lunes, 15 de enero de 2024

Garbe eta Garbea toponimoak

 Garbe da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen toponimoa, gehienak lehenengo bi herrialdeen arteko mugaldean, horrela, Arabako Laudion eta Okondon erreka eta hegala, mazela da. Bizkaiko Igorre herrian kale bat da.
Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan lekuko gehiago daude:

GARBE, monte y camino de Mandojana. Regata de Llodio.
Bizkairako Galdakaon ere bazen Garbe, Relación toponímica general de Galdácano izeneko lanean agertzen baita:
Garbe: 1607, regato de Lecubaso; monte y término de Arteta.
Garbeburu: 1607, agurbide, zona de Lecubaso-Arteta.
Garbea da Artzentalesen erreka, Sopuertan eta Balmasedan tontorra eta Trebiñun soroa. Sopuertarako lekuko zahar bat dago Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofizialean, Garvea (1794). Inoiz toponimo honen lekukoetan La Garbea agertzen da.
Aipatutako Lopez de Gereñuren liburuan Arabako beste lekuko bat dago, Aiaraldean, la erdarazko preposizioa daramala, beharbada inguru honetako erdaran hitza mailegatu zelako:

GARBEA (La...), monte de Menagaray.
Azkenik, Gipuzkoan ere izan zen Garbe izeneko tontorra. Garbebarrena basoa toponimo eratorria da. Garberen lekuko zaharrena Garve da, 1822. urtekoa. Besteak lekukotza zaharragoa du, Garbeabarrena (1771), Garbe barrena (1891) eta Garbebarrena (1991).
Toponimoak aurkeztu eta gero, azterketa etimologikoa dago. Horretan aurrera egiteko bilakaera zahar bat kontuan izan behar dugu, sudurkariz bukatutako hitz batzuen eratorrietan dardarkari batez ordezkatua zela, horrela, egun : eguraldi, jaun : jauregi bezalakoak. Garbe zatituz, gar-be eskuratuko genuke eta lehenego elementuaren aurreko egoerara itzuliz gain eskura genezake: gar- 'gain' + -be (+ -a). Hurrengo elementua behe izan liteke eta *garbe hitz inoiz izan bazen 'gainaren behekoa' esan nahiko luke. Hau bat dator toponimo hauen gehienen kokalekuaren, mendi inguruan daudelako, gainaldeetatik hurbil.

No hay comentarios:

Publicar un comentario