miércoles, 21 de mayo de 2025

Obinko toponimoak

Obinko da Erriberagoitiko soro bat. Xx. mendearen erdialdeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:
OBINGO, 1562, labrantío en Barrón.
Izendegi ofizialeko lekuko guztietan belare ahoskabea agertzen da, ia guztietan Obinko da eta salbuespena da XX. mende hasierako Ubinko. Zoritxarrez, lekuko zahar gehiagorik ez dago eta ezin jakin Obingo aldaera izan zen ala kakografia bat den.
Obinko ere bazen Arabako beste toponimo bat, Urkabustaizko udalerrikoa, Toponimia actual e histórica de Urcabustaiz ikerlanean bildua:
671. Obinco
Bi toponimo ezberdin dira, biak Arabako sartaldean daude baina ez dira udalerri berekoak, ezta mugakideak ere, Urkabustaiz eta Erriberagoitia/Ribera alta.
Azterketa etimologikoan sartuz, Obingo zein Obinko izan, analisi agerikoa dute, hobi izen arrunta eta -nko edo -ngo atzizki txikigarria. Hala ere, "hobi txiki" izena bitxia da toponimo baterako, areago bi toponimorako, biak elkarrengandik ez oso urrun daudela. Beharbada beste azalbide bat aurkez daiteke, agian toponimoek aspaldi jasan zuten herri etimologia, cf. Obikola eta Obikorta toponimoak, bietan hobi izena izan daiteke oinarria baina egokiagoa dirudi Obeko antroponimoa izateak. Bertsua gerta liteke aztergai diren toponimoekin, izan ere, Obenko antroponimoaren lekuko bakarra dago, A. Irigoienen La lengua vasca en relación con la antroponimia y otras cuestiones medievales lanean, 44-45. or.:
Se registra también Obenco (921, Albelda, doc. 1), seguramente el mismo antropónimo con sufijo -nko.
Beraz, bi antroponimo zeuden, hobe hitzetik sortuak, Obeko eta Obenko, lehenak -ko atzizki txikigarria zuen eta besteak -nko. Azken honek bi toponimo sortuko zituen Araban, baina mendeak joan eta Obenko antroponimoaren ezagutza galdu zen eta hiztunek hurbil zeukaten hitzarekin ordezkatu zuten, bokal bakarra aldatuz: *Obenko > Obinko. Horrela, toponimoak argiago bihurtu ziren eta horrela finkatu ziren. Aldaketa, XVI. mendeko lekukoa ikusirik, oso aspaldikoa da, izan ere, Obenkoren lekuko bakarra X. mendekoa da. Bilakaera bera gertatu omen zen blog honetako bi toponimotan, Obikola eta Obikorta toponimoetan, hain zuen. Hala gertatu bazen, joera nabarmena izango genuke herri etimologiak galdutako Obenko, Obeko antroponimoak aldatzeko baina ez zen beti horrela gertatu, Obekuri hor dagoelako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario