martes, 27 de agosto de 2024

Perotxenea toponimoa

 Perotxenea da Errenteriako baserri bat. Lekukoak XVIII. mende bukaeratik hasten dira:

1794     Perochena (Partido de Zamalvide)
1805     Perochenea
[...]
1871     Peruchenea
2001     Perutxenea, caserío
Toponimoaren lekukoetan bi ezberdintasun nagusi daude, bukaeran gehienetan -ea dago baina batzuetan -a bakarrik dago. Bestea da bigarren silabaren bokala, hasieratik 1870. urte arte /o/ da, hurrengo urtean lehenengo aldiz /u/ agertzen da eta horrela finkatu da.
Toponimoaren bukaeran -(r)en + -a daude, etxe izen askotan bezala. Oinarrian antroponimo bat dago, Perotx(e), hipokoristikoa da, bukaeran -tx(e) atzizki txikigarria dago eta oinarrian Pero, Petriren aldaera bat erromantzean sortua eta euskarara ere mailegatua, Jaunperobia toponimoan ere dagoena.
Perotx antroponimoaren lekuko batzuk daude P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, 228. or.:

Lekuko berriagoetan Perutxenea aldaera dago eta Perutx(e) hipokoristikoaren lekukoak ere badira aipatutako liburuan, 228. or.:
Perotxe ere izan zitekeen eta Salaberriren liburuan ere bada, lekuko bakarra duela, 211. or.:
Perotxe (Pero): Peroche Marroquin de Otañes (XV. m., LGS, 311).
Perotx zein Perotxe, biek jatorri bera dute, baina azken honek lekuko bakarra du, beraz, lehenak aukera gehiago ditu toponimoaren oinarria izateko.

Karrikaburu toponimoa

 Toponimo zahar honen lekukotza deitura bihurtua dago, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVII. mende hasierako lekukoak daude, Hernani eta Hondarribikoak:

Deituretan hitz elkartu bat dago, karrikaburu, karrika eta buru izenekin sortua. Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lekuko zaharrena 1842. urtekoa da, beraz, lekuko hauek 225 urtetan aurreratuko lukete hitz honen lekuko zaharrena.

viernes, 23 de agosto de 2024

Karrika toponimoak

 Karrika da Gipuzkoako bi herritako toponimoa, Andoainen Karrikako errota izeneko etxea dago eta Oiartzunen Karrika da hirigune bat eta erreka bat. Azken herri honen toponimoaz informazio gehiago dago Oiartzungo toponimia liburuan, 173. or.:

Interesgarriak dira XIX. mendeko Garrika lekukoak, euskararen ezaugarria da maileguen hasierako herskarien ahostuntzea, eta kasu honetan azkenean Karrika aldaera nagusitu da.
Bilaketa egin da Karrika deituraren Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak. XVII. mendeko lekukoak daude, Gipuzkoakoak:
Karrikarte ere bada:
Toponimo hauetan eta deituretan izen bat dago, karrika, lekuko zaharrena XVI. mende hasierakoa da:
Onom.: Mendiondo, carrica. (1520) Arzam 302.
Hitz honen erabilera euskararen sortaldeko erdikoa da, esaterako, Gipuzkoan Donostiako inguruan erabilia izan da, ez da sartalderagora hedatu.

lunes, 19 de agosto de 2024

Garbide toponimoak

 Dirudienez, Garbide toponimoa izan zen Hego Euskal Herriko hiru lurraldetan. Bizkaian, Bilboko toponimo honen XVIII. mendeko bat dago Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Garbide [N, TO]
Garbide (la casa llamada) [Ocharcoaga (barrio de)], Begoña, a.1704, FogVizcayaMs
Gipuzkoako lekukoa Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. II. Pleito de los ferrones (1328-1514) liburuan dago, 21. agirian, 1499. urtekoa, 98. or.: Martín de Garuide.
Lekuko bakarra da eta toponimoa ez da nahi ta nahi ez Gipuzkoakoa izan behar. Beharbada Martin beste lurralde batetik etorria zen. Zoritxarrez, ez da lekuko gehiago lortu.
Nafarroako lekukoa toponimikoa da, Andres Iñigoren Toponomástica histórica del Valle de Santesteban de Lerín (regata del Ezkurra) tesikoa:
GARBIDE
DOC.- garvide (1559, PR STB C.6 ETE) “camino que se dice garvide”.
COM. LING.- Se trata de un caso similar al apuntado por MICHELENA para Garbuno y Garmendia (89), en los que el elemento inicial gar- queda bastante oscuro, siendo transparente bide ‘camino’ como elemento final. (V. GARMENDIA en el capítulo de toponimia menor de Doneztebe y GARMENDI en el de Ituren y en el registro siguiente).
Hiru lekuko daude, bi toponimo ziren eta bestea gizon baten izenean zegoen, baina azken lekukoak adierazten digu bidea zela, baina hori erraz susma zitekeen toponimoaren bukaera irakurriz. Hasierako elementua gar- litzateke eta Garbe eta Garbea toponimoen sarreran gain > gar- bilakaera aurkeztu genuen eta hori Garbide toponimorako ere egokia izan daiteke: gar- 'gain' + bide > Garbide. Aipatutako bilakeraren adibide gehiago daude, Garibai toponimoa bezala.
Beharbada garai batean *garbide izena izan zen han hemenka erabilia baina gero galdu zen eta geratu diren apurrak toponimikoak dira, lekuko nahiko zaharretan eta aspaldian galduak, antza.

miércoles, 14 de agosto de 2024

Pekin toponimoa

 Andoainen izen zen Pekin etxea izenekoa, XIX. mendearen bukaeran, lekuko bakarra du eta Andoaingo toponimia liburuan agertzen da, 97. or.:

Errenterian lau dira Pekin hitzaz osaturik toponimoak, azken bietan lekukotza XVIII. mendean hasten da: Pekingo erreka, Pekingo fabrika, Pekiñerrota:
1760     Molino de Pequin     CRA
1857     Pequinerrota           NOM
1869     Pequin-errota           NOM
Eta, azkenik, Pekiñetxe:
1794     Pequín (Partido de Abrin) AME A/1/113
1819     Pequin           AME C/7/II/1/1
1830     Pequín           AME E/5/II/5/2
Errenteriako toponimoek lekukotza handiagoa eta zaharragoa dute. Hala ere, toponimoak ez du aldaerarik erakutsi eta, beraz, izen bakarra dago aztertzeko, Pekin, eta izen horrek gogorarazten digu Txinako hiriburuaren izena, homofonoa dena, Pekin, nahiz eta azken urteetan Beijing aldaera ere erabili. Normalean euskal toponimoak euskarazko hitzekin sortuak izaten dira, baina salbuespenak badira, Babilonia toponimoa bezala. Beharbada exotismoak eragina izan zuen, baina ezin jakin izen hori jartzearen arrazoia. Beste aukera bat dago, Perikin hipokoristikoa izan zen, Petri antroponimoaren aldaera batetik sortua. Hipokoristiko hori ez da ezezaguna euskal onomastikan, Arrasateko Perikinbekoa, Perikingoikoa eta Perikiñena toponimoak.
Ez da ezinezkoa Perikin > Pekin gertatzea, bokalarteko dardarkariak galdu ondoren eta gero bi bokalak batu. Hala ere, ez dago aurreko ustezko egoeraren lekukorik eta oraingoz Txinako hiriburuaren izena dagoela pentsatu behar dugu. Jakina, lekuko goiztiarragoren bat izena aldaturik agertuz gero, etimologia aldatu beharko litzateke, baina egun dauden datuekin proposatutakoa hobetsi beharra dago.

lunes, 12 de agosto de 2024

Seroretxea toponimoa

 Seroretxe da Abaltzisketako baserri bat, baita ere Berastegiko baserri bat. Seroretxea da Donostiako baserri bat eta Beizamako etxe bat. Azkenik, Lazkaoko Benitaenea etxearen beste izena da Seroretxea. Nabarmena da izen honek Gipuzkoan izan zuela erabilera, izan ere beste toponimo bat zegoen, dirudienez ez da gure egunetaraino heldu, Andoaingo toponimia liburuan, 91. or.:

Guztira lau aldiz agertzen da, bitan seroretxe izena erabiliz eta beste bietan serorategi, bietan hitz apur bat aldaturik. Bi hitzak sinonimo dira, batean etxe izena erabilia da eta bestean -tegi atzizkia. Seroretxe hitz elkartuak lekukotza berankorra du euskal testuetan:
seroretxe.

1. serora-etxe (V-gip ap. Elexp Berg); serore etxe; serotetxe (V-m ap. Zubk Ond).
Casa de la sacristana.
Serora etxea eta Elizatxoa itsatsirik [...] ipiñi ziran. Zab EE 1884b, 204. Berritu zuen Seroretxea. Otag EE 1884b, 525. Len esan dedan serora-etxe ori Urrutietxea da. Or SCruz 26.
v. tbn. Ugalde Iltz 22 (serore etxe).

2. Convento.
Bertze komentu, hemen hurbileko ala han-hara nonbeiteko fraide eta serora etxe zonbatekin. HU Aurp 148. Gogoan zuen seroretxea idek artean. Othoizlari 10 (1956) 103.
Ikus daitekeenez, lekuko zaharrena XIX. mende bukaerakoa da, 1884. urtekoa. Beraz, Andoaingo toponimoaren 1615. urteko Serorechea bi mende eta erdi baino gehiagoko aurrerapena litzateke.
Serora izenak beste agerpen batzuk izan ditu blog honetan, Seroreerreka eta Seroresagasti toponimoak aztertzerakoan eta Serora hitzaren sarreran.

viernes, 9 de agosto de 2024

Semeronea toponimoa

 Semeronea da Hondarribiko baserri bat. Izendegi ofizialeko lekukoak XX. mende bukaerakoak dira:

ZEMEONIA (1992)
semeonea (1993)
Semeronea (1993)
Ohikoa denez, aukeratu duten aldaera osoena da eta hori da azterketa etimologikoa egiteko onena. Toponimoaren bukaeran -(r)en eta artikulua daude, etxe izenetan ohikoa den bezala. Oinarrian antroponimo bat izan ohi da eta Hondarribiko toponimo honetan Erdi Aroko Semero dago. Semerola toponimoaren sarreran lekuko zaharrenak daude eta izenaren azterketa.

miércoles, 7 de agosto de 2024

Lunbe toponimoa

 Toponimo honen lekuko bakarra dago Donemiliaga Kukulako Becerro Galicano izeneko bilduman, 462. agirian 1063. urtekoan:

Et ego domna Goto dedi unam terram in territorium de Salinas, in terminum Lumbe, iuxta terram de Tellu presbitero.
Toponimoak euskal etimologia izan dezake, nahikoa da aldaketa txiki bat antzematea, aferesi bat, hau da, hasierako fonemaren galera. Hala gertatu bazen, *Ilunbe berreskura genezake, eta hori ez da ezezaguna euskal lurretan, Illunbe behin baino gehiagotan dagoelako; Bizkaian, Diman baserria eta haitza da, Ean Illunbeko errekea dago. Arrigorriagako Montefuerte auzoaren beste izena Illunbe da. Gipuzkoako Mutriku herrian Illunbe izeneko baserria dago.
Toponimo ugari dira hitz hori dutenak eta ilunpe hitza bada, sarreran adierazten da aldaera zaharrena ilunbe dela:
ilunpe.
Tr. Il(h)unbe es la forma más antigua tanto al Norte como al Sur (ya en una poesía navarra de 1564) y la más documentada en autores de los ss. XVI, XVII y XVIII (aunque hay ilhunpe en Pouvreau, Tartas (Onsa 103), Gasteluçar (74), Larramendi..., en todos junto con ilhunbe). A partir del s. XIX, il(h)unbe e il(h)unpe se documentan en proporción similar, quizás esta última con más frecuencia en autores meridionales, alternando a veces ambas formas en un mismo autor. En textos suletinos encontramos ülhünpe (ilhünpe en Archu y ambas formas en Inchauspe). Hay tbn. por lo menos un ej. de ilhunbehe en Lap (162 (V 72)), que por lo demás emplea ilhunbe. En DFrec hay 12 ejs. de ilunbe, 14 de ilunpe y 16 de illunpe, todos ellos meridionales.
Orotariko Euskal Hiztegiko lekuko zaharrena da Juango de Iyumbe (1492) eta eman den etimologia zuzena izanez gero, Lunbe lau mendetan aurreratuko litzateke.
Ilunbe bi elementuz osaturik dago, ilun eta behe, atzizki modura egoteagatik -be bezala laburturik dago.

jueves, 1 de agosto de 2024

Tellaginsoro toponimoak

 Ataungo toponimian Tellaginsoro izeneko bi aurkintza daude:

Tellaginsoro
Tellagin soo: (= heredad del tejero). 1827 “heredad llamada tellaguinsoro…oriente con la antepuerta de la casa, por mediodía con la regata, por poniente con la heredad de Lauztiturrieta y por septentrión con el camino de Igarzagarate a Lauztiturrieta”.
    Izaera: soroa
    Kokalekua: Urresumendi
    Erreferentzia: 04. karp. 244. zk. 1767 erreg.

Tellaginsoro
Urezandi y Tellagin soro: (= del agua para allá). (=heredad del tejero). 1830 “heredades de Urezandi y Tellaguin soro de Tellechea”.
    Izaera: soroa
    Kokalekua: Aiesu
    Erreferentzia: 18. karp. 011. zk. 7404 erreg.
Toponimoetan bi elementu daude, bukaeran soro izena eta hasieran teilagin hitz elkartua, teila eta -gin elementuz osatua. Orotariko Euskal Hiztegiko lekukotza txikiaren beste ale bat lirateke Ataungo toponimo hauek.