2026(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Petrusenborda toponimoa

 Petrusenborda da Urruñako etxe baten izena. Lekuko zaharrenak XX. mendearen azken herenekoak dira:

petrusenborda (1970)
petrousenborda (1981)
petrusenborda (2004)
Toponimoak hiru elementu izango zituen, bukaeran borda hitza eta aurrerago, Petrus antroponimoa eta genitiboa. Azken honen agerpenak erakutsiko luke toponimoa oso zaharra ez dela, normalean genitiboa eliditzen delako horrelako egitura duten toponimoetan. Hala ere, beharbada *Petrusena etxea izan zen eta hortik sortutako bordari etxearen izen zaharrari borda hitza erantsi zioten, artikulua kenduz.
Petrus antroponimo zaharra da, Petroren hipokoristikoa da eta P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen da, Erdi Aroko lekuko zahar bat emanez, 181. or.:
Petrus: Pettrus de Artteaga (Arra., 1480, Crespo et al., 1996-b, 247, 511. or.).
Beste aukera bat dago, aurrekoarekin lotua, Irigarai eta Mitxelenaren Nombres vascos de persona lanean Petrussa aipatu zuten, emakumezko izena, Nafarroakoa.
Blog honetan badago toponimo bat nahiko antzekoa, elementu bertsuak dituena, Peruse toponimoa, baina oinarrian Peru dago, Petriren aldaera ugarietako bat.

2026(e)ko urriaren 15(a), osteguna

Petrinaitz toponimoa

 Petrinaitz da Oñatiko haitz baten izena. Petrinaizko zabala toponimo eratorria dago Legazpin, Oñatiko udalerri mugakidea. Izendegi ofizialeko lekukoak nahiko berriak dira, XX. mendearen bukaerakoak eta hiru aldaera nagusi daude: Patrinatz, Petrinaitz eta Petriñaitz. Baina Petrinaizko zabalaren lekuko zaharrena antzinatasun handikoa da eta izena oso aldaturik dauka: Petrinasariz (1483). XX. mende bukaerako lekukoak ere interesgarriak dira, Prentzaizko zabala nagusi delako. Egungo izenetan aldaerakortasun handi badago ere, jatorri berekoak dira eta mendeen joanak oso aldatu ditu eta horregatik mugakide diren bi herri horietan oso toponimo ezberdinak daude. Beste kontua da, hau inportantea, Petrinasariz aldaera zaharrenak, ongi islatzen du garai hartako izena? Petrinasariz > Petrinaitz/Prentzaiz bilakaera gertatuko zen? Bi galderek baiezkoa merezi dutelakoan gaude, toponimoak laburtu dira, Petrinaitz aldaeran txistukari disimilazioa gertatuko zen, lehena galdu zen, hau fenomeno ezaguna da eta ondoren bokal arteko dardarkaria galdu zen eta Petrinaitz sortu eta finkatu zen. Legazpiko izenean bilakaera ezberdina izan, ez zen, esaterako, txistukari disimilaziorik gertatu baina bokal arteko dardarkaria galdu zen, beste aldaketa batzuk ere izan ziren, jatorrizko izenetik urrunduz. Petrinasariz aldaera ontzat jarri ondoren, toponimo azaldu beharra dago. Hasteko bukaerakoa ez da haitz izena, hori geroago gertatu zen, toponimoa berranalizatu zenean baina jatorrian toponimo horretan bi elementu izan ziren, antroponimo bat eta patronimiko bat. Antroponimoa hipokoristikoa zen eta, antza, Petrin zen, Petri antroponimotik sortua eta bukaeran -in atzizki txikigarria dago, erdal jatorrikoa.
Patronimikoa Azariz izan zen, Azeari antroponimotik sortua, Mauruazarizolaza toponimoan ere dagoena. Ezberdintasun bakarra txistukariarena da, baina hori ez da oztopo nabarmena. Beraz, toponimoa Petrin + Azariz elkarketaren ondorioa da eta jasan dituen aldaketa handiak gertatu dira mendeen igarotzearekin eta toponimoaren bi elementuen ezagutzaren galerekin.

Petramendi toponimoa

 Petramendi da Orozkoko tontor bat. Izendegi ofizialeko lekukoak mede honetakoak eta, beraz, oso berriak. Horrek ziurtasuna kentzen dio hemen emango den etimologiari. Ziurrenik azken elementua ez da aldatu, mendi izena baina oinarrikoa ezberdina izan zitekeen eta Petra bihurtu, antroponimo ezaguna delako, nahiz eta egun, pertsona zaharrenetan baina ez aurkitzen. Petra antroponimo emakumezkoa da, Petro gizonezkoaren aldaera, bukaerako bokalak genero bereiztekoa da, gaztelaniazko hitz gehienekin bezala. Bitxia da, gaztelaniaz gizonezkoentzat Pedro erabilia da, baina emakumezkoentzat Petra da, ez Pedra, beharbada piedra izen arruntarekiko antza saihesteko. Euskaraz, Petri zaharraz gain, Petro ere erabili da, Petrosolo toponimoaren oinarria.
Petraren bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen erdialdetik lekukoak badira:

Hala ere, etimologia hau ontzat hartzeko beharrezkoak dira lekuko zaharragoak baina dagoen lekukotzarekin hauxe litzateke etimologia onena eta eman daitekeen bakarra.

2026(e)ko urriaren 13(a), asteartea

Petroneko borda eta Petroneko etxondo toponimoak

 Petroneko borda da Gaintzako aterpe bat. Lekukotza urrikoa eta berankorra da, XX. mende bukaerakoa da lekuko zaharrena:

petroneko borda (1997)
Petroneko Borda (2019)
Petroneko etxondo da Gorrontz-Olanoko aurkintza bat. Lekukoak, berriro, oso berriak dira baina ñabardura bat dago:
petroneko etxondo (1997)
Petroneko Etxondo (2019)
Toponimo hau eratorria da eta web orrian toponimo nagusi omen dena aipatzen dute, petrorena (1678). Gaintzako toponimoan ere izen bera izango zen eta hortik sortuko zen Petroneko borda. Toponimo eratorrietan bi hitz daude, borda eta etxondo eta oinarria Petrorena izango zen, bukaeran genitiboa eta artikulua daude eta oinarrian antroponimo bat, Petro, latin jatorrikoa. P. Salaberriren Euskal deiturategia. Patronimia liburuan, Erdi Aroko lekukoak daude, baita bere patronimikoarenak ere:
Petro (Petro Enecoiz, Zizur aldean, XIII. m., GPrior., 104; Petro Urtiz d’Orcoyaguirre, Donostia, 1303, La. & Le., 1995, 8, 14. or.; Petro Blasquiz, Bidankoze, 1350, LPN, 383. or.). 
— Petroiz: Maria Petroyz (Elo, 1309, Zab., 1997, 237, 404. or.); Sancho Petroiz (Erronkari, 1366, LPN, 478). 
Antroponimo hori latin jatorrikoa da eta gerta liteke hizkuntza honengatik jasoa izatea, baina euskaraz ohikoa izan dena Petri da. Edonola ere, Petro euskaraz erabilia izan da eta blog honetan antroponimo honekin sortutako izen bat aztertua izan zen, Petrosolo toponimoa.

Pedronea toponimoa

 Pedronea da Irungo baserri bat. Irungo toponimia web gunean informazio ugaria dago toponimo honetaz:

Lekuko zaharrenetan aldaera interesgarri batzuk daude, Preronea (1798) eta Predonea (1802, 1868) aldaerek azalpena merezi dute. XX. mendean Pedroenea nagusitu zen eta hori da indarrean dagoena. Ziurrenik aldaera zaharrenek ahozko hizkeraren eragina jasoa dute, Predonea izenean dardarkariaren metatesi bat dago, bigarren silabatik lehenengora jauzi egin duelako. Preronea izenean beste aldaketa bat gertatu da, bokal arteko horzkari ahostuna dardarkari bihurtu da, VdV > VrV. Bilakaera hori nahiko ezaguna da inguru horretan eta beste batzuetan aldaketaren norabidea alderantzizkoa da: VrV > VdV. Beraz, bilakaera osoa hauxe izango zen: Pedronea > Predonea > Preronea.
Oso interesgarria da herri horren beste toponimo bat, Pedronea nagusitik eratorria, Pedroneko gaztañetako zabala:
Lekuko bakarra omen dago, XVIII. mende bukaerakoa, baina aipatutakoak baino apur bat zaharragoa, Pedroneco gastanetaco chavalian. Honek erakusten digu XVIII. mendean aldaerakortasun nabarmena zela, toponimo berak bi izen izan zitzakeen, Preronea zein Pedronea, ahozkotasunaren indarraren arabera.
Pedronea toponimoak hiru elementu ditu, bukaeran genitiboa eta artikulua eta oinarrian antroponimo bat, Pedro, Petriren gaztelaniazko izena, latineko Petrus antroponimoaren bilakaera. Euskal lurretan ere erabili zen, aspalditik. Bilaketa egin da Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak (https://dokuklik.euskadi.eus/sacramentales/sacramentalesbilatzailea) biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta XVI. mendearen hasieratik lekukoak ugariak dira:
Ziurra da aurreko mendeetan lekuko ugari daudela, antroponimoak erraz mailegatzen dira eta Pedro izen inportantea zen eliza kristauaren eraginez Europa osoan, baita Euskal Herrian ere.

2026(e)ko urriaren 9(a), ostirala

Perotxezar antroponimoa

 Antroponimo honen lekuko bakarra dago Gipuzkoako XV. mendeko testu batean, 1445. urteko agiri batean, Idiazabalen egina:

D'esto son testigos que fueron presentes rogados e llamados para esto: Matheo de Salsamendy, carpentero, e Perochecarr d'Elorca e Joan Peres, fer[r]ador, e otros.
Sarrera honetan testuaren interpretazioa egin egin, aldaketa txiki batekin, testuko <c> dena <ç> zelakoan gaude. Horrela, antroponimoak bi elementu izango zituen, bukaerakoa zahar adjektiboa eta oinarrikoa antroponimo hipokoristiko bat, Perotxe. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan agertzen da, lekuko bakarra emanez, 211. or:
Perotxe (Pero): Peroche Marroquin de Otañes (XV. m., LGS, 311).
Beraz, Salaberrik aurkitutakoari beste bat gehitu dakioke, mende berekoa baino apur bat zaharragoa, Salaberrirena 1475. urte ingurukoa delako.

2026(e)ko urriaren 7(a), asteazkena

Arimasagasti toponimoa

 Arimasagasti da Idiazabalgo bost toponimoren oinarria: Arimasagastiaundia, Arimasagastiberria eta Arimasagastitxikia baserriak eta Arimasagastiko zubia. Azkena, Arimasagastierrotea etxea da. Ziurrenik, toponimoaren lekuko zaharrena dago Gipuzkoako XV. mendeko testu batean, 1445. urteko agiri batean, Idiazabalen egina:

E por que esto es verdad e sea firme e non venga en dubda rogamos e mandamos a vos Lope Martines d'Arymasagasty, escrivano público por nuestro señor el Rey en la villa de Segura e en la Merindad de Guipúzcoa, que estades presente, que fagades o mandedes faser esta carta e la signedes con vuestro signo e le dedes al dicho nuestro procurador.
[...]
E yo el dicho Lope Martines d'Arimasagasty, escrivano público sobre dicho que fuy presente a todo lo que dicho es en uno con los dichos testigos, e por ende, por ruego e otorgamiento de la dicha vesindat, escriví esta carta e fis en ella este mio signo acostunbrado en testimonio de verdad.
Lekuko hauek ia 600 urte bete dituzte eta toponimoa aldatu gabea da. Toponimoak bi elementu izango zituen, bukaeran sagasti hitza, nahiko arrunta toponimian baina oinarrikoa da interes handiena duena, arima izena dagoelako. Nahiz eta oso lekuko zaharra izan, Erdi Arokoa, ez da zaharrena, XIV. mendeko Pater Noster txikian dagoelako, baina bigarrena da, dirudienez. Bide batez, aipagarria da Orotariko Euskal Hiztegiko informazioa hitz honen gipuzkeraren erabileraz:
En guipuzcoano, la forma predominante en toda la tradición es anima; antes del s. XX hay arima sólo en Iztueta (C 241) y Zabala (Gabon 82); desde la segunda mitad del s. XX, arima aumenta algo su frecuencia en los textos de este dialecto. 
Idiazabalgo lekuko honek erakusten du oso garai zaharrean arima bazela gipuzkeran, beharbada gerora anima orokortu zen.
Toponimoaren analisi linguistikoa erraza da, baina interpretazioa ez, ezin jakin zergatik sagasti hari arima hitza gehitu zioten.