lunes, 29 de noviembre de 2021

Osintxu toponimoa

 Osintxu, egun, Bergarako biztanle-entitate bat da. Aspaldian haran bat izendatzeko erabilia izan zen, Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara web-gunean Osintxu toponimoaren lekuko zaharrak daude eta aurreko mendeetan izena ezberdina zen, Osiranzu bildu delako:

1571, valle y vezindad de OSIRANSU
1661, valle de Osiranzu
Lekuko zaharragoak daude, Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara II. Fondo Municipal: Subfondo Histórico (1355-1520) izenburuko liburuko 53. agirian, 1506. urtekoa:
...el nuestro medio molino de Osyransu, con su presa e calçes, entradas e sallidas, servidunbres, señorio e posesion çevil e natural [...] E lo susodicho fazemos contra vos, el dicho Pero Garçia, por rason que nos aveys a dar e pagar en çenso e renta perpetuamente por el dicho medio molino de Osiransu en cada un año mil maravedis...
Toponimoa, beraz, aldatu zen Osiransu zaharretik Osintxu modernora. Tartean aldaketa batzuk izan ziren, ziurrenik lehena zen dardarkariaren galera eta ondoren /a/ bokala eta azkenik, bukaerako txistukaria aldatu zen.
Aztertzeko izena Osiransu da. Lehenik, atzeranzko urratsak eginez, txistukari asimilazioa izan zen, s-z > s-s, beraz, *Osiranzu berreskuratu dezakegu. Lehenago, beste aldaketa bat izango zen, beharbada sudurkari disimilazio bat, n-n > r-n, *Osinanzu > *Osiranzu, baina hori ez da azalpen bakarra. Ezaguna da sudurkariz bukatutako hitz zahar batzuetan eratorpen aldaeran dardarkari bihurtzen zela: -n > -r, horrela, egun - eguraldi, jaun - jauregi; aldaketak berak osin - osir- bihurketa eragin zezakeen, beharbada.
Laburbilduz: osin > osir- + antzu > *Osirantzu > Osiransu > Osintxu. Bilakaera berdina Gipuzkoako beste toponimo bati gertatuko zitzaion, Oxirondo izenari, hain zuzen. Aipatutako liburu berean behin baino gehiagotan agertzen da, horrela, 20. agirian, 1450. urtekoan:
Ossirondo quarenta e dos fuegos: XLII
Hurrengo lekuko, baina ez azkena 30. agirian, 1490. urtekoan:
En la eglesia de sennora Santa Marina de Oxirondo, a veynte e quatro dias del mes de abril, anno de I mill CCCCº XC annos
Bilakaera izango zen osin > osir- + ondo > Oxirondo, edo osin + ondo > *Osinondo > Oxirondo. Mitxelenaren Apellidos vascos liburuan toponimo hori aipatu zuen, baina azalpenik gehitu gabe:
506. — osin «sima»: Osinaga (Ojinaga, Oxinaga, Oxiñaga, Doussinague), Osinalde, Osirondo (Ojirondo), Ossiniri; Ocinalde, Ocindegui; Espelosin, var. Espolosin, acaso ezpel, ozpel, ospel «paraje sombrío». Top. Ossin Biriuila, Irache 1258.
Osintxuren bigarren elementua antzu litzateke, toponimian ez da ohikoa baina ale batzuk badaude, Antzuola herri izenean bezala, agian.

Lopearanburarra toponimoa

 Arabako Dulantzi herriko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Arokoa, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan aurkitua A10 izeneko agirian, 1408. urtekoan:

E, otrosi, de la fuente de Atilana a Lope Aranburarra, (y dende a la ermita de San) Felisys, e dende por sobre la pieça que es de Martin Sanchez de Ygoroin, e dende que deçendan a Ruymendi, e de Ruymendi que bengan (al camino viejo, y del) camino viejo que deçendan al rio mayor de Henayo...
Toponimoak hiru elementu lituzke, Lope antroponimoa, eta ondoren haran eta burar 'bular'. Orotariko Euskal Hiztegiaren bular izenaren lehenengo lekukoa Leizarraga da, 1571. urtekoa:  

Bere bulharrari zeraunsón, zioela, Iauna, amatiga akit, othoi niri bekhatoreoni. Lç Lc 18, 13
Hori kontuan harturik, toponimo honen burar aldaerak 163 urte aurreratuko lituzke hitzaren agerpena. Gainera, burar aldaera oso bakana da euskal testuetan. Blog honetan behin agertu da bular hitza, buar aldaerarekin, Otxoamendiko buarra toponimoan.

sábado, 27 de noviembre de 2021

Arrizapata toponimoa

Bergarako errota bat zen, Erdi Aroko bi lekukorengatik ezaguna, Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara II. Fondo Municipal: Subfondo Histórico (1355-1520) liburuan daude biak, 51. agirian, 1506. urtekoan:

... el nuestro medio molino de Arriçapata, que es en juridiçion de la dicha villa, en la ribera del rio que viene de Elgueta, con su presa e calçes e pertenençias e con todas sus entradas e sallidas, servidunbres, señorio e posesion çevil e natural...
[...]
... e vezinos d’él en cada un año en perpetuo por el sobredicho medio molino de Arriçapata e su presa e calçes e lo otro que con ello he reçibydo en el dicho çenso...
Bi lekukoak berdinak dira eta, beraz, aztertzeko izen bakarra dago, Arrizapata. Toponimoak bi elementu ditu, harri eta zapata. Toponimo horretan ez du zentzurik zapataren ohiko adiera, oinetakoak, baina badira egokiagorik:
3. (V-ple-gip, G-to, L-ain, B, BN-baig, Ae; Dv), sapata (V-gip). Ref.: A; Iz ArOñ (sapáta); Satr CEEN 1969, 211; CEEN 1969, 369 y 1970, 333; Elexp Berg. .
Zapata, viga sobre la que se apoya el tejado. "Sablière" Dv. "Contrafuerte entre un machón o pilar y las vigas que en él se apoyan" A. "Zapata o kapiriua, cabrio" SMuj. "Viga que se pone a lo largo sobre la pared de la casa" Iz ArOñ. "Carreras [en un hórreo] (Ae)" CEEN 1969, 369. "Soporte de madera que va sobre el remate del muro" Satr ib. 211. "[Vigas] que coronan los muros (Ae)" CEEN 1971, 333. "Traviesa" Elexp Berg.
Goi-agak, kontragoi-agak eta zapatak Otarrain-txabal-en banatu ziran. JAzpiroz 58.
[...]
7. "(V-m-gip), armazón del carro" A.

8. "(V-gip), base de un tabique o cerrado de madera" A.

9. (V-gip ap. Elexp Berg ).
Zapata del freno. "La pieza que roza con la rueda del carro para frenarla" Elexp Berg.

10. "Refuerzo exterior, hecho de cemento o piedra, de una casa" Elexp Berg s.v. matxoi.
Azken adiera honetan aipatzen da harrizkoa izan zitekeela, bide batez, ematen den lekuko bakarra Bergarakoa da, Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko lexikoa liburua iturria da. Hala bada, adiera honetako lekukotza ia 500 urtez aurreratuko litzateke.
Zapata hitza ez da ezezaguna blog honetan, Zapata, zapatari eta zapataritegi hitzei emandako sarreran agertzen delako.

viernes, 26 de noviembre de 2021

Zabaluaga toponimoa

 Markina-Xemeingo tontorren artean bada Zabaluaga izenekoa.
Lekuko zaharrik ez badago ere, toponimoa erraz analizatzekoa da, aldaketa ezezagunik gertatu ez bada, behintzat.
Toponimoak bi elementu lituzke, Zabalo izengoitia eta -aga atzizkia. Honek normalean ugaritasuna edo pluraltasuna adierazten zuen, baina batzuetan, leku izengoitia zeukan, horrela, "Zabaloren lurra, eremua" ulertu behar da.
Aldaketa bakarra gertatu omen zen, bokal disimilazio bat, oa > ua. Horrelako bokal disimilazioak oso arruntak izan dira eta, ziurrenik, toponimoa berandu finkatu zelako geratu da aipatutako disimilazioa.
Zabalo izengoitiaz informazio gehiago Zabaloenea, Zabalonea toponimoen sarreran.

Bartolotxuena toponimoa

 Galdakaoko baserrien artean Bartolotxuena izenekoa dago.
Relación toponímica general de Galdácano izenburuko lanean XX. mendeko lekuko batzuk daude, eta toponimo eratorri batzuk, baita Bartolotxulanda izeneko mendia:

Bartolochuena: Heredad de Gumucio.
Bartolochuenalde: Monte, zona de Gumucio.
Bartolochuenalde-Chiquerra: Monte, zona de Gumucio.
Bartolochulanda: 1944, monte, zona de Erleches.
Bartolochulanda-Chiquerra: 1944, monte de Erleches.
Bartolotxuena zein Bartolotxulanda toponimoetako oinarria *Bartolotxu antroponimoa da, hau hipokoristikoa da, Bartolo antroponimoan oinarritua, *Bartolotxo antroponimoa bezala, Bartolotxonea toponimoaren oinarria, baina azken honetako atzizkia -txo den bezala, *Bartolotxu izenaren atzizkia -txu da. Hipokoristiko hauek ez daude, baina P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan bada egitura bera duen antroponimo bat, 221. or.:
Matrolotxu (Martolo, Matrolo ‘Bartolo’): Matrolochu (Unamunok darabil, Knörr, 2002: 615).
Hipokoristiko honetan aldaketa batzuk gertatu dira, batetik, hasierako kontsonantea aldatu da, horrelakoa da marka 'barka' hitza. Gainera, metatesia gertatu da, dardarkaria lekuz aldatu delako.
Bartolotxuena toponimoari esker *Bartolotxu antroponimo hipokoristikoa agertu da, *Bartolotxo izenaren oso antzekoa eta Matrolotxu izenaren ia berdina.

lunes, 22 de noviembre de 2021

Eskusarte toponimoa

 Bergarako toponimoa zen, ezagutzen zaizkion hiru lekukoak agiri berekoak dira, Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara II. Fondo Municipal: Subfondo Histórico (1355-1520) liburuan daude, 48. agirian, 1506. urtekoan:

Yten, pongo e e probar entiendo que Martin Perez de Çabalotegui, de cuyos herederos pretenden título Juan Peres de Ugarte, mi parte, e por él e en su voz los caseros e moradores de la caseria llamada Escusarte...
[...]
Yten, pongo qu’este año de I mill DVI, antes qu’el dicho Martin Perez cortase los dos castaños e un nogal en el lugar e tierra contençiosa, fueron allá los dichos Hernand Martines e Juan Perez con sus caseros de Arriçuriaga e Escusarte...
[...]
VIIIº. Yten, sy saben, etc., que los moradores e colonos que tenian tomada en renta la casa e caseria de Escusarte del dicho Martin Perez de Çabalotegui...
Toponimoak ez du aldaerarik eta, beraz, Eskusarte da analizatzeko dagoen izen bakarra. Toponimoa bi zatitan bana daiteke, eskusa- eta arte. Azken hau postposizio ezaguna da, baina ez hasierakoa, eskusa-. Azaltzeko aukera bat izan daiteke ezkur + -tza bezala irudikatzea: Ezkur + -tza > *Ezkurza > *Ezkusa > *Eskusa + arte > Eskusarte. Bi aldaketa gertatuko ziren, rz > s, Askasibar toponimoan bezala, eta gero, txistukari asimilazioa, z-s > s-s, ohikoa hitz arruntetan ere, horrela, sinetsi < zin + etsi.

Bidakurutzeta toponimoa

 Egun, Bidakurutzeta izena Gipuzkoako bi herritan dago, Zumarragan bidegurutzea da eta Seguran, etxe bat. Baina Bergarako toponimoa ere izan zen, Erdi Aroan. Colección Documental del Archivo Municipal de Bergara II. Fondo Municipal: Subfondo Histórico (1355-1520) liburuan dago eskuratu den lekuko bakarra, 100. agirian, 1518. urtekoan:

E despues de lo susodicho, en la dicha villa de Vergara, en la calle de Vidacuruçeta d’ella...
Toponimoaren analisiak ez du zailtasunik, hasieran bidegurutze izen elkartua dago eta ondoren -eta atzizkia. Lekuko honek oso aurreratuko luke bidegurutzeren hasierako data, Orotariko Euskal Hiztegian dagoen lehenengoa XIX. mende hasierakoa delako:
Botatzen badira bidagurutzean ollo beltzaren lumak. Mg in BOEg 2445.
Beraz, hiru mende inguru aurreratu litzateke hitz honen lekukotza.