Azken garaian blog honetako sarrera guztiak Otxoa antroponimoaren eratorriez aritu dira, guztira 31 sarrera. Gehienak toponimikoak, baina antroponimo batzuk ere izan dira sarreren gaia. Otxoa antroponimoak eratorri gehiago utzi zituen, baina blog honetako sarrerak izan dira informazio gehiago emateko, dela etimologia berri bat, edo zuzendutako bat, edo lekuko aipatu gaberen bat. Batzuk gehiago geratzen dira baina informazio osagarria beharrezkoa da, batez ere lekukoen kronologiari buruzkoak.
Dena den, hemen aztertutakoak sarrera honetan izango dira, azalpen oso labur batekin. Gehiago jakin nahi duenak, loturei jarraitu eta han agertuko da bildutako informazioa.
Hauek izan dira aztertutako antroponimoak eta toponimoak, zaharrenetik hasita:
1. Otsoetxe toponimoa (Urduliz), gutxi dira PI + etxe egitura duten toponimoak, eta hau egitura honen beste adibide bat da.
2. Otxoasagastia toponimoa (Zestoa aldean), zenbaitetan arazoa izan daiteke otso animalia izena eta Otxoa antroponimoa bereizteko orduan, irizpide bat artikulua liteke, Otxoa izenean badena baina animalia balitz, *Otsosagastia bezalako bat sortu beharko zen.
3. Otxoamendiko buarra toponimoa (Agurain eta Alaitza inguruan), batetik Otxoa- izanik, antroponimoa bada, eta bestetik buar 'bular' aldaeraren lekuko zaharra.
4. Otsandola toponimoa (Oiartzun), Otxando izenak bazuen Otsando aldaera zaharragoa eta zenbat toponimotan gorde izan da.
5. Otsondoa toponimoa (Artaxoa), batetik izenaren afrikatu zaharra gorde zen eta bestetik toponimoak jasan duen bilakaera azken 500 urteetan, nahiko interesgarria.
6. Otxandibar toponimoa (Villamayor de Monjardin), antroponimoa Otxando edo Otxanda izan ahal izenaren azken bokala galdu zelako. Bilakaera hori ez da ohikoa antroponimoekin, baina bi antroponimo horiekin badira beste adibide batzuk.
7. Uxando toponimoa (Hondarribia), batetik afrikatua, bestetik o- > u- aldaketa, beste hainbat toponimotan ere gertatua.
8. Usandizaga toponimoa (Azpeitia), Otxando-ren patronimikoa toponimian, eta o- > u- bilakaera, ahaztu gabe <s> grafia afrikaturako.
9. Usanits toponimoa (Bidaxune), Otxando-ren patronimikoa toponimian, o- > u- bilakaera eta nd > n, aldaketa ezohikoa eta zaharra.
10. Otxanda toponimoa (Donostia), antroponimoa toponimo bihurtua, aldaketarik gabe.
11. Otsandagorta toponimoa (Zeanuri), dirudienez, Otxanda antroponimoa bada, <ts> grafiaduna, ohikoa ez dena.
12. Otxandarri toponimoa (Villaverde), oinarrian Otxanda edo Otxando izan ahal.
13. Otsanko antroponimoa, Uzanco de Refoio, 940. urtekoa, itxuraz, Otsanko-ren lehenengo lekukoa, o- > u- aldaketa.
14. Otsango antroponimoa Donemiliaga Kukulako kartularioan 952. urtean, 64. agirian Osango, Otsanko-ren aldaera nk > ng asimilazioa jaso duena.
15. Otxango toponimoa (Aletxa), Otxango antroponimoa toponimo bihurtua, besterik gabe.
16. Otzango toponimoa (Zumaia), Otxango antroponimoa toponimo bihurtua, baina <tz> aipagarria da, txistukarien neutralizazioa edo otzan hitzarekiko analogiaz aldatua?
17. Otsoeta toponimoa (Zornotza), Otxoeta antroponimoa toponimo bihurtua, afrikatua <ts>, oso aldaera zaharra gordea?
18. Otsaita toponimoa (Berriz), Otxoeta antroponimoaren aldaera zaharra? Inoiz *Otsaita antroponimoa izan al da, edo *Otsaeta aldatua?
19. Otxoki toponimoa (Donostia), Otxoki antroponimo toponimo bihurtua. Otxoki antroponimoaren lekuko gutxiei beste bat gehitua.
20. Otxoko toponimoa (Asparrena), Otxoko antroponimoa toponimo bihurtua, lekuko zaharrak nafarrak dira, beraz, izen hau hedatu zen.
21. Otsakane toponimoa (Oiartzun), Otxokone > Otsakane aldaketa, azaltzeko zaila.
22. Otxokoneko barrutia toponimoa (Basaburu), Otsakane bezala, oinarrian Otxoko bazen, baina toponimo honetan ez zen aldaketarik izan.
23. Otxotenea toponimoa (Lesaka), itxuraz Otxote PI + -(r)en + -a, baina lekuko zaharrak aztertu ondoren, oinarria *Otxokoto litzateke, inioz ikusi gabea. Beraz, toponimo horri esker, Otxoa-ren beste hipokoristiko bat gehiago argitara atera da.
24. Otsakain toponimoa, honetaz arduratu direnak Otxoko proposatu dute baina lekuko zaharrenak kontuan hartuz Otsako antroponimoa oinarria litzateke.
25. Otxote antroponimoa. Lekuko zaharrena Aragoikoa: Ozote de Bagilo, 1020-1030. urte inguruan.
26. Otxote eta Otxotenea toponimoak (Hondarribia), beharbada etxe beraren toponimoak, Otxote antroponimoak sortutakoak.
27. Otxoteko antroponimoa. Egun deitura bat bada, 1798. urteko lekuko batean ere deitura da eta 1366. urtean antroponimoa zen. Ibilbide luzea hipokoristiko honena.
28. Otxotetxea antroponimoa, 1475. urteko da Otxotetxea bizkaitarraren aipu bakarra.
29. Otxandaperra toponimoa (Antoñana-Oteo-Sabandoko mendi komuna), Otxanda antroponimoa eta *perra, galdutako hitz arabarra.
30. Otsandilibar toponimoa (Zirauki), oinarria Otxanda edo Otxando + -iri + ibar. Beharbada lekuko zaharren grafia kontuan izanik, antroponimoa Otsando izan ahal.
31. Peñaochanda toponimoa (Cabredo), toponimoa erdaraz sortua, Otxanda erdaraz ere ezaguna zen, kilometro gutxira Otxandarri, bere kide euskalduna izan litekeena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario