jueves, 10 de mayo de 2018

Apaloberro toponimoa

Errenteriako Apalaberro toponimoa galdurik dago, baina datuak badira 1495. urtetik 1786. urtera arte. Guztietan Itxura bera du, baina lehenengo lekukoan Paluberro agertzen da (1495). Dena den, aferesia azaltzen da lekukoaren esaldia jarriz gero: "el qual dicho mojon se nonbra Paluberro". Aurreko hitzak -a bukaera du, eta horrek posible egiten du *Apaluberro izateko, edo *Apaloberro.
Lekukoak ikusiz gero Apaloberro litzateke analizatzeko aldaera nagusia. Beste toponimo askotan bezala, bi elementz osaturik litzateke, antroponimo bat eta izen bat, Apalo eta berro. Apalo ziurrenik Apala-ren aldaera bada, eta lau lekuko ezagutzen zaizkio, bi antroponimo bezala eta beste bi patronimiko bezala. Beraz, lekukotasun urri horiei beste bat gehitu beharko litzateke, hau toponimikoa.
Bide batez, Apaloberro-ren orrian Aparola toponimoarekin balizko lotura aipatzen dute. Lekuko zaharrenetan hiru aldiz agertzen da Aparrola bezala, baina gero Aparola nagusitzen da. Beharbada Apaloberro toponimo zaharrari ola izena gehitu eta *Apaloberrola sortu zen, eta gero Aparrola bezalako laburketa jasan zuen. Ondorengo urratsa iluna da, Aparrola-ren dardarkaria aldatu eta Aparola bezala geratu zen gaur arte.

martes, 8 de mayo de 2018

Sangurti toponimoa

Erandioko etxeen artean Sangurti, Bekosangurti eta Sangurtibarri badira eta baita Sangurtimendi basoa ere. Lekuko zaharrik ez dago eta horrek esan nahi du azterketa etimologiko hau kontuz hartu beharrekoa dela. Hala ere egungo toponimoek ziurtasun maila gutxieneko bat ematen dute, apala bada ere.
Aldaerarik ezagutzen ez bazaio ere, uste izatekoa da hainbat aldaketa gertatu zirela. Hasteko *Santurgi > Sangurti bezalako metatesia gertatuko omen zen, t-g > g-t, hain zuzen. *Santurgi aldaerak jatorrizko elementuak ongi islatzen ditu, Sant- eta Iurgi, Sancti Georgi zaharrago batetik, edo bestela esanda, Done Jurgi. Kontrasterako, kilometro ez askora dagoen Santurtzi izenarekiko alderaketa, /g/ belarearen gordetzea nabarmena dela.
Bada beste aukera bat, Santurde toponimoa, hau ere Sancti Georgi hagionimoan oinarritua. Santurde aldaera inguruko lurraldeetan bada: Arabako Santurde, Burgosko Santurde eta Errioxako Santurde de Rioja. Ohikoa da -i > -e aldaketa gaztelaniaz, beraz, *Santurdi bezalako aldaera berreraiki ahal da, eta horzkarirako, Jordi izen katalana. Orduan bilakaera hauxe litzateke: Sancti Georgi > *Santurdi > *Santurgi (t-d > t-g herskari disimilazioa) > Sangurti (lehen aipatutako metatesia).
Zein aukeratu behar? Biak posibleak dira, eta oraingoz ezin lerratu etimologia batera, biek funtsean jatorri bera badute ere.

jueves, 3 de mayo de 2018

Apalasagasti toponimoa

Asteasuko toponimo hau zaharra da, Erdi Aroko lekukorik bada, Colección Diplomática del Archivo Municipal de Tolosa. Tomo I (1256-1407) liburuan agertzen delako, Iohan Sanchez d'Apalasagasti 1348. urtekoa. Gero, Lope de Isastiren bere Compendio historial de Guipuzcoa liburuan ere bada, XVII. mende hasieran.
Etimologia emateko orduan, nabaria da toponimo honek bi zatiz osaturik dagoela, Apala eta sagasti. Hasierako zatia antroponimoa bazen, Mitxelenak Apellidos Vascos liburuan idatzi bezala: "63. —ap(h)al «humilde, manso» «abajo». Empleado como antropónimo: domna Apalla (CSM, 242, año 1079, Rubiales), Appalla (Bec. gót. de Cardeña, CLXVIII, 1045, Albillos), cf. acaso Ozanna (ib., VI, 963), vasc. otzan «manso»; Gaxto Apala uno de los hombres de Pedro de Abendaño (1443, cantar de Aramayona). Apellidos: Apalategui, Apalena, Apalza (?), Apalloa, Apallua, Apalluaga, Aphalaitz; Héguiaphal"
Azken zatia sagasti da, hitz konplexua, sagar + -tza (edo -tze) + -di elementuz osatua.

sábado, 28 de abril de 2018

Esuste toponimoa

Zarauzko baserrien artean bazen Esuste izenekoa, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa liburuan agertzen den bezala, Aitze ballarakoen artean bildutakoa. Lekuko zaharrik ez dago baina, hala ere, korrespondentzia ia erabatekoa du antroponimo zahar batekin, Itsuste izenarekin. Euskal etorkikoa litzateke eta azterketa etimologiko aipagarria Alfonso Irigoienena da, De re philologica linguae uasconicae V liburukoan: "Ychuste de Echeuetea a.1366 PoblNavarra 531, formado a partir de itsusi / itxusi ‘feo’, como primer miembro de derivado ichus-. Véase Ychusco en (+ -ko)". Aukera ere bada itsu + -ste atzizkiaz osaturik izateko, Itxusko antroponimoa itsu + -sko bazen. Hala uste zuen Mitxelenak, bere Apellidos vascos liburuan Itxusko aztertu ondoren Itsuste-ren aipamena egin zuelako: "544. — -sko suf. diminutivo. [...] en relación con vasc. itsu, itxu «ciego», Guilem Arnalt dicho Ychusco, Navarra 1354 Hay también med. Ychuste.".
Badira diferentzia txikiak antroponimoaren eta toponimoaren artean. Hasierako bokalarena arkaismoa izan liteke toponimoaren kasuan, hau da, e- bokala i- baino zaharragoa izan liteke nahiz eta toponimoaren lekuko zaharrik ez izan eta Itsuste-renak ia 700 urte dituen. Ezaguna da zenbait hitzetan e- > i- bilakaera gertatu dela, ebili > ibili edo, antroponimoaren egitura antzekoagoa izanez, ekusi > ikusi. Beraz, antzinan *etsusi izan liteke eta geroro itsusi bihurtu; edo, oinarria itsu bazen: *etsu > itsu. Horrela balitz, Zarauzko izenak egoera oso zaharraren isla izango zen, Itsuste-ren agerpen guztietan i- hasierarekin beti agertu delako.
Azken diferentzia txistukariaren islapen grafikoan dago, Itsuste-ren lekuko gutxietan badira Isuste bezala idatzirik agertzen direnak eta badira Ichuste grafia hartu dutenak. Ezaguna da bi hots hauek hurbilak direla eta batzuetan txetxekariaren aldeko lerrokera gertatu dela, horrela, antzinako etse zena gerora ia leku guztietan etxe bezala finkatu zen. Itsuste-ren grafia bikoitzean arrazoia grafikoa zen eta ahoskeraren araberakoa? Gainera, ez da ahaztu behar hipokoristikoak sortzeko bide bat palatalizazioa zela, gozo > goxo, Peru > Txeru. Beraz, gerta zitekeen Itsuste > Itxuste bilakaera adierazgarritasuna sortzekoa izatea, baina bi fonemen hurbiltasunak eragozten du ziurtasunez aldarrikatzea, oso lekuko gutxi bildu direlako.

martes, 17 de abril de 2018

Domikueta toponimoa

Domikueta da Berako toponimoa. Lehenengo aldiz 1920. urtean agertzen da, beraz, dokumentazioa oso berria da. Analisia erraza du, Domiku antroponimoa eta azken zatia -eta atzizkia. Domiku antroponimoaren jatorria Dominicu(m) latinean bada, Alfonso Irigoienek adierazi bezala, De re philologica linguae uasconicae V liburuko 8. orr.: "... en Domicu nos encontramos ante una forma vasca procedente del latín Dominicu(m) por caída de -n- intervocálica y reducción de vocales del mismo timbre, cfr. la forma plena Dominicu Moza et pastore de ovem s.13 CDPriorado Navarra 106". Atzizkia oso ezaguna da izen arruntekin: Aritzeta, Arrieta, Urkieta... baina pertsona izenekin ere erabili izan zen, nahiz eta lekuko askorik ez izan, bi toponimo arabar adibide, Donemiliagako Reja ospetsukoak: Mariaeta, eta Sansoheta.
Beraz, -eta atzizkia Nafarroako iparrean ere erabili zuten garai batean toponimoak egiteko, oinarria antroponimoak zirela.

martes, 10 de abril de 2018

Illordo toponimoa

Gipuzkoako Soraluzeko eta Eibarko toponimoa da, Illordo mendia.
Analisi etimolgikoa egiteko Illurdo antroponimoa kontuan hartu beharra dago, bera izan daiteke Illordo toponimoaren sortzailea. Erdi Aroan hainbat adibide ezagunak dira, hala ere ez dira ugariak.
Bada diferentzia txiki bat, bokalikoa. Ziurrenik asimilazioa gertatuko zen: Illurdo > Illordo. Lehen adierazi bezala, antroponimoa aspaldian galdu zen eta horrek erraztuko zuen toponimoaren aldaketa.
Beste toponimo askorekin gertatu bezala, antroponimo hutsetik toponimoa sortuko zen.

 Eguneraketa (2018-05-15):
Illordu toponimoaren azterketa, Illordo-ren jatorri bera izan dezakeena.

martes, 3 de abril de 2018

Dornaku toponimoa

Berako auzune baten izena, lehenengo lekukoa 1795. urtekoa da. Analisi etimologiko aipagarri bakarra Mikel Belaskorena da, esanahi ezezagunekoa dela, eta dorna lapurterazko hitza aipatuz, bere blogetik hartua:
"Significado. Desconocido.
Comentario lingüístico. Dorna en labortano es 'entablado, tarima', `torno', nombre que no resulta extraño para una casa".
Hemen egingo den hurbilketa diferentea da, izan ere, bazen Durnacos antroponimoa, zelta jatorrikoa. Antzekotasun formala hain handia izanik, normala litzateke lotura zuzena izatea antroponimoaren eta toponimoaren artean. Eta loturaren sendotasuna areagotzeko, aipagarria da duela urte gutxi Iruñean aurkitu zen fibula bat, Dur(n)acos grabatua zeukana. Aurkikuntza I. mendekoa omen da, eta ziurrenik izen zelta horrek ez zuen askoz gehiago iraungo. Beraz, badugu antroponimo bat duela 2000 urtekoa eta Berakoo toponimo bat, eta bien artean 1500 urteko hutsunea bada. Pentsatzekoa da toponimoaren sorrera data antroponimoa bizi zenekoa dela, beraz, bi mila urte inguru. Hori da toponimo horrek bizi izan den denbora. Ez dago gaizki, hiri eta herri izatera heldu ez zen izen baterako. Horrek ere erakusten du hainbat toponimoren iraupen luzea.