viernes, 30 de mayo de 2025

Nabarkoneko borda toponimoa

 Nabarkoneko borda da Zugarramurdiko aterpe bat. Lekuko zaharrenak XVIII. mende hasierakoak dira:

nabarcorena (1701)
nabarcorena, casa....de (1703)
nabarcorena (1726)
Narkonea aldaera laburtua nahiko goiz agertzen da:
narconéa (1860)
narconea (1894)
narkonea (karrika) (1950)
Toponimo nagusia Nabarkorena zen eta gerora, borda hitza ezarri zioten. Nabarkorenaren bukaeran genitiboa eta artikulua daude, ohikoak etxe izenetan eta oinarrian antroponimo bat agertu ohi da eta izengoiti bat, *Nabarko, hipokoristiko bat, bukaeran -ko atzizki txikigarria dago eta oinarrian Nabar antroponimoa, baina hitz arrunta ere izan zitekeen. Hipokoristiko hau zaharra da, XVII. mendean ezaguna zelako eta ziurrenik, lehenago ere ez zen ezezaguna izango.

Osanaga toponimoa

 Oñati aldeko toponimo honen erreferentzia bakarra liburu batean dago, Historia del Condado de Oñate y señorio de los Guevara liburuan, 351. or.:

El 10-X-1551 la relación de dehesas era esta: Malapozu, [...] Osanaga (dos), Ulencíaga, Urréxola y Pagonabarraga.
Zoritxarrez, XVI. mendeko agiri horren transkripziorik ez dugu, baina dagoen lekukoaren aski litzateke pentsatzeko han agertzen dena hori dela, Osanaga toponimoa.
Toponimo honek bi elementu lituzke, bukaeran -aga atzizkia eta oinarrian, Osana antroponimoa, emakumezkoa:
Gutxienez XVI. mende arte iraun zuen izena. XIV. mendean Bilbon eta Ziortzan (Bizkaia) azaltzen da, eta 1493an bigarren herri horretan (Osana de Martitegui). Inoiz Ozana (Ozana de Herçilla, Durango, B, 1514) eta Usana (Vsana de Yloro, Ondarroa, B, 1490) aldaerak ere agertzen dira. Aldaera: Oxane (Deun-ixendegi euzkotarra).
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko lekuko ugari agertzen dira:

Beraz, Osana izan zen Erdi Aroaren bukaeran antroponimo ohikoa eta utzi duen lekukotzaren artean Osanaga toponimoa genuke.

martes, 27 de mayo de 2025

Gastiartu toponimoa

 Gastiartu da Okondoko baserri bat eta aurkintza bat. XX. mende bukaerako lekukoak daude José Antonio González Salazarren Cuadernos de toponimia 8 Toponimia menor de Ayala liburuan, 13. or.:

44.—Gastiartu.
Baserriaren lekukoa, bi orrialde aurrerago, 15. or.:

VIII - Caserio Gastiartu.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran ihartu partizipioa eta oinarrian Gastea antroponimoa:
Erdi Aroan aurkitzen dugu euskal izen hau (Gastea d'Alçayaga, Lesaka, N, 1366, Gastea d'Espaster, Bilbo, 1464). Itxuraz Gartzearen aldaera da eta gaztea euskal izenondo ezagunarekin loturik dago. Gasteiz toponimoaren oinarrian dagoela dirudi.
Antroponimoaren azken bokala galduko zen, beste aldaketarik ez zen gertatuko. Ihar zein ihartu ez dira arrotzak toponimian, cf. blog honetan aztertutako Ubaiar toponimoa, beste batzuen artean.

Urkaetamendi toponimoa

 Arabako toponimo honetaz lekuko bakarra aurkitu da, Erdi Arokoa, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburutik jasoa, A15 agirian, 1441. urtekoan:

Fallamos que demos (sic) mandar e mandamos que el termino que dizen Hurcaetamendi, el qual dicho termino es entre el camino que va de Gauna a Herenchun e el camino que va de Herenchun a la tejeria de Alborcoyn, que deue ser e es comun de los dichos dos conçejos de Alegria e Alborcoyn commo atajan e dizen los mojones.
Toponimoa nahiko gardena da, hiru elementu izango zituelako, urka + -eta + mendi. Urka hitza ez zen ezezaguna Arabako lurretan, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan badira hitz honekin sortutako toponimo batzuk, aipagarria da urka eta mendi agertzen direla:
URCAMENDI, altura en Maestu-Alecha. Bastantes labrantíos.
URCAMENDIA, 1718, labrantío en Echabarri Urtupiña.
URCAMENDIBEA, 1776, término de Mendarozqueta.
URCAMENDIGAÑA, 1771, altura de Alecha.
Nahiz eta egun ez erabili, urka ez da hitz ezezaguna, are gutxiago Erdi Aroko garaian:
1 urka.
Etim. De lat. furca.
1. (V ap. A ; Lcc, SP (-kh-), Lar, Añ, VocCB).
Horca. "Horca" Lcc. "Empicotar, urkean ifini" Ib. "Fourche" SP (tal vez 'horquilla'). "Horca de delincuentes" Lar. "Horca, patíbulo" Añ. v. urkabe.
Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lehenengo lekukoa Landucciren hiztegikoa da, beraz, Dulantzi inguruko toponimoak 121 inguru aurreratuko luke hitz honen lekuko  zaharrena.
Toponimoaren sorreran, hasieran urka + -eta batuz, *Urkaeta sortuko zen eta ondoren mendi erantsi. Bestela, oinarrian urkatu aditzetik *urkaeta 'urkatze' aditz izena erabilia izan zen.

viernes, 23 de mayo de 2025

Arbisketa toponimoa

Arbisketa da Oñatiko baso bat. Lekuko zaharrik ez du, XX. mendekoak direlako izendegi ofizialekoak, Arbisketa izenaz gain, Arbizketa ere lekukotzen da. Gipuzkoako toponimo horretaz gain, bazen beste Arbisketa bat Bizkaian, Gerrikaitz herrian. Hala agertzen da Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuan, II, 98. or.:

Hay un oratorio dedicado a Jesús Crucificado pegante a la casa hospital, con licencia de poder celebrar misa en él, dada por Juan de Sepúlveda, Provisor de su Ilustrísima en 9 de octubre de 1562; una casa horno, abacería, dos tabernas, un molino y una fuente en Arbisqueta.
Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran -keta, -eta hedatuagoaren aldaera, txistukari ondoan sortu ohi zena. Oinarrian, aldiz, arbitza izena zen, hau izen eratorria litzateke, oinarrian arbi landare izena eta ondoren -tza atzizkia. Arbitzaren azken fonemaren galera azaltzen da jakinez hiru silabako oinarriak galera jasan ohi duela. Horrelako gertaera ezaguna da, itsas- 'itsaso' + gizon > itsasgizon.

Oxanar antroponimoa

Egun arte, Erdi Aroko euskal antroponimo honen lekukotza guztia patronimikoen bidez ezagutzen zen, P. Salaberri Euskal deiturategia. Patronimia liburuan bildurik agertzen dira:

*Oxanar
Oxanarriz: Santio Oxanarriz, Garssia Oxanarriz de Triapu (Mutiloa, 1002, Leire, 14); Gomiz Oxanarriz (Jaurrieta, 1072, ibid., 97); Xemen Oxanarriz, Galindo Oxanarrix (Espartza Zaraitzu, ibid.); Sancia Ossanarriz (Anitz, Mañeruibar, 1099-1122, Iratxe, 109).
Badirudi patronimiko hau Osan, Osana izenekin, Munarritz (Amunarriz, Munarriz dokumentazioan, Amunarritz, Munarri(t)z egun. Ikus NHI, 161), Amunarrizketa (orain; Munar(r)izqueta dokumentazioan normalean, NHI, 194) toponimo nagusiak Erdi Aroko Amuna, Amune, Amona, Amunia, Amunea emazteki izenarekin dauden erlazio berean dagoela; alegia, tartean beste izen edo atzizki bat dagoela ematen du. Oxarra (gizonezko izena) ere bazen: Luchairek (1881: 163) lapurterazko ozar dela erraten du. Mitxelena ados dago aipatu autorearekin eta dio (AV, 511, 1968b: 487) ozar (< or ‘zakur’ + zahar) izenetik oxar txikigarria atera zitekeela; ikus, orobat, Irigoien (1994: 277). Halarik ere, ez dirudi hau aski denik Oxanarriz patronimikoa azaltzeko, benetan patronimikoa bada behintzat.
Erraza da Oxanarriz patronimikotik *Oxanar bakartzea eta lekukoak izan daitezkeenak daude Errioxako agiri zahar batzuetan, Albeldako kartularioko bi agiritan. Lehenengoan Uzannar antroponimoa dugu, 10. agirian, 944. urtekoan:

