Abiola toponimoa hiru aldiz agertzen da Gipuzkoan. Azkoitian basoa eta ordokia da eta Ataunen, aldiz, tontorra.
Baina ez oso aspaldi, bazen Azkoitian baserri baten izena, Iñaki Linazasororen Gipuzkoako baserriak liburuan agertzen den bezala, Kukuerri ballaran, hain zuzen.
Erdi Aroko lekukoak ere badira, toponimo honen zahartasuna sendotzeko lagungarri direnak. Documentación medieval del Archivo Municipal de Azkoitia (m.s. XIII-1500) liburuan badira bi lekuko: Juan Peres de Aviola eta Pero Yvannes de Aviola, 1413. urtea, 21. agiria.
Azterketa etimologikoa egiteko, toponimoaren banaketa egin beharra dago, elementuak agertzeko, beraz: abi- + ola, azken hau oso ezaguna da toponimian eta blog honetan behin baino gehiagotan azaldu da. Baina hasierako zatia ilunagoa da. Ahabia hitza ongi egokituko litzateke, jakinik ohikoa den bezala, hasperena galdu ondoren bi bokal berdinak batu zirela, euskararen eremu gehienetan. Aldaketa gehiagorik ez da gertatu eta toponimoak, gutxienez 600 urte iraun ditu, gure egunetara arte.
Abiola toponimoaren ahabia litzateke hitz honen lekuko zaharrena, Erdi Aroaraino atzeratuko luke hiz honen lekuko zaharrena.
No hay comentarios:
Publicar un comentario