Katalintxo da Oiartzungo etxe bat eta bide bat. Oiartzungo toponimia liburuan ere badago:
Katalintxone.
XV. mendetik gaur egun arte Katalintxo eta Katalintxone gisa dokumentatu da. Ahozko forma Katalintxo da.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen
Caseríos de Guipúzcoa liburuan:
KATALINTXO (prop.) Palacio ballara, Oiartzun
Katalintxoenea da Donostiako baserri bat, egun desagertua. Izendegi ofizialeko lekukoetan izen bat baino gehiago daude:
Catalincho, Katalintxone, Katalintxoenea...
Lekuko gehiago
Donostiako toponimia lanean agertzen dira:
KATALINTXOENEA: Catalinchoene (1841, casa, D.U.A.-B-10-II-362-2), Catalinchoene (1844, casa, D.U.A.-C-5-I-1691-1); Katalintxoene (1989, D.U.T.B.). 64-14-7, m. I-4.
Katalintxoren lekukoak ere badira, XX. mendekoa da Iñaki Linazasororen
Caseríos de Guipúzcoa liburukoa:
KATALINTXO (col.) Alza, Donostia
XIX. mendekoa da
Donostiako toponimia bilketa lanekoa:
Catalincho (1864, Casa de labor, N.P.G., 38 orr.).
Donostiako toponimoarekin bukatuz, XVIII. mendearen bukaerako lekuko zahar bat dago,
Proyecto de ereccion de tres iglesias antemurales en San Sebastian. Hacia 1775 izenburuko lanean, Luis Murugarren egilea, BAP, 1980,
Cathalinchoenea.
Dirudienez, Donostiako lekukoetan
Katalintxo zein
Katalintxoenearen lekukoak daude eta fenomeno bera gertatzen da Oiartzungo toponimoan, aipatutako liburuan,
Katalintxo eta
Katalintxone delako.
Azkenik, Errenteriako toponimoen artean
Katalintxo ere bada. Etxe honen lekukotza 400 urtetan agertzen da:
1549 Cathalin
1819 Catelinchiquienea
1933 Katalincho-alde
Hiru lekuko eta hiru izen, azken bietan elementu txikigarriak daude,
txiki,
-txo, eta, beharbada, lehenengoan ere izan liteke <th> digrafoan egungo <tt> edo. Dena den, toponimo honek erakusten du izen batzuetan ezegonkortasuna izan dela. Hala ere, izenak ezberdinak badira ere, adierazitakoa bertsua litzateke.
Toponimo hauetan antroponimo hipokoristiko bat dago,
Katalintxo, oinarrian
Katalin(a) antroponimo emakumezkoa dago eta ondoren
-txo atzizki txikigarria. Toponimoen banaketa geografikoa nahiko estua da, oso eremu txikian hainbeste
Katalintxo agertzeak adieraziko luke garai batean hipokoristiko honek erabilera handia izan zuela.