2026(e)ko azaroaren 9(a), astelehena

Maguma toponimoa

 Maguma da Bizkaiko herri batzuetako oinarria. Mendatan baserria da eta Muxikan Magumabekoa eta Magumazelaia baserriak ere badira. Bi herri hauek mugakideak dira. Gainera, Zornotzan Magumazelai larrea dago eta Iurretan Magumako portaleak lepoa dago.
XVIII. mendeko lekuko ugari daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan:

Maguna [N, TO]
Maguna (el molino de), Ybarruri, a.1796, FogVizcayaMs., a.1799, FogVizcayaMs.
Maguna (el molino en Ybarruri+), Guernica, a.1796, FogVizcayaMs.
Maguna_Aurrecoechea (la casa de), Ybarruri, a.1796, FogVizcayaMs.
Maguna_Aurrecoechea (la caseria de) [San_Lorenzo_de_Maguna (cofradia de)], Ybarruri, a.1745, FogVizcayaMs.
Maguna_Aurrecoechea (la cassa de) [Guernica (auezindada a)], Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Maguna_Basterrechea (la caseria de) [San_Lorenzo_de_Maguna (cofradia de)], Ybarruri,
a.1745, FogVizcayaMs.
Maguna_Basterrechea (la cassa de) [Guernica (auezindada a)], Ybarruri, a.1704, FogVizcayaMs.

[...]
Bilakaera gertatu da Maguna zaharretik Maguma berrira, un > um hain zuzen. Fenomeno bera beste toponimo batzuetan ikus dezakegu, Amumasolo toponimoan adibidez.
Toponimoa deitura ere bada eta bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mende hasieratik lekukoak daude:

Toponimo bitxia da, daukan egituran zaila da elementu ezagunik aurkitzea baina, beharbada, aldaketa txiki batek toponimoa argitzen lagun dezake. Sartaldeko euskaran ezaguna da i > u bilakaera, hitz zahar batzuetan ikus dezakeguna, uzen : izen, ule : ile... Toponimian ere aleren batzuetan ere eragin zuen aldaketa horrek, Umerez toponimoan esaterako. Maguma berriagoan gertatu bazen, aurreko izena *Magina izango zen eta badago hitz homofono bat, magina. Beharbada, leku hauetako topografian bazen zerbait magina itxura zuena eta horrelako izen bat erabili zuten. Gainera, gerta liteke *maguna aldaera izatea arkaismo bat, gerora aldatua.

2026(e)ko azaroaren 6(a), ostirala

Petritxoneko borda toponimoa

 Petritxoneko borda da Berueteko aterpe bat. Lekuko zaharrenak XVII. mendekoak dira:

petruchena (1677)
petruchenea, casa (1693)
petrichonea (1726)
petruchenea (1817)
petritxoneko borda (1997)
Bilakaera ezohiko bat izan da, lekuko zaharrenetan Petrutxen(e)a zena Petritxonea bihurtu zen. Dirudienez, oinarria *Petrux izan daiteke eta ia izen homofono bat dago, Petruxa, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 211. or.:

Toponimoan *Petrux zein Petruxa ager daitezke baina Petritxo askoz arruntagoa da, bere egitura oso erraza da, oinarrian Petri antroponimoa eta ondoren -txo atzizki txikigarria, Erdi Aroan ere ezaguna zen, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan garai hartako lekukoak agertzen dira, 222. or:
Toponimo honetan aldaketa nabarmena gertatu zen, oinarriko elementua, antroponimo hipokoristikoa aldatu zen, *Petrux/Petruxa ezohikotik Petritxo arruntagora, biak Petri antroponimotik sortuak dira, baina lehena Petru aldaeratik.

2026(e)ko azaroaren 4(a), asteazkena

Zamargilleneko borda toponimoa

 Zamargilleneko borda da Iruritako etxe bat. Lekuko zaharrena XVII. mendekoa da eta etxe nagusia aipatzen du:

çamarguilearena (1645)
zamarguillearena, casa llamada (1702)
zamarguilarena, casa de (1711)
Toponimo eratorrian borda hitza dago eta toponimo nagusian artikulua eta genitiboaz gain, *zamargile hitza dago. Orotariko Euskal Hiztegian ez dago, baina oso hitza antzekoa agertzen da, blog honetan aztertutako Zamarginarena toponimoaren sarreran, zamargin, izenaren elementuak zamar eta -gin dira. Beharbada garai batean zamargin hitzaz gain, *zamargile sinonimoa ere izan zen.
Toponimo batzuk gehiago daude *zamargile hitzarekin:
Zamargilleneko borda (Aniz) eta Zamargilleneko erreka (Aniz), Zamargilleneko borda (Etxalar). Bukatzeko, Iruritan ere bada Zamargilleneko ardiborda. Beharbada toponimo hauetako batzuetan ñ-n > ll-n disimilazioak azal ditzake egungo izenak, baina beste batzuetan ez dago zalantzarik *zamargile hitza izan zela. Bi atzizki daude, -gin eta -gile sinonimoak, eta beharbada lehian izan ziren. Toponimian, -gin atzizkia da behin eta berriz dagoena, Oialgindegi, Santuginena toponimoetan -gin atzizkia dago eta Sarrallagillenea eta Zarragillenea toponimoetan -gile dugu.
Atzizki bikoiztasun bera dago Zillargiñenea eta Zillargilleneko erreka toponimoetan,  zilargile eta zilargin sinonimoekin sortuak izan daitezkeenak.

Gonzaloetxe toponimoa

 Bizkaiko Muxika herriko toponimo honen lekuko bakarra ezagutzen da, XVIII. mende bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan dago:

Gonzaloeche [N, TO]
Gonzaloeche (la casa de), Mujica 18.1796, FogVizcayaMs.
Toponimoa gardena da eta bi elementu ditu, bukaeran etxe izena eta oinarrian Gonzalo antroponimoa, Gonzaloena toponimoaren sarreran informazio gehiago antroponimo honetaz.
Egitura hori, PI + etxe, ez da oso ugaria baina aleak badira, gehienak sartaldean, Estebanetxea toponimoa bezala.

2026(e)ko azaroaren 2(a), astelehena

Gonzaloena toponimoa

 Mendatako etxe honen lekuko bakarra dago eta, antza denez, ez da gure egunetaraino heldu. Lekukoa dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Gonzaloena [N, TO]
Gonzaloena (la cassa de Mendata llamada), Mendata, a.1704, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra bada ere, Gontzalonea toponimoaren elementu berberak izango zituen, atzetik aurrera, artikulua, genitiboa eta Gonzalo antroponimoa, gorago aipatutako sarreran informazio gehiago erdal jatorriko antroponimo honetaz.

Gonzalo toponimoa

 Gonzalo da da Oiartzungo baserri bat. Informazio gehigarri apurra dago Oiartzungo toponimia liburuan, 151. or.:

Gonzalo. Baserria.
Ergoiengo errepide-bazterrean kokatua, antzinatik dokumentatu da (1499, MUG1O, 164. or. “casa de Gonzalo”).
XX. mendeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:
GONZALO (prop.) Ergoien ballara, Oiartzun
Toponimoak 500 urte baino gehiago iraun du aldaketarik gabe, elementu bakarra dauka, Gonzalo antroponimoa, germaniar jatorrikoa. Izen honetaz informazio gehiago Gontzalonea toponimoaren sarreran.

2026(e)ko urriaren 28(a), asteazkena

Mimetiz toponimoa

 Mimetiz da Zallako biztanle entitatea, udalburua. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira: Mimetiz (1722), Mimetiz (1796), Mimetiz (1798)... 
Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendeko bost lekuko jaso dira:

Toponimoa, beraz, ez da aldatu azken ia 500 urteetan eta litekeena da askoz zaharragoa izatea. Alfonso Irigoien toponimo honetaz arduratu zen, bere Las lenguas de los vizcainos. Antroponimia y toponimia medievales lanean, 416. or.:
71. “Mimeuri, térm. de Carranza, 1860”, con segundo elemento (h)uri ‘villa’, seguramente aplicado a un nombre de persona, cfr. “Mimetiz, barrio de Zalla”, que tiene forma de patronímico, además de sufijo.
F. Fernández Palaciosek, bere tesian Irigoienen analisia aipatzen du eta ustezko lotura ikusten du mimen hitzarekin, Lengua e historia del Asón al Cadagua: (épocas prerromana y romana) liburuan, 1146. or.:
Toponimoaren bukaeran atzizki bat dago, -iz, patronimiko bezala erabilia izan zen, baita toponimian ere, azken batean jabegoa adierazten zen, dela seme-alabena, dela etxe edo lurrena. Oinarrian antroponimo bat dugu, lekukotu gabea, baina ziurrenik konplexua zen, bukaeran atzizki bat izango zuelako eta oinarrian Meme, Mime, Mimi aldaerak dituen antroponimoa. Imizkotz toponimoarentzat *Mimisko oinarria proposatu dugu, Mimi + -sko egiturarekin, Mimetiz toponimorako -ittus atzizkia egokia izan liteke: Mime + -ittus > *Mimettus, lekukotu gabea, *Imisko bezala.