viernes, 23 de mayo de 2025

Oxanar antroponimoa

Egun arte, Erdi Aroko euskal antroponimo honen lekukotza guztia patronimikoen bidez ezagutzen zen, P. Salaberri Euskal deiturategia. Patronimia liburuan bildurik agertzen dira:

*Oxanar
Oxanarriz: Santio Oxanarriz, Garssia Oxanarriz de Triapu (Mutiloa, 1002, Leire, 14); Gomiz Oxanarriz (Jaurrieta, 1072, ibid., 97); Xemen Oxanarriz, Galindo Oxanarrix (Espartza Zaraitzu, ibid.); Sancia Ossanarriz (Anitz, Mañeruibar, 1099-1122, Iratxe, 109).
Badirudi patronimiko hau Osan, Osana izenekin, Munarritz (Amunarriz, Munarriz dokumentazioan, Amunarritz, Munarri(t)z egun. Ikus NHI, 161), Amunarrizketa (orain; Munar(r)izqueta dokumentazioan normalean, NHI, 194) toponimo nagusiak Erdi Aroko Amuna, Amune, Amona, Amunia, Amunea emazteki izenarekin dauden erlazio berean dagoela; alegia, tartean beste izen edo atzizki bat dagoela ematen du. Oxarra (gizonezko izena) ere bazen: Luchairek (1881: 163) lapurterazko ozar dela erraten du. Mitxelena ados dago aipatu autorearekin eta dio (AV, 511, 1968b: 487) ozar (< or ‘zakur’ + zahar) izenetik oxar txikigarria atera zitekeela; ikus, orobat, Irigoien (1994: 277). Halarik ere, ez dirudi hau aski denik Oxanarriz patronimikoa azaltzeko, benetan patronimikoa bada behintzat.
Erraza da Oxanarriz patronimikotik *Oxanar bakartzea eta lekukoak izan daitezkeenak daude Errioxako agiri zahar batzuetan, Albeldako kartularioko bi agiritan. Lehenengoan Uzannar antroponimoa dugu, 10. agirian, 944. urtekoan:

Hurrengo agirian beste bi lekuko daude, gizon bakarrarenak diranak, 11. agirian, 945. urtean:

Agiri honen bi lekukoek arazoak dituzte, badirudi okerrak izan direla eta bietan aipatzekorik dago. Arazotsuena, zalantzarik gabe, Astaunar da eta azaltzeko zaila alde askotatik baina zorionez Uggaunar bada, Uzannar lekukoaren nahiko antzekoa eta, beharbada, zuzentzeko bakarra hirugarren bokala litzateke, <u> dagoen lekuan <n> bada, *Uggannar eskuratuko genuke eta orduan bi antroponimoen arteko ezberdintasun bakarra txistukaria litzateke, batean <z>, bestean <gg>, ziurrenik afrikatua bera.
Astaunar alde batera utzirik, Uzannar eta *Uggannar ederki egokituko litzateke Oxanarriz antroponimoarekin, argigarria da Errioxako agirietan <nn> aurkitzea eta Nafarroakoetan <n>. Beste aldetik, Otxoa antroponimoren lekuko zahar batzuetan u- hasiera dago, Uxando toponimoan bezala. Antroponimoaren egitura ez da argia, beharbada Otxoaren gainean eraturik dago baina bigarren elementua izan daitekeena iluna da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario