lunes, 29 de noviembre de 2021

Osintxu toponimoa

 Osintxu, egun, Bergarako biztanle-entitate bat da. Aspaldian haran bat izendatzeko erabilia izan zen, Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara web-gunean Osintxu toponimoaren lekuko zaharrak daude eta aurreko mendeetan izena ezberdina zen, Osiranzu bildu delako:

1571, valle y vezindad de OSIRANSU
1661, valle de Osiranzu
Lekuko zaharragoak daude, Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara II. Fondo Municipal: Subfondo Histórico (1355-1520) izenburuko liburuko 53. agirian, 1506. urtekoa:
...el nuestro medio molino de Osyransu, con su presa e calçes, entradas e sallidas, servidunbres, señorio e posesion çevil e natural [...] E lo susodicho fazemos contra vos, el dicho Pero Garçia, por rason que nos aveys a dar e pagar en çenso e renta perpetuamente por el dicho medio molino de Osiransu en cada un año mil maravedis...
Toponimoa, beraz, aldatu zen Osiransu zaharretik Osintxu modernora. Tartean aldaketa batzuk izan ziren, ziurrenik lehena zen dardarkariaren galera eta ondoren /a/ bokala eta azkenik, bukaerako txistukaria aldatu zen.
Aztertzeko izena Osiransu da. Lehenik, atzeranzko urratsak eginez, txistukari asimilazioa izan zen, s-z > s-s, beraz, *Osiranzu berreskuratu dezakegu. Lehenago, beste aldaketa bat izango zen, beharbada sudurkari disimilazio bat, n-n > r-n, *Osinanzu > *Osiranzu, baina hori ez da azalpen bakarra. Ezaguna da sudurkariz bukatutako hitz zahar batzuetan eratorpen aldaeran dardarkari bihurtzen zela: -n > -r, horrela, egun - eguraldi, jaun - jauregi; aldaketak berak osin - osir- bihurketa eragin zezakeen, beharbada.
Laburbilduz: osin > osir- + antzu > *Osirantzu > Osiransu > Osintxu. Bilakaera berdina Gipuzkoako beste toponimo bati gertatuko zitzaion, Oxirondo izenari, hain zuzen. Aipatutako liburu berean behin baino gehiagotan agertzen da, horrela, 20. agirian, 1450. urtekoan:
Ossirondo quarenta e dos fuegos: XLII
Hurrengo lekuko, baina ez azkena 30. agirian, 1490. urtekoan:
En la eglesia de sennora Santa Marina de Oxirondo, a veynte e quatro dias del mes de abril, anno de I mill CCCCº XC annos
Bilakaera izango zen osin > osir- + ondo > Oxirondo, edo osin + ondo > *Osinondo > Oxirondo. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo hori aipatu zuen, baina azalpenik gehitu gabe:
506. — osin «sima»: Osinaga (Ojinaga, Oxinaga, Oxiñaga, Doussinague), Osinalde, Osirondo (Ojirondo), Ossiniri; Ocinalde, Ocindegui; Espelosin, var. Espolosin, acaso ezpel, ozpel, ospel «paraje sombrío». Top. Ossin Biriuila, Irache 1258.
Osintxuren bigarren elementua antzu litzateke, toponimian ez da ohikoa baina ale batzuk badaude, Antzuola herri izenean bezala, agian.

No hay comentarios:

Publicar un comentario