiaron e dieron e adjudicaron a los cofrades e bezinos de la foz e partida de Milicua e a sus consortes todo lo de dentro de los limites e linderos siguientes, es a saver: desde la punta de la egurza e monte biexo de la dicha foz e cofradia de Meliqua, que es en Lasiar, e dende al logar llamado Anaoco Helorria, e dende al sel llamado Dolara Urquiaga, el dicho sel fenezia avaxo, todo fasta al llogar llamado Doneanzaval e parte Garaygoya, dende fasta los terminos e montes e egurzas que se llama de la foz e partida de Meliqua, para que los ayan para si e sus cassas e casserias sin parte de otras perssonas algunas.
Beraz, egurtzaren lekukotza lau mendetan aurreratu da, Erdi Aroaren bukaerako bi lekuko hauekin.

Gibiritegi toponimoa

 Gibiritegi da Bidania-Goiatz udalerriko baserri bat. Izendegi ofizialeko datuen arabera, lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da, Guibiritegi (sic) da, 1857. urtekoa.
Beste hainbestetan bezala, toponimoa deitura bihurtu zen eta lekuko zaharragoak daude Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mende bukaeratik lekukoak jaso dira:

Giberitegi aldaera ere aurkitu da, baina lekuko gutxiago dira eta data berriagokoak:
Hala ere, litekeena da Giberitegi > Gibiritegi bilakaera gertatu izana, bokal asimilazioa askoz hobeto azaltzen da hitz honetan eta ez alderantzizko bidea, disimilazioa. Ziurrenik datu gehiago izanez gero, proposatutako bilakaera erraz ikusiko litzateke, baina datuek bestelakoa erakusten digute.
Toponimoa azertzeko, bukaerako elementua berehala agertzen da, -tegi atzizkia. Baina hasierakoa ez da hain argia, gibiri- zein giberi- ez dira, antza denez, euskal hitzak. Arrunta da etxe izenetan antroponimoa izatea eta beharbada Gibiritegi ere multzo horretakoa izan daiteke, Joseph M. Piel eta Dieter Kremer ikertzaileen Hispano-gotisches Namenbuch liburuan bada gib- errotik sortutako Giberi(us) antroponimoa, 150. or.:
Beraz, garai oso zahar batean, duela mila urte inguru, Giberi antroponimoa izan zen eta Gipuzkoa aldean etxe bat eraikia izan zen bere izenarekin.

viernes, 21 de marzo de 2025

Zeleder toponimoa

 Zeleder da Azkoitiko baserri bat eta bazter-auzo bat. Toponimo eratorri bat dago, Zeledertxo baserria. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena XIX. mendearen erdialdekoa da: Celeder (1857). Beraz, azken mende t'erdian ez da ezertan aldatu eta analisia izen horretatik hasi beharko da.
Toponimoaren azken zatiak eder hitza gogorarazten du, baina hasierakoa iluna da. Hala ere, irtenbide bat dago, Zelanda, Zelandi eta Zelandieta toponimoetarako gertatu omen zena, haplologia baten ondorengo izenak dira, hau da, bi silaba oso antzeko elkarren ondoan jartzean bat geratu zen: zelai + eder > *Zelaieder > Zelaeder > Zeleder. Bokalarteko /i/ galtzea fenomeno ezaguna da, cf. Ibaeta toponimoa, *Ibaieta zaharrago batetik.