Hurrengo agirian beste bi lekuko daude, gizon bakarrarenak diranak, 11. agirian, 945. urtean:

Agiri honen bi lekukoek arazoak dituzte, badirudi okerrak izan direla eta bietan aipatzekorik dago. Arazotsuena, zalantzarik gabe, Astaunar da eta azaltzeko zaila alde askotatik baina zorionez Uggaunar bada, Uzannar lekukoaren nahiko antzekoa eta, beharbada, zuzentzeko bakarra hirugarren bokala litzateke, <u> dagoen lekuan <n> bada, *Uggannar eskuratuko genuke eta orduan bi antroponimoen arteko ezberdintasun bakarra txistukaria litzateke, batean <z>, bestean <gg>, ziurrenik afrikatua bera.
Astaunar alde batera utzirik, Uzannar eta *Uggannar ederki egokituko litzateke Oxanarriz antroponimoarekin, argigarria da Errioxako agirietan <nn> aurkitzea eta Nafarroakoetan <n>. Beste aldetik, Otxoa antroponimoren lekuko zahar batzuetan u- hasiera dago, Uxando toponimoan bezala. Antroponimoaren egitura ez da argia, beharbada Otxoaren gainean eraturik dago baina bigarren elementua izan daitekeena iluna da.

miércoles, 21 de mayo de 2025

Obinko toponimoak

Obinko da Erriberagoitiko soro bat. Xx. mendearen erdialdeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:
OBINGO, 1562, labrantío en Barrón.
Izendegi ofizialeko lekuko guztietan belare ahoskabea agertzen da, ia guztietan Obinko da eta salbuespena da XX. mende hasierako Ubinko. Zoritxarrez, lekuko zahar gehiagorik ez dago eta ezin jakin Obingo aldaera izan zen ala kakografia bat den.
Obinko ere bazen Arabako beste toponimo bat, Urkabustaizko udalerrikoa, Toponimia actual e histórica de Urcabustaiz ikerlanean bildua:
671. Obinco
Bi toponimo ezberdin dira, biak Arabako sartaldean daude baina ez dira udalerri berekoak, ezta mugakideak ere, Urkabustaiz eta Erriberagoitia/Ribera alta.
Azterketa etimologikoan sartuz, Obingo zein Obinko izan, analisi agerikoa dute, hobi izen arrunta eta -nko edo -ngo atzizki txikigarria. Hala ere, "hobi txiki" izena bitxia da toponimo baterako, areago bi toponimorako, biak elkarrengandik ez oso urrun daudela. Beharbada beste azalbide bat aurkez daiteke, agian toponimoek aspaldi jasan zuten herri etimologia, cf. Obikola eta Obikorta toponimoak, bietan hobi izena izan daiteke oinarria baina egokiagoa dirudi Obeko antroponimoa izateak. Bertsua gerta liteke aztergai diren toponimoekin, izan ere, Obenko antroponimoaren lekuko bakarra dago, A. Irigoienen La lengua vasca en relación con la antroponimia y otras cuestiones medievales lanean, 44-45. or.:
Se registra también Obenco (921, Albelda, doc. 1), seguramente el mismo antropónimo con sufijo -nko.
Beraz, bi antroponimo zeuden, hobe hitzetik sortuak, Obeko eta Obenko, lehenak -ko atzizki txikigarria zuen eta besteak -nko. Azken honek bi toponimo sortuko zituen Araban, baina mendeak joan eta Obenko antroponimoaren ezagutza galdu zen eta hiztunek hurbil zeukaten hitzarekin ordezkatu zuten, bokal bakarra aldatuz: *Obenko > Obinko. Horrela, toponimoak argiago bihurtu ziren eta horrela finkatu ziren. Aldaketa, XVI. mendeko lekukoa ikusirik, oso aspaldikoa da, izan ere, Obenkoren lekuko bakarra X. mendekoa da. Bilakaera bera gertatu omen zen blog honetako bi toponimotan, Obikola eta Obikorta toponimoetan, hain zuen. Hala gertatu bazen, joera nabarmena izango genuke herri etimologiak galdutako Obenko, Obeko antroponimoak aldatzeko baina ez zen beti horrela gertatu, Obekuri hor dagoelako.