Lesakako toponimoa da Otxotenea. Egungo lekukoa aztertuz gero, analisia errazekoa litzateke, Otxote PI + -(r)en + -a. Lekuko zaharrek, baina, bestelako analisia egitera behartzen dute. Horrela, Ochocotonea (1795, 1841), gero, XX. mendearen erdialdean Ochocotenea (1944). Urte gutxitara Otxotenea (1960), eta azkenik Ochótenia (1991).
Kontuan izanik lekuko zaharrak, *Otxokoto litzateke toponimoaren oinarria, orain arte inoiz azaldutakoa, antza. Antroponimo antzekoena *Otxokote litzateke, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 159. orrialdean:
"Otxokote (Otxo(a)). Labaiengo 1726ko Ochocotenea oikonimoaren oinarrian dagoela dirudi."
*Otxokoto oinarria jatorra balitz, ez litzateke *Otxokote izenaren aldaera, azken honetan atzizkiak -ko eta -ot(e) lirateke, baina *Otxokoto izenean, batetik Otxoa oinarria, eta atzizkiak -ko eta -to lirateke. Dena dela, ezin da erabat baztertu hasieran *Otxokote izatea eta gero, lekukoak azaldu baino lehen *Otxokoto bezala agertzea.
Lekuko zaharretatik egungo aldaerara silaba bat galdu du, tarteko /ko/, ziurrenik azentuaren indarragatik, hurrengo silaban eragina izan du. Hala ere galera hori oso berria da, joan den mendearen erdialdean Otxokotenea bazelako.
Otxotenea toponimoaren azterketak ahalbidetu du izena bera argitzea, eta baita ere *Otxokoto antroponimo galdua berreskuratzea, toponimo hau delako *Otxokoto izenaren lekuko bakarra.
No hay comentarios:
Publicar un comentario