sábado, 25 de julio de 2020

Jaurisasia toponimoa

Badirudi toponimoa egun bizirik ez dagoela, baina Arabako Mendieta herriko toponimo hau lekuko zahar baten bitartez ezaguna da. Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan bada lekuko zahar hori, B04 izeneko agirian, 1418. urtean, 226. or.:
E desta pedrera arriba a donde esta vna pedrera grande que llaman Jaurisasia.
Toponimo honek bi elementu lituzke, jaur- 'jaun' eta isasi, ahaztu gabe -a artikulua.
Jaur- aldaera jauregi hitzean ere bada, jaur- 'jaun' + -(t)egi, eta hainbat hitzen eratorpen aldaeratan bada, sor- 'soin' + balda > sorbalda.
Bitxia da kontrastea Jaunubela toponimoarekin, han, dirudienez, toponimoaren oinarria ez delako aldatu. Arrazoia kronologian bilatu beharra dago, beharbada.
Isasi hitzak ez du euskal testuetan aztarren handirik utzi, Orotariko Euskal Hiztegian hauxe da agertzen den informazio osoa:
isasi.
isasi. "(V-ger), jaro" A.
Lekuko bakarra du, Azkueren hiztegia, XX. mendearen hasierakoa. Beraz, Arabako lekuko toponimiko honek Araba ere gehitzen du isasi izena ezaguna zen lurraldeen ezagutza eta isasi hitzaren lehenengo lekukoa ia 500 urtez aurreratzen du.
Azken ohar bat isasi hitzaz, beharbada oinarrian isats egon liteke, bukaerako -i hori atzizki zahar bat litzateke, gazi hitzean dagoen bera, *gaz 'gatz' + *-i > gazi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario