Otxoki Donostiako etxe baten izena da.
Lehenengo lekukoa 1775. urtekoa litzateke, Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980, 393. eta 396. or.: Ochoqui.
Geroko informazioaren iturria Donostiako toponimia, 1995. urteko lana izan da, hauxe jarri zuten:
"OTXOKI: Ochoqui (1862, casa, D.U.A.-D-7-1-1), Ochoqui (1864, Casa de labor, N.P.G., 39 orr.); Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-3, M. I-3.
Ochoqui Bonasategui (1860, D.U.A.-D-7-1-P.).
*OTXOKI: Otxoki (1989, D.U.T.B.). 64-14-2, M."
Beraz, ia 250 urteko lekukoak badira eta beti Otxoki agertzen da, bestelako aldaerarik gabe. Horrela, etxe izena izanik, egokia litzateke antroponimian egokiak izan daitezkeen kideak aurkitzea. Bada bat erabat egokitzen dena, Otxoki antroponimoa, Otxoa ezagunaren hipokoristikoa. Aipatzen lehenengo P. Salaberri da, bere Izen ttipiak euskaraz liburuan hauxe jarri zuelako, 139. orrrialdean:
"Otxoki (Otxo(a)). Errazkingo Ochoquirena (1594, Le.p. 1) eta Goizuetako Ochoquirena (XVII. m.), Ochoqui (XVIII. m.), Ochoquia (XIX. m.) oikonimoetan aurkitu dut. Urumearen ertzeko herrikoa Otxókì ahoskatzen da egun; Baraibarren Otxokinbórda dago orain (NTEM XLV, 104)".
Salaberrik eite bereko antroponimorik aurkitu ez bazituen, gutxienez badira bi lekuko, Erdi Arokoak. Lehenengoa Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo II (1480-1498) liburuan bada:
Ochoqui d’Iginiz, 1481. urtean, 5. agiria.
Hurrengoa urte gutxira agertu zen, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuan:
Ochoqui Belç, 1499. urtean, 1. agirian.
Erdi Aroko lekukoak gipuzkoarrak dira, eta toponimoa ere hangoa da, inguru berekoa. Badirudi antroponimo honek hedapen mugatua izan zuela, Gipuzkoako sortaldea eta honen Nafarroako eremua.
Antroponimoaren analisia, Salaberrik adierazi bezala Otxoa antroponimoa eta -ki atzizki txikigarria lirateke.
Beraz, Otxoki antroponimo hipokoristikotik Otxoki oikonimoa, etxe izena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario