Oialume egun, Hernaniko auzoa da eta Astigarragako Oialumezar izeneko baserria bada.
Aurreko mendearen bigarren erdirako badaude lekuko batzuk, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan jasoak. Honakoan, bazen Oialume izeneko baserria Hernanin eta Astigarragan, aldiz, Oyalumeberri izeneko baserria. Orduan bilakaera hauxe litzateke, Hernaniko baserriaren izena auzo bat izendatzera erabili da, eta Astigarragan bi baserri izan dira Oialume izendunak, Oialumeberri eta Oialumezar.
Toponimoa, euskaratik begiratua, argia da, oihal + ume. Hizkera arruntean ez litzateke bitxia izango baina bai toponimo baterako.
Hurbilketa etimologikoak bestelakoa izan behar du. Aldaketa batzuk gertatuak izan dira hasierako toponimoa nahikoa aldatu dutenak. Batetik un > um bilakaera gertatu zen, Gazume toponimoan bezala. Horrela, aurreko aldaera *Oialune izango zen. Bestetik, sudurkarien disimilazio bat, n-n > l-n, Martilandierreka toponimoan bezala. Orduan, atzeranzko urratsa egin eta *Oianune izango genuke. Hauxe litzateke hasierako izena. Elementuak ezagunak dira, oihan eta (g)une, baina bi sudurkariak izen berean izatean, aldaketak hasi ziren, Oialume bihurtu arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario