domingo, 30 de septiembre de 2018

Otsakane toponimoa

Otsakane Oiartzungo toponimoa da.
Oiartzungo toponimia liburuan informazio gehiago ematen dute, eta toponimoaren etimologiarako erabili beharreko datua:
"Otsokone. Parajea.
Otsakane ahoskatzen den arren, dokumentazioan -o- duten formak agertzen dira (Ochocone, 1827, OGPAR Lib H 594 Fol 69 Vto “Inmediato al paraje de Ochocone”). Karrikan dago, Artikutzako errepidearen gainean".
Beraz, Otxokone > Otsakane bilakaera gertatuko zen. Afrikatuaren grafia zaharra zalantzazkoa da, <ch> horrekin beharbada adierazi nahi zuten hor afrikatua bazela, ez nahi ta nahi ez egun <tx> bezala jarriko genukeena. Baina hori ez da ziurra. Aldaketa nabarmena bokaletan izan da, o-o-o-e > o-a-a-e, erdiko bi bokalak aldatu dira. Beharbada bat aldatu eta gero, asimilazioaz, bestea. Baina ez dago argi aldaketaren kausa. Lekuko zahar gehiago beharrezkoak lirateke.
Dena den, lehenengo lekukoak Otxokone/Otsokone bezala agertzen baziren, analisi errazekoak lirateke, euskal antroponimian bilaketa eginez gero. Otxoko antroponimo hipokoristikoa litzateke toponimoaren oinarria, eta -(r)en + -a. Blog honetako Otxoko toponimoaren oinarri bera, nahiz eta azken honek ez du ezer oinarriaz gain.
Hasieran etxea edo izango zen han, baina gero desagertuko zen eta gerora aurkintza bat izendatzeko erabiliko zen, gaur arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario