sábado, 27 de octubre de 2018

Alokairu hitza

Euskal testuak ugariak izaten dira Erdi Aroa bukatu eta gero, XVI. mendean hasten dira liburuak egiten, baita ere beste testu mota batzuk. Ondorioz, euskal hitz gehienak garai horretan hasten dira agertzen. Baina bada lehenago denbora tarte oso handi bat, Erdi Aroa. Garai hartan ez da, zoritxarrez, euskal testu luzerik, baina erdarazkoak badaude eta horietan euskal hitz ugari aurki daitezke, gehienak testuinguru onomastikoan, antroponimoetan eta toponimoetan.
Batzuetan testu horietan agertzen diren hitzak aipagarriak dira, batere ohikoak ez direlako. Hala gertatzen da alokairu hitzarekin. Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, lehenengo lekukoa aski zaharra da, Leizarraga, 1571. urtekoa. Baina Hondarribiko testu zaharretan ere bada, Colección Documental del Archivo Municipal de Hondarribia. Tomo IV (1499-1537) liburuan zenbait agerpen baditu:
Juan d’Echeberri de Alocayru, 1500. urtea, 48. agiria.
Juango d’Echeberri d’Alocayru, 1500. urtea, 54. agiria.
Juanicot de Alocairu, 1500. urtea, 59. agiria.
Alokairu hori toponimoa zen eta lekuko horiei esker, hitz honen agerpena 72 urtez aurreratzen da. Ez da asko, baina hitz honen historia apur batez luzatu da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario