Mostrando entradas con la etiqueta Lope. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Lope. Mostrar todas las entradas

jueves, 10 de julio de 2025

Lopetotegi toponimoa

 Nafarroako toponimo hau Gaintza herrikoa da eta jaso den lekukotza osoa Euskaltzaindiaren EODA datu basetegiko Lopetotegi toponimoaren sarreran dago. Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira:

lopetotegui (1700)
lopitotegui (1704)
lopetotegui (1722)
[...]
Lopetotegi (2019)
Toponimoak bi elementu ditu, bukaera aldean -tegi atzizki ezaguna eta hasieran, Lopeto antroponimoa. Hau hipokoristiko bat da, oinarrian Lope antroponimoa dago eta -to atzizkia du, zentzu txikigarria emateko. Antroponimo bera Lopetorena toponimoan dago eta sarreran honetan Lopetoren informazio gehiago dago, antroponimikoa eta toponimikoa.

lunes, 7 de julio de 2025

Lopetorena toponimoa

 Oiartzunen izan zen XV. mendearen bukaeran Lopetorena izeneko etxea, hiru aipu ezagutzen dira eta hirurak daude agiri berean, Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuan, 1. agirian, 1499. urtekoa. Lehenengoa, 50. or.:

Desde estas tierras hasta las tierra de Seyn e los
exidos y el camino rreal que va de Seyn a la casa de
Lopetorena, tomando Miguell de Lertavn lo suyo,
estimaron que ay tierras de mill e ochoçientos pies de mançanos.
Bigarrena, 51. or.:
Las tierras que tiene començando en las tierras de
Aldaco por el camino derecho a la casa de Lopetorena,
e fasta las tierras de la casa de Echeberria, estimaron que ay d’entre en medio d’este camino e del agoa que va desde la casa de Aldaco a Bordachipia, tomando lo suyo las dos casas de Aldaco, tierras de tres mill pies de mançanos.
Eta azkena, hirugarrena, 53. or.:
La tierra e mançanal que es entre la casa de Echeberria e Lopetorena, en vno con las vertas, estimaron tierras de dosientos e çinquenta pies de mançanos.
Beste liburu baten agiri batean Lopeto izeneko etxea aipatzen da, Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuaren 56. agirian, 1501. urtean:
Nin estén fuera de la yglesia d’entre la casa de Lopeto e Liçarrada e Arrieta e Apaezechea, desde que se començare la prosesyón fasta que se eche la vendiçión.
Beharbada etxe bera da, bi izen zituena, Lopetorena eta Lopeto. Oinarri bera da, baina batean genitiboa eta artikulua daude eta bestean Lopeto bakarrik, antroponimo bat. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan lekuko antroponimiko zein toponimiko daude, 201 or.:
Lopeto (Lope): «Lopeto, seynor d’Etcheverrye» (Gamue, 1412-13, CPBN, 78. or.), Lopeto de Larrayncar (Lar., 1536, At.p., 1, 33), Lopeto Jauregui (Eu., 1548, At.p., 1, 82): «miglico. hijo de lopeto» (Ilarr., 1552, At.p., 1, 82). Etxalekun Lopetorena etxea azaltzen da 1551n (At.p., 1), Berriozarren 1727an (ikus Jimeno, 1992: 299).
Salaberrik bi etxe aipatzen ditu Lopetorena izena dutenak, Nafarroan. Bi horiei beste bat gehitzekoa da, Oiartzunen, Gipuzkoan.
Lopeto antroponimo hipokoristikoa da, oinarrian Lope antroponimoa dago eta bukaeran -to atzizki txikigarria.

lunes, 10 de marzo de 2025

Lopelopeztegi toponimoa

 Lopelopeztegi da Idiazabalgo bizkarra, hegia. Toponimoaren lekukotza ez da handia, lekuko zaharrenak XX. mendearen bukaerakoak dira, Lopoloztegi (1993). Egun ofiziala den izena ontzat hartuz gero, oso etimologia argia du, hiru elementuz osaturik dago, Lope antroponimoa, Lopez patronimikoa eta -tegi atzizkia. Zoritxarrez, ez dakigu zergatik aukeratu zuten izen hori ofiziala izateko, ziurrenik lekuko gehiago badira, baina webgunean dagoen informazioan ez da agertzen. Ahozko izenetan laburketa gertatu zen, baita bokal asimilazioa ere, silaba bat galdu zen, antroponimoak eta patronimikoak lotura argia dutelako, ia homofonoak direlako.

miércoles, 12 de febrero de 2025

Txopeko antroponimoa

 Antroponimo honen bi lekuko aurkitu dira Oiartzungo agiri zaharretan, XV. eta XVI. mendeetako agirietan. Lehena dago Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520
liburuaren 46. agirian, 1490. urtean:

...e Joango de Ybarra e Domingo de Retegui e Chopeco de Vgarte e Pedro d’Anarbe e Esteban de Annarbe...
Bigarrena eta azkena dago Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. II. Pleito de los ferrones (1328-1514) liburuaren 37. agirian, 1514. urtean:
... e Juan de Santiago e Esteve de Çuloaga e Martin de Larrea e Chopeco de Leeti e Martin de Sagarçaçu...
Txopeko antroponimoa Txopetik sortua da eta hau Lope antroponimo ezagunetik. Txope hipokoristikoa zen, Txopeko bezala; honek, gainera, -ko atzizki txikigarria jaso du. Baina bada beste bide bat Txopeko azaltzeko, Lopeko hipokoristikotik abiatuz, hasierako foneman txistukaria kokatu da, bilakaera hau ezaguna da, Txopillo antroponimoan bezala, Lopillo > Txopillo bilakaera gertatu da. Bi bilakaerak laburtuz: Txope + -ko ala Lopeko > Txopeko. Txomingo antroponimoan bikoiztasun bera dago, Domingo > Txomingo ala Txomin + -ko?
Txope antroponimoa toponimian ez da ezezaguna, Txope toponimoan eta Txoperena edo Txopeenia toponimoan ere.

viernes, 20 de octubre de 2023

Lopetxe eta Lopetxea toponimoak

 Lopetxe Markina-Xemeingo baserria da. Lopetxea da Ataungo baserri bat. XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

LOPETXEA (col.) San Martin ballara
Lopetxea da Errenteriako aurkintza bat, eta beharbada, etxea ere izan zen. Toponimo honen informazioa Errenteriako udalaren web gunetik eskuratu da. Honen arabera, lekuko bakarra dago, Lopechea, 1864. urtekoa.    
Toponimo hauetaz gain, bazen Lopeetxea deitura, Donostiakoa, Dokuklik web-gunean, Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-agiriak biltzen dituen lekuan. Agiri hauek dira, jaio, ezkontza eta heriotza agiriak eta Lopeetxea agertzen da XVI. mendearen bukaeratik:

Lopeetxea bada aldaera antzinakoena, etimologia argia du, Lope antroponimoa, etxe izena eta artikulua. Toponimo hauetan ez da lekuko oso zaharrik aurkitu eta ezin da erabat baztertu antroponimo huts bat izatea, *Lopetxe, Lope antroponimotik sortua, -txe atzizki txikigarriarekin. Izan ere, PI + etxe egitura ez da ohikoa eta bere erabil-eremua sartaldekoa da, Barbaraetxe toponimoan bezala.

lunes, 6 de junio de 2022

Txope toponimoa

 Nafarroako Villamayor de Monjardín herriko toponimo hau Euskaltzaindiaren EODA datu basetegian dago Txope izenaren sarreran. Lekuko zaharrenak XVIII. mendekoak dira:

chope (1714)
chope, el (1798)
echope (1895)
txope (1995)
Toponimoa nahiko egonkorra izan da, baina aldaeraren bat ez da ohikoa, 1798. urteko el chope bezalakoa. Hurrengo mendeko echope ere izan liteke aurrekoaren laburketa bat. Beharbada, besterik gabe, artikulua erantsi zioten toponimoari. Bestela, gaztelaniaz gertatu ohi da pertsona izenei, zenbaitetan, artikulua gehitzea, nahiz eta arrunkeriatzat hartua izan.
Izen jatorrena Txope bazen, gerta zitekeen jatorria Txope hipokoristikoa izatea. Bilakera ezaguna da, Lope > Txope, hasierako kontsonantea txiskukari batez ordezkatua izan da, hipokoristikoa sortzeko. Batzuetan, gainera, ez da beharrezkoa fonema baten ordezkapena izatea, horrela, Xapalonea toponimoan *Xapalo hipokoristikoa ba omen da, Apalo antroponimotik sortua.

viernes, 27 de mayo de 2022

Txopillo antroponimoa

Antroponimo hipokoristiko hau behin agertzen da Documentación medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. III. 1320-1520 liburuko 28. agirian, 1475. urtean:

... e estando presentes en el dicho lugar Juanto de Goyçueta, alcalde de la dicha Villanueva, e Chopillo, lugarteniente de preboste por Per Ybanes de Goyçueta, preboste de la dicha Villanueva e de la dicha tierra de Oyarçon...
Izen hau oso gutxitan agertzen da, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz, lekukotza oso urria du, 130. or.:
Txopillo (Txope). Leitzako Txopilloborda etxe izenaren oinarrian dago (NTEM XLVIII: 130). 1596an aurkitu dut lehen aldikotz: «Beltran de chubieta, m. de chubia, Juª Lopez de Chopillo, lope de altamira» (HA.p., 2). 1726an Chopillo moduan ageri da oikonimoa.
Oiartzungo liburuko agiri honetakoak 121 urte aurreratuko luke hipokoristiko honen lehenengo agerpen data, eta horrela, aipatutako lekukotza urria apur bat sendotzen da. Bilakaera, Salaberrik adierazten duen bezala, Txope > Txopillo izan daiteke, baina *Lopillo > Txopillo ere izateko aukera dago. Salaberrik bi izen oso antzekoak aipatzen ditu, Lopiello eta Lopillu. Bide batez, azken hau izan zitekeen Opilluaga toponimoaren oinarria.

viernes, 13 de mayo de 2022

Lopesolaarrate toponimoa

Arabako Mungia herriko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburutik jasoa:

LOPESOLAARRATE, 1716, labrantío de Murguía.
Toponimoak hiru elementu ditu, eta lekuko bakarra bada ere, azalpena nahiko argia du, baina badago zalantzarako oso tarte txikia. Hasieratik bukaeraraino azalduz, Lope antroponimoa, sola- 'solo', soro ezagunaren sartaldeko aldaera eta harrate 'mendi arteko bidea'. Ez da aldaketa azalgaitzik, baina zalantzarako izan liteke hasierako elementua, Lope izan beharrean Lopez ere izan zitekeelako. Horrela, Lopez + ola (edo sola- 'solo') + harrate izan zitekeen.

lunes, 14 de febrero de 2022

Lopesantxesobia toponimoa

 Arrasateko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XV. mendekoa, Arrasateko toponimia liburutik jasoa, 234. or.:


 Toponimoak hiru elementu ditu, azkena hobia da, hitz ezaguna eta toponimian ezaguna dena. Arrasaten bertan Jaunperobia toponimoa dago, oinarrian antroponimo bat duena. Aztergai den toponimoan hasierako zatian antroponimo bat dago, Lope, eta patronimiko bat, Santxes, Santxo izenetik sortua.

lunes, 31 de enero de 2022

Loperreka toponimoa

 Loperreka da Erandioko larre baten izena eta baita Etxebarriko baserri batena ere. Azken honen lekuko zahar batzuk daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Lope Erreca [N, TO]
Lope_Erreca (la casa nueba de), Echauarria (San_Andres de), a.1799, FogVizcayaMs.

Loperreca [N, TO]
Lopeerreca (la casa de) [Unamunsaga (bereda de)], Echevarria (San_Andres de), a.1796, FogVizcayaMs.

Bi lekuko hauetan bi elementuak nabarmenak dira, egungo lekukoetan dagoen bokal fusioa gertatu ez delako eta, horrela, erraz ikusten dira, Lope antroponimoa eta erreka izen arrunta.
Lopaitz eta Loparria toponimoekin arazo bat zegoen oinarria antroponimoa zehazteko, Lop, Lope edo Lopa ziren aukeran zeudenak, baina ziurrenik Lope izango zen toponimo hauetan dagoena. Loperreka, aldiz, ezberdina da, XVIII. mende bukaeran ere jatorrizko izana gordea zelako, nahiz eta gerora bokal fusioa gertatu.

lunes, 24 de enero de 2022

Lopeolanea toponimoa

 Lopeolanea da Errenteriako etxe baten izena. Toponimo honen informazioa Errenteriako udalaren web gunetik eskuratu da. Honen arabera, toponimoaren lekukotza XVIII. mendean hasten da:

1715 Lopeola
1723 Lopeolanea
1794 Lopeola (C. de arriva)
1794 Lopeolanea (C. de arriva)
1819 Lopeolachiqui
1920 Loperenaldia
Toponimoak aldaera ugari ditu, nagusiak Lopeola eta Lopeolanea dira. Lopeolachiqui, beharbada, toponimo eratorria da, txiki izenlaguna jaso duena. Loperenaldia oso aldaturik dago, dirudienez, toponimoa berrosatu da, Lope + -(r)en + alde + -a bezalako bihurturik.
Lopeola izenean bi elementu daude, Lope antroponimoa eta ola izen zaharra. Lopeolanea izenean -(r)en + -a, gehituak dira, ohiko atzizkiak etxe izenetan.
Toponimoaren bikoiztasun hori Lopegartzienea toponimoan ere badago, hori ere Errenteriakoa.

sábado, 22 de enero de 2022

Lopegartzienea toponimoa

Lopegartzienea da Errenteriako aurkintza bat, eta beharbada, lehenago etxea izan zen. Toponimo honen informazioa Errenteriako udalaren web gunetik eskuratu da. Honen arabera, lehenengo lekukoa Lopegarcienea litzateke, 1728. urtekoa. Mende horretakoa da Lopegarcía (1785). XIX. mendean bi dira lekukoak, bietan izen bera dago, Lopegarcienea, 1819. eta 1821. urteetakoak. Azkenik, Lopegarcía da XX. mendeko lekuko bakarra, 1920. urtekoa.
Toponimoak bi edo hiru elementu ditu, Lope antroponimoa, Gartzia deitura eta, batzuetan, -(r)en + -a, ohiko atzizkiak etxe izenetan.
Toponimo antzekoa da Jaunlopeasteisarana, nahiz eta, itxuraz, antzekotasun gutxikoa izan. Horren analisia luzeagoa da: jaun praenomena, Lope antroponimoa, Gasteiz deitura/patronimikoa eta haran izena, bukaeran artikulua duena. Gartzia eta Gasteiz, dirudienez, oso loturik daude, jatorri bera dutelako, aldaketa bakarra da rtz > st bilakaera izan zela, paraleloak dira bortz/bost, hertze/heste bezalako bikoteak.

miércoles, 15 de diciembre de 2021

Lopegaingobarga toponimoa

Arabako toponimo hau lekuko bakar batez ezaguna da, XVII. mendekoa, Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan aurkitua:

LOPEGAINGOBARGA, 1667, término mojonera Alda-San Vicente Arana.
Toponimoak lau elementu lituzke, Lope antroponimoa, gain izena, -ko atzizkia eta, azkena, barga izena:
2 barga.
(G-nav). Ref.: A Apend; Iz Als; Satr VocP.
"Barga andia jek, hay una gran vertiente o derrumbadero (es castellano) (G-nav)" A Apend. "Bargi, la pendiente" Iz Als. "Barga gaiztu, gerba gaiztu." Ib. "Barga gainin, en lo alto del derrumbadero" Ib. "(Ergoyena) [...] pendiente muy pronunciada" Satr VocP. Cf. VocNav: "Barca, portillo, espacio entre dos picarras o peñas en la cumbre de un monte (Roncal)".
Bargan hostoa erditik gora hasten denean, hiru egunez denbora txarra. (G-nav). EZBB I 196. (cf. ib. nota: Barga, Urbasa mendiko ipar aldeko hegalari esaten zaio)
1.1
(G-nav, AN-olza). "Rocher" Bon-Ond 138. "Lugar rocoso" Satr VocP.
Bargaren lekuko gehienak nafarrak dira eta toponimoaren herria Nafarroatik oso hurbil dago. Beste alde batetik, toponimo honekin barga izenaren lekukotza 1667. urteraino aurrera liteke.

lunes, 13 de diciembre de 2021

Lopegi toponimoa

 Lopegi Trebiñuko aurkintza baten izena da.
XIX. mendeko lekuko bat heldu zaigu Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuaren bitartez:

LOPEGUI, 1827, labrantío de Arrieta de Treviño.
Toponimoak bi elementu lituzke, beharbada, Lope + hegi. Hasierako antroponimoa ziurrenik Lope izan daiteke, baina Lop aldaera ere izan daiteke, edo Lopa, emakumezko aldaera. Antzeko zalantza dago Lopaitz eta Loparria toponimoekin. Lopaldaoste, aldiz, gardena da lekuko zaharrek erakusten dutelako aldaera zaharra Lopealdaoste zela.

viernes, 10 de diciembre de 2021

Lopearria eta Lopearriza toponimoak

Erdi Aroko toponimo hauek Deba aldekoak ziren eta, beharbada, toponimo bakarraren aldaerak izan zitezkeen, baina hemen bi toponimo ezberdin bezala aztertuko dira.
Bi lekukoak agertzen dira Archivo Municipal de Deba. II. Libro de Apeos y Ventas de Tierras Concegiles. (1482-1483) liburuan, biak urte berekoak, Lopearria 124. agirian, 1483. urtean:

Començando en el monte que llaman Lopearria, començando debaxo de la pieça de Lope llamada (blanco), dende adelante fasta las cruzes e segun bienen las cruzes...
Lopearriza, aldiz, 181. agirian, 1483. urtean:
E mas el castañal de Ecurayn como esta çercado alderredor de cruzes en filo de tres a tres, pegado a Lopearriça, ge lo apearon e vendieron.
Lopearria toponimoa gardena da, Lope + harri + -a. Lopearriza izenean Lope + harritza genuke, azken hori harri + -tza dela. Harritza hitzak aztarrena utzi du Hego Euskal Herriko testuetan:
1 harritza.
(V, G, AN), artza (V-ger). Ref.: A (arritza, artza); Etxba Eib.
Pedregal. "Ixa Arrazolarañok arritzia Anboto azpixan" Etxba Eib. Cf. Dv: "Arritze (V), lieu couvert de pierres" y "Arritzeta (V), amas de pierres" ( A); en realidad, ambas formas parecen ser deducidas de arritzetan de Uriarte. Cf. 2 hartze.
Beste batzuek berriz erori ziran arritzetan, non etzeukaten lur asko. Ur Mt 13, 5 (Ur (V) arritzetan; Dv toki harritsuetara). Bildur ikaraz dabil, lokatz ala arritzan, / Egingo ete daben ankea ipiñi. AB AmaE 363. Konstantzi artzako esaten eutsen, portuko artza edo arritza baten ondoan bizi zalako. Echta Jos 220. Zittalok, eztaukazue artza orretan dabillen erresakien bilddurrik? Ib. 59. Ezkongaietan bidexiortzat / nik arturikan trenbide, / arritza artan zapatak guztiz / apurtu bere al dire. Ayesta 137.
Ikus daitekeenez, lehenengo lekukoak XIX. mendearen bigarren erdialdekoak dira eta orduan Lopearriza toponimoak 350 urte baino gehiago aurreratuko lituzke hitz horren agerpen data.
Lopearria izenean nabarmena da Loparria toponimoarekiko antzekotasuna, biak elementu berdinez osaturik izan daitezkeelako.

viernes, 3 de diciembre de 2021

Lopaldaoste toponimoa

Lopaldaoste da Bergarako toponimo bat, erreka bat eta bi baserri izendatzen ditu.
Bergarako baserriak - Caseríos de Bergara webguneko Lopealdaoste baserriaren orrian lekuko zaharrak badira, zaharrena Lopealdaoste litzateke, 1791. urtean. Hurrengo urteetako lekukoetan Lopealdauste aldaera nagusiturik dago, Lopealdaste eta Lopaldoste ere agertzen dira, beste aldaera batzuekin batera. Azkenik, Lopaldaoste nagusitu da. Horrela ikus daiteke, Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan, XX. mendeko bigarren erdialdekoa:
LOPALDAOSTE (LOPE) (2 viv.) (prop.), *Angiozar auzoa, Bergara
LOPALDAOSTE (LOPE) (2 viv.) (prop.), Bergara
Aldaerak aldaera, ematen du lekuko zaharrena osoena dela, Lopealdaoste. Toponimoak hiru elementu lituzke, Lope + alda- 'alde' eta oste. Hiru elementu horiek batuz eta toponimo luzea sortu zen, ondorengo mendetan laburtu zena, tartean aldaketa txiki bat, antroponimoari dagokiona, XX. mendeko lekukoetan azken bokala galdu zuelako. Aldaketa hori ez da ohikoa baina batzuetan gertatzen da eta antzekoa ere gertatu zitekeen Lopaitz eta Loparria toponimoekin, baina azken bi hauetan lekuko zaharrik ez dagoenez, ezin ziur izan toponimo horien hasierako elementuaz.

lunes, 29 de noviembre de 2021

Lopearanburarra toponimoa

 Arabako Dulantzi herriko toponimo honetaz lekuko bakarra dago, Erdi Arokoa, Documentación Medieval de la Cuadrilla de Salvatierra: Municipios de Alegría-Dulantzi, Barrundia, Elburgo-Burgelu e Iruraiz-Gauna liburuan aurkitua A10 izeneko agirian, 1408. urtekoan:

E, otrosi, de la fuente de Atilana a Lope Aranburarra, (y dende a la ermita de San) Felisys, e dende por sobre la pieça que es de Martin Sanchez de Ygoroin, e dende que deçendan a Ruymendi, e de Ruymendi que bengan (al camino viejo, y del) camino viejo que deçendan al rio mayor de Henayo...
Toponimoak hiru elementu lituzke, Lope antroponimoa, eta ondoren haran eta burar 'bular'. Orotariko Euskal Hiztegiaren bular izenaren lehenengo lekukoa Leizarraga da, 1571. urtekoa:  

Bere bulharrari zeraunsón, zioela, Iauna, amatiga akit, othoi niri bekhatoreoni. Lç Lc 18, 13
Hori kontuan harturik, toponimo honen burar aldaerak 163 urte aurreratuko lituzke hitzaren agerpena. Gainera, burar aldaera oso bakana da euskal testuetan. Blog honetan behin agertu da bular hitza, buar aldaerarekin, Otxoamendiko buarra toponimoan.

viernes, 19 de noviembre de 2021

Lopaitz eta Loparria toponimoak

Lopaitz izeneko tontorra Mutrikun dago, Gipuzkoan. Loparria izeneko tontorra Mungian dago, Bizkaian.
Bi toponimoak loturik daude izanetik, biak tontorrak direlako, eta baita izenetik ere. Bietako hasieran lop- dago eta bukaeran haitz eta harri, erabilera toponimiko hauetan sinonimotzat har daitezkeenak.
Hasierako zatia, lop-, ez da erabat ziurra. Lotura agerikoa du Lope antroponimoarekin, baina, beharbada, Lop aldaera izan da bi toponimoen sortzailea. Badago beste aukera bat, Lopa antroponimo emakumezkoa. Lop zein Lopa balitz, aldaketaren beharrik ez litzateke izango, gehienez aa > a bokal fusioa, besterik ez. Lope izango balitz, ea > a gertatu beharko zen, beharbada ia tarteko baten bitartez. Jakina, lekuko zaharrik ez dagoenez ez dago urrats horien aztarrenik.
Azken aukera ere bada Lopaitz toponimorako, Lopeitz patronimikoa, gero, Lopaitz bihurtua, beharbada herri etimologiak lagundua.
Laburbilduz, bi toponimo hauetan, harri eta haitz izateaz gain, Lope antroponimoa izan zitekeen, beharbada Lop aldaera laburtuaz edo Lopa emakumezko aldaerarekin. Toponimoen lekuko zaharrek laguntza eman zezaketen etimologian zehazteko.

viernes, 23 de abril de 2021

Lopeigertu toponimoa

 Toponimo honetaz lekuko bakarra dago, XVIII. mendearen bukaerakoa, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuan dagoena:

Lope Iguertu [N, TO]
Lope_Yguertu (la casa de) [Erandio (uarrio de)], Erandio, a.1796, FogVizcayaMs.
Lekuko bakarra bada ere, dagoen bezala analiza daiteke eta informazio interesgarria ematen du, toponimoaren etimologiaz gain. Bi elementuz osaturik dago, Lope antroponimoa eta igertu, ihartu aditz ezagunagoaren aldaera, i-a > i-e asimilazioa gertatu zaio, bilakaera hori ezaguna da hainbat euskal eremutan eta batzuetan toponimoetara ere hedatu da. Asimilazio horretaz gain, badago beste ezberdintasun bat ihartu partizipioarekin, /g/ herskaria tartekatu dela, izan ere, igartu aldaera nahiko zabaldurik dago, baita igartza izen eratorria ere. Ihar zein ihartu ohikoak dira toponimian, Lasiar toponimoan esaterako, erreka bat litzateke oinarria.

martes, 1 de diciembre de 2020

Jaunlopeasteisarana toponimoa

 Arabako toponimo honetaz hiru lekuko baino ez daude, guztiak Erdi Arokoak.
Documentación Municipal de la Cuadrilla de Salvatierra: municipios de Asparrena y Zalduondo (1332-1520) liburuan badira hiru lekuko, bi lekuko 11. agirian, 1469. urtean:

... que del lugar llamado Ururcullua, donde las dos aguas se juntan, ençima del valle de Jaunlopeasteisarana, que dizen e declara asi la dicha sentencia como los dichos testigos, que pusyeron y estaua vn mojon en el lugar llamado Emadantegui, alla donde las aberturas de las ayas.
[...]
E fallamos que debemos poner e pusyesemos dos mojones en vn logar en el dicho lugar llamado Vrurcullua, ençima del dicho balle de Jaunlopeasteizarana, donde se juntan las dos aguas.
Azken lekukoa, Jaunlopeasteisarangaiña, 11. agirian, 1454. urtean:
Et dende, pusieron otro mojon, cordel tirado, en Jaunlopeasteisarangaiña, cauo el mojon de los dichos de Zalduendo y de los vecinos de la aldea de Galarreta, señalando las fayas de cerca.
Azken toponimo honen beste lekuko bat beste liburu batean, Archivo Municipal de Salvatierra-Agurain. Tomo III. (1451-1500) izenburua duenaren 13. agirian, 1454. urtean:
