Mostrando entradas con la etiqueta Petri. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Petri. Mostrar todas las entradas

miércoles, 16 de octubre de 2024

Petritza toponimoa

 Petritza da Donostiako baserri bat. Lekuko zahar batzuk XIX. mendekoak dira, Donostiako toponimia lanekoak:

PETRITZA: Petriza (1864, Casa de labor, N.P.G., 69 orr.), Petritza (U.T.); Petritza (1989, D.U.T.B.). 64-28-3, m. B-5.
Toponimoak aldaera bat du Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan:
PETRIARZA (PETRITZA) (2 viv.) (prop.) 1655 Zubieta
Gainera, bazen beste baserri bat, Petritza berri, aipatutako liburu berean dagoena:
PETRITZA BERRI (transf. en granja porcina) Zubieta
Dirudienez, Petriarza izan zaharra litzateke eta Petritza berria. Hori konprobatzeko Dokuklik web-gunean bilaketa egin da, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. Petriarza deituraren lekuko batzuk badaude:
Horrelako lekukoetan oinarrituta, Auñamendi hiztegi entziklopedikoan Petriarzaren analisi etimologikoa ematen dute:
Petriarza. Apellido vasco en Zubieta (Usurbil, Gipuzkoa), en 1566.
Etimología
Ver PETRI (1), ARZA (7).
Baina bada oso antzekoa den deitura bat, lekuko askoz gutxiago ditu baina etimologia ziurtatzeko inportantea, Petriyarza aldaera:

Azken deitura honek toponimoaren elementuak argi uzten ditu, oinarrian Petri antroponimo ezaguna eta ondoren ihartza, ihar izenondoa eta -tza atizkia. Ihar ezaguna da euskal toponimian, horrela, blog honetan Lasiar eta Udiarraga toponimoetan dago. Euskaraz bada ihartze izena, elementu berberak dituena, atzizkia -tza izan beharrean -tze da, baina alde semantikoa bestelakoa da, 'udazkena' esan nahi duelako.

lunes, 9 de septiembre de 2024

Peruse toponimoa

 Galdakaoko toponimo zahar honen lekuko bat dago XVIII. mendearen bukaeran, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Peruse [N, TO]
Peruse (la casa de) [Ordeñana y Ysasigoicoa (uarrios de)], Galdacano, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko gehiago daude, toponimo eratorrien bitartez, XVIII. eta XX. mendeetan Relación toponímica general de Galdácano lanean:

Perunena o Perusecoa: 1795, cas. de Ordañe.
Peruseberesi: Jaro de Ordañe.
Perusesolo: Heredad de Ordañe.
Etxearen lekukoak hiru dira, Peruse, Perunena eta Perusekoa eta kontuan izanik toponimo eratorriak, Perunena kakografia litzateke, beharbada izena *Perusena izango zen. Etxeak, beraz, hiru izen izan zitzakeen: Peruse, *Perusena eta Perusekoa. Guztietan oinarrian antroponimo bat dago, *Peruse izan zitekeena, baina hori ez da aukera bakarra. Perus agertzen da P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 228. or.:

Perutx antroponimoaren sarreran dago, baina oso hurbilak diren beste hipokoristiko batzuk daude, horrela, Peruxe ere bada, 211. or.:
Oinarrian Peru dago, Petri antroponimoaren aldaera bat, erromantean sortua. Ondoren atzizki hipokoristiko bat jaso zuen eta toponimian finkaturik geratu zen. Ikus daitekeenez, Peru izenak atzizki txikigarri ugari jaso zituen, hauek guztiak oso antzekoak.

martes, 27 de agosto de 2024

Perotxenea toponimoa

 Perotxenea da Errenteriako baserri bat. Lekukoak XVIII. mende bukaeratik hasten dira:

1794     Perochena (Partido de Zamalvide)
1805     Perochenea
[...]
1871     Peruchenea
2001     Perutxenea, caserío
Toponimoaren lekukoetan bi ezberdintasun nagusi daude, bukaeran gehienetan -ea dago baina batzuetan -a bakarrik dago. Bestea da bigarren silabaren bokala, hasieratik 1870. urte arte /o/ da, hurrengo urtean lehenengo aldiz /u/ agertzen da eta horrela finkatu da.
Toponimoaren bukaeran -(r)en + -a daude, etxe izen askotan bezala. Oinarrian antroponimo bat dago, Perotx(e), hipokoristikoa da, bukaeran -tx(e) atzizki txikigarria dago eta oinarrian Pero, Petriren aldaera bat erromantzean sortua eta euskarara ere mailegatua, Jaunperobia toponimoan ere dagoena.
Perotx antroponimoaren lekuko batzuk daude P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 228. or.:

Lekuko berriagoetan Perutxenea aldaera dago eta Perutx(e) hipokoristikoaren lekukoak ere badira aipatutako liburuan, 228. or.:
Perotxe ere izan zitekeen eta Salaberriren liburuan ere bada, lekuko bakarra duela, 211. or.:
Perotxe (Pero): Peroche Marroquin de Otañes (XV. m., LGS, 311).
Perotx zein Perotxe, biek jatorri bera dute, baina azken honek lekuko bakarra du, beraz, lehenak aukera gehiago ditu toponimoaren oinarria izateko.

miércoles, 20 de marzo de 2024

Perukonekoa toponimoa

Perukonekoa da Errenteriako etxe baten izena. Bi lekuko ezagutzen zaizkio, biak urte berekoak, XVIII. mende hasieran:

1709     Perucoenecoa
1709     Peruconecoa
Dirudienez ez da berriro agertu, litekeena da izena aldatzea edo etxea desagertzea.
Toponimoaren egitura beste etxe izen askoren antzekoa da, bukaeran artikuluaz gain, jabetza adieraztekoa eta, beraz, oinarria geratzen da azaldu gabe, antroponimo bat izan ohi da, oraingo honetan Peruko, hipokoristikoa. Oinarrian Peru antroponimoa eta ondoren -ko atzizki txikigarria, hipokoristikoa sortzeko, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan Erdi Aroko lekuko batzuk daude, 155. or.:

Petri antroponimoa oso ezaguna da euskal lurretan eta aldaera ugari izan zituen, baita eratorri ugari. Peru aldaeratik sortu da baten bat, Peruzki toponimoko Peruski antroponimoa.
Periquete toponimoan ere badago Petriren aldaera bat, gero hipokoristiko bihurtua.

miércoles, 19 de octubre de 2022

Petrosolo toponimoa

 Petrosolo da Arraia-Maeztuko alor bat. XVIII. mendeko lekuko bat dago Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

PETROSOLO, 1733, labrantío de Cicujano.
Toponimoak bi elementu lituzke, Petro antroponimoa eta solo izen arrunta. Petro latin jatorrikoa da, eta aipagarria da oso toponimo antzekoa dagoela Araban bertan, Betrosolo. Azken toponimo honek elementu berberak ditu baina antroponimoaren hasierako herskaria ahoskabea da. Bi azalbide daude, batetik, kontsonante horrek aldatu gabe iraun zuela eta bestetik, izena egokitu zen euskaran ezpainkaria ahostunduz, Betrosolo toponimoan bezala eta gero berriz asimilatu zen, ahoskabetuz, bigarren silabako herskariaren eraginez, b-t > p-t. Fenomeno hau askotan gertatzen da, esaterako, piztu aditzean biz(i) + -tu dago, beraz, aldaketa izan zen biztu > piztu.

viernes, 2 de septiembre de 2022

Betrosolo toponimoa

Betrosolo da Arabako toponimo bat, Urkabustaizko alor bat.
Toponimoak bi elementu lituzke, Betro antroponimoa eta solo izen arrunta. Betro interesgarria da, Petro izenaren egokitzapena jasan duena, hasierako herskaria ahostunduz, fenomeno hau latinaren eta erromantzearen hiz askorekin gertatu ohi zen, horrela bake, dorre. Antroponimo hori ez dago bakarturik toponimian, Betroitzaga eta Betrokolo toponimoetan ere hasierako ezpainkaria ahostundurik dagoelako.

lunes, 25 de abril de 2022

Txerute antroponimoa

 Ataungo agiri zaharren artean Txerute agertzen da, behin, Archivo Municipal de Ataun (1268-1519) liburuaren 55. agirian, 1511. urtean: Juan de Cherute.
Izenak gogorarazten du Txeru toponimoa, Txeru antroponimotik sortua dena. Azken zatian -te atzizkia dago, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan lekuko zahar batzuk daude, 64.-65. or.:

Peru, Peruko, Perute -> Txeru, Txeruko, Txerute: Cheru de Elorregui (Arra., 1511; Le. & G., 1998: 89), Cheru de Olaçabarren (Zeg., 1516, Po., 2001, 43, 239. or.), Cheru, Cheruco (Aramaio, Del Valle, 1934: 192-193 eta NVP, 585. Ikus orobat Knörr, 1998: 223), «Pero Ruis de Laris, dicho “Cherute”» (Ziortza, 1508, Enr. & Sar., 1989, 23, 245. or.), Cherute (ibid., 279. or.), Cheru de Corta (Legazpi, 1513, Aierbe, 2006, 290, 273-274. or.). Jose Lezamizen (1654-1708) Vida del Apostol Santiago liburuko Gabon kanta honetan ere ageri da Txeru: «Matxiniko / zer dio, Txeru? / Atzorik ona / ze barri dogu?» (Kaltzakorta, 1999: 135).
Salaberrik bi lekuko ematen dituenei beste bat gehitu ahal zaie, Ataungo hau.

sábado, 13 de febrero de 2021

Betroitzaga toponimoa

 Azkoitiko etxeen artean badago Betroitzaga izenekoa, Urrategiko auzoan. XX. mendeko lekuko bat dago, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan:

BETROIZAGA (desh.), Ormaola mendi ballara
Toponimoak bi elementu lituzke, bukaera aldean -aga atzizkia eta hasieran, *Betroitz patronimikoa. Oso ezaguna da Petro antroponimoa, honi -itz atzizkia gehitu eta *Petroitz izango genuke eta ondoren hasierako herskaria ahostunduko zen *Betroitz sortuz. Dena den, bada beste azalbide bat, aurrekoari oso loturik, Petro izenetik *Betro aldaera sortu eta ondoren -itz atzizkia erantsiz *Betroitz patronimikoa genuke. Bietarako aukera dago, gainera, *Betro izatea ez litzateke ezohikoa izango, jakinik Betrokolo toponimoaren oinarrian *Betro ere egon litekeela.

martes, 2 de febrero de 2021

Juandalaperi toponimoa

 Baranbio toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XX. mendearen bukaerakoa. Federico de Barrenengoaren Onomástica de la Tierra de Ayala liburuan agertua:

JUANDALAPERI
JUANDALAPERI. —Cerca y al NF. de Pozueta, junto al mismo San Pedro. Baranbio.
Toponimoaren beraren azalpenean badago bere etimologia, agerikoa dena, Juandalaperi = San Pedro. Hiru elementu lituzke, Jaun + done + Peri, baina aldaketa batzuk jasoko zituen sortuko zen garaitik. Hasierako diptongoan metatesia izan da: au > ua. Gainera, done hitzaren hiru fonematan aldaketa izan da, aldatu ez den bakarra /d/ herskaria izan da. Bokaletan, ziurrenik asimilazioak eragina izan du: a-o-e > a-a-a, beharbada tarteko urrats baten beharra izan da. Azkenik, sudurkaria ere aldatu da, eta honetan disimilazioa izan da aldatzeko indarra: n-n > n-l, bilakaera bera gertatuko zitzaion Muliate toponimoari.
Bizkaian badago toponimo bat elementu berberak dituena eta ahozko aldaeran ere hainbat aldaketa jaso zituena, Jandoneperi (Jalanpi) toponimoa, Arrigorriagakoa eta kilometro askotara ez dago. Honetan ere sudurkarien dismilazioa izan da, baina aldaketa lehenengo sudurkariari gertatu zaio: n-n > l-n. Bokaletan ere asimilazioa izan da, ahaztu gabe lehenengo silabaren diptongoa desagertu dela. Bietan aldaketa nabarmenak gertatu dira eta neurri batean, berdintsuak izan dira.

sábado, 30 de mayo de 2020

Betrokolo toponimoa

Betrokolo izeneko tontor bat dago Mundakako herrian, Bizkaian.
Toponimoa antroponimo ezezagun batez osaturik izango zen, hipokoristiko bat, hain zuzen. Oinarrian Betro genuke, Petro izenaren euskararen egokitzea jasoa, p- > b-, bake eta bekatu izen arruntetan gertatutako egokitze bera. Ondoren bi atzizkiren eransketa gertatu zen, -ko eta -lo: Betro + -ko + -lo > *Betrokolo. Bi atzizkiak aztertuak izan ziren Irigoienen lanetan eta -ko aipatu zuen De re philologica linguae uasconicae V liburuko 14-15. orrialdeetan, Formación de hipocorísticos en la onomástica medieval de área vasconica izeneko lanean: Lopeko (Lopeco, 1366), Johanko (Johanco Salaberry, 1412-1413), Martiko (Martico d’Udaue, 1366), beste batzuen artean.
Orrialde batzuk aurrerago, 19. orrialdean, -lo atzizkia aipatzen du eta adibide batzuk ematen: Mikelo (Miquelo Veynça, 1366), Otxalo (Garcia Ochalo, 1217) eta bere patronimikoa Otxaloiz (Martin Ochaloyz, Garçia Ochaloyz, 1319) eta Zurilo (Çurilo, XIII. m.).
Lehenengo atzizkia nahiko zabaldurik badago, baina bigarrenak askoz zabalpen txikiagoa izan zuen.
Izen hipokoristikoetan normalena da atzizki bat izatea, baina ez da batere arraroa bi atzizki eranstea, adibidez blog honetan aztertutako Otxotetxea antroponimoa, bi atzizki dituena -(o)te eta -txe. Azken honen kasuan Otxoa izenetik Otxote sortu zen eta ondoren Otxotetxea. Baina Betrokolo izenaren aurrekaria izan litekeena, *Betroko, ez da ezagutzen.
Antroponimoa osatu eta gero, beste askotan bezala, toponimo bat osatu zen izen horrekin, antroponimoa galdu zen, baina toponimoa ez.

 Eguneraketa (2022-01-29):
Sarreran ez zen toponimoaren lekuko zaharrik, baina badago lekuko bat, XVIII. mendekoa, Juan Ramon de Iturrizaren Historia General de Vizcaya liburuan, 1775. urte inguruan, 224. or.:

La anteiglesia de Mundaca (nominada en la antigüedad Munaca que denota ribazal), tiene situación en la proximidad del mar océano Cantábrico, y su puebla que consta de una calle tirada, a la falda de dos pequeños montes llamados Mondellu y Betrocolo, distante cinco leguas de la villa de Bilbao...
Lekuko honek ziurtasuna ematen dio emandako etimologiari, toponimoak berdin iraun duelako azken 250 urte inguru.