2021(e)ko abenduaren 27(a), astelehena

Mokorregi toponimoa

Mokorregi da Astigarragako erreka-zuloa, sakana. Badu toponimo eratorri bat, Mokorregiko erreka.
Toponimo hori aspaldikoa da, Erdi Aroko lekukoak ere baditu, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuko 50. agirian, 1495. urtean:

... los quales dichos mojones están debaxo de vn espino, e del dicho mojón de Mocorregui a otro mojón que se llama Cabeça de Mocorregui, e d’este dicho mojón a otro que se llama Olla de Oro, el qual está a cabeça de Çarquimindegui, donde está vn sennalamiento de sepultura antigua, e vn grande morcuero de piedras...
Toponimoak bi elementu ditu, azkena hegi ezaguna da, eta hasierakoa mokor izena:
mokor.
I. (Sust.).
1. (V-gip, AN, L-ain, BN, S; -kh- VocBN , Gèze, Dv). Ref.: A; Iz ArOñ.
Terrón; bloque, pedazo. "Extrait de rochers ayant la forme ronde ou presque ronde" VocBN. "Lur mokhor, motte de terre. Azukre mokhor, boule de sucre. Harri mokhor, bloc de pierre" Dv.
Mokor lehenago ere aztertua izan da blog honetan, Mokorroste toponimoan hain zuzen, azken honetan bigarren elementua oste dela.
Mokor hitzaren Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren lehenengo lekukoa XIX. mendearen erdialdekoa da, 1857. urtekoa. Beraz, Mokorregi toponimoaren lekukoa 362 urtetan aurreratuko litzateke hitzaren lehenengo agerpena, XV. menderaino eramanez.

2021(e)ko abenduaren 23(a), osteguna

Martokoa toponimoa

 Arrasateko etxe hau XVIII. mendetik ezaguna da. Arrasateko toponimia liburuan daude lekuko zahar eta berriak:

Toponimoak ez du aldaera handirik ezagutu, Marticoa (1830) eta Martacua (1930) aipagarriak dira. Bietan oinarria aldatu da, izen ezagunagoen alde, Martiko eta Marta, hurrenez hurren. Lekuko zaharrek erakusten dute izena Martokoa zela, /u/ bokala normala da, disimilazioak eraginda, oa > ua, cf. goxo + -a > goxoa > goxua, eta abar.
Toponimoaren oinarria Marto antroponimoa da, ondoren -ko eta -a. Marto ez da oso izen ezaguna baina Euskal Herrian erabilia izan zen garai batean, antroponimo honetaz informazio gehiago Marto eta Martogana toponimoen sarreran.

Zabardillo antroponimoa

Behin agertzen da Zabardillo izengoitia, Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburuko 2. agirian, 1483. urtean:

... Johan Ybañes de Arenaça e Johan Sanches de Arança e Johan Sanches de Ollaoqui e Johan dicho Çabardillo e Ferrando de Arçuriaga e Johanico de Ansorregui...
Izengoiti hau hipokoristikoa litzateke, oinarrian zabardo izenondoa izango zen eta bukaera aldean -illo atzizkia, hipokoristikoa egiteko. Zabardo izengoitia Erdi Arokoa da, eta A. Irigoienek aztertu zuen Cuestiones de toponimia vasca circumpirenaica izeneko lanean:
Zabarcos, en Sesa, p. j. de Sariñena. Puede proceder de un sobrenombre derivado de zabar, 'persona remolona, abandonada', con sufijo hipocorístico -ko. Con sufijo distinto aparece en Zabardo, formado de la misma manera que lo está bizardo a partir de bizar, 'barba', que en la zona de Munguía, Vizcaya, con variante local bizerdo, significa más o menos 'barbudo', cfr. Toda Maloa Çauar(r)do, Johan Çauardo, García Çauardo, la nuera de García Çauardo (1330, PN-XIV, F. Est., pp. 292 y 296), en Artaxona, y Zabardo submerinus (1193, D. med. Leire, doc. 355).
Beraz, Irigoienek azaldu bezala, zabar + -do > zabardo; ondoren, -illo atzizkia gehitu eta Zabardillo sortuko zen. Atzizki hori erdal jatorrikoa bada ere, euskararen onomastika sisteman sarrera izan zuen.

2021(e)ko abenduaren 20(a), astelehena

Martogaztañeta toponimoa

 Martogaztañeta Zeanuriko basoa da. Lekuko zaharrik ez dago, baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, toponimoak ez du zailtasun berezirik analisia egiteko.
Toponimoak hiru elementu lituzke, Marto antroponimoa, gaztaina zuhaitz izena eta, azkenik, -eta atzizkia. Marto ez da oso izen ezaguna baina Euskal Herrian erabilia izan zen garai batean eta ziurrenik garai oparoena XVI. mendea izan zen. Marto eta Martogana toponimoen sarreran antroponimo honetaz informazio gehiago.

Ulanberro toponimoa

 Ulanberro da Adunako baserri baten izena.
XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

*ULANBERRO (2 viv.) (prop.) Aduna
Lortutako lekuko zaharrena XVII. mende hasierakoa da, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa liburuan dagoena, 1625. urte ingurukoa:
Ulamberro, Aduna
Toponimoak bi elementu ditu, azkena berro, toponimian hitz ezaguna, Apaloberro toponimoan ere dagoena. Hasierako elementua ilunagoa da, aldaketa bat jaso du, sudurkarien disimilazio bat: n-n > l-n, Muliate toponimoan bezala. Atzeranzko bidea egin eta *Unanberro izango genuke, hau da, unan- 'unain' + berro, Unalbide toponimoan gertatu zen bezala. Unaileku toponimoan aldiz, unan- eratorpen aldaerarik ez da eta horrek zalantzazko egiten du toponimoaren etimologia.

2021(e)ko abenduaren 16(a), osteguna

Unalbide toponimoa

 Goizuetako toponimo honetako informazio osoa Nafarroako Toponimia Ofiziala web-gunetik hartu zen, egun eskuragarri ez omen dena. Hala ere, hartutako irudi batek lekukoak eta datak eskaintzen ditu:

 Toponimoak ez du lekukotza zahar handirik utzi, baina aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, erraz analizatzekoa da. Toponimoak bi elementu lituzke, unan-, unai izenaren eratorpen aldaera eta bide, izen arrunta. Unaileku toponimoaren ageriko etimologia zalantzan jartzeko argudio bat izan zen unan- aldaera ez agertzea eta horri lekuko zaharrenen lekukotza gaineratu behar zitzaion. Goizuetako toponimoan oraingoz ikusten da eratorpen aldaera zaharra indarrean dagoela eta horrek beharbada esan nahi du toponimoaren sorkuntza aspaldikoa dela, baina horretarako jakin beharko litzateke noiz utzi zitzaion unan- aldaera erabiltzeari.

Unaileku toponimoa

 Unaileku izeneko aurkintza Oiartzunen dago.
Oiartzungo toponimia liburuan lekuko batzuk badaude, baita bere etimologia ere, 305. or.:

Unaileku, Parajea.
Aiako Harriaren oinean kokatzen da, Arditurre bailarako gune altuenean. 1620. urteaz geroztik Anailecu (HUA C/5/II/11/1) edo Nailecu (1688, GAO JD IM 1/18/58) gisa dokumentatua. Etimologia argia da: Unai, behi-aziendak zaintzen dituen pertsona.
Unaileku, beraz, unaien geldilekua.
Toponimo erlazionatuak: Unailekuko borda.
Erdi Aroko lekuko zaharrago batzuk agertzen dira bi liburutan, hauetan Oiartzungo agiri zaharrak biltzen dituzte. Lehenengo liburuan, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 izenburukoan, XV. mendeko bi lekuko agertzen dira. Zaharrena, 13. agirian, 1470. urtean:
... e dende al pennasco qu’está de fruente abaxando fazia vn arroyo que diz qu’es llamado arroyo de Naylecu, do está al pie de la dicha penna...
Eta azkena, 50. agirian 1495. urtean:
... qu’está junto a la dicha Penna de Aya d’este dicho mojón como baxan al pennasco que se llama Penna Negra, e dende, como deçiende al arroyo de Naylecu, e dende la cuesta arriba al mojón de las tres piedras...
Eta bigarren liburua, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. II. Pleito de los ferrones (1328-1514) izenburukoa da, honetan lekuko gehiago daude, XVI. mende hasierakoak. Lehenengoak, 30. agirian, 1512. urtean:
e los otros seles de cada seys goraviles se llaman Oyerlecu e Basata e Galarrolegui e Olaberia e Fagola e Ylarraçe e Osandola e Çanguio e Peña d’Aya, Naylecu, Gastelu,
[...]
Fue preguntado que qué seles fue en medir este deponiente, dixo qu’el sel de Pena d’Aya e Galarrolegui e Çanguio e Naylecu, fue en cortar y en medir;
Azken hiru lekukoak, 38. agirian, 1514. urtean:
... e en el sel de Ançilas e en el sel de Gastelu y en el sel de Naylecu y’n el sel de Yravrgui de Suso...
[...]
... e de los seles de Ansilaz e Ydiso e Gaztelu e Hunaylecu e Oquellogui e Yraurgui, de suso e de yuso...
[...]
E que sabe e ha notiçia de los seles contenidos en la pregunta porque los ha visto e ha estado en algunos d’ellos, exçepto los seles d’Escorrin e Heranin e Alçate e Ytarrola e Vnaylecu e Oquilogui e Yravrgui de suso e de yuso e Goroscarate e Vasatu e Sorrola, que no los ha visto.
Toponimoak bi aldaera ditu, Naileku eta Unaileku. Zaharrenak Naileku aldaera dutenak dira, baina urteen diferentzia txikia da. Hala ere, Naileku aldaera ez da bakana, bost aldiz agertzen delako eta horrek zailtzen du kakografiaren hipotesia. Unaileku jatorrena balitz, toponimoaren etimologia aski agerikoa litzateke, unai eta leku. Aipagarria da unan- eratorpen aldaera ez erabiltzea, toponimian ohikoa delako. Beharbada horrek esan nahiko luke jatorria ez dela egun hain argi ikusten dena,baina hori ere ez da ziurra.
Naileku zaharrena balitz, izenaren interpretazioa zailduko litzateke, aldaketarik gabe nahi + leku analizatu liteke, "leku gogokoena" esanahiarekin, agian. Beste aukera bat litzateke nagi + leku bezala, Nagiorbe eta Nagiibarra toponimoetakoa bezala, baina horrek esan nahiko luke oso garai goiztiarrean bokalarteko /g/ galdua zela.
Toponimo batzuen analisian gertatzen da batzuetan, gehienetan lekuko zaharrenek analisia argitzen dute, baina gutxitan aurkakoa gertatzen da, toponimo honekin bezala, Naileku zaharrena izateak bi analisi gehiago ematen ditu eta oraingoz ezin erabaki zein den aukera gehien dituena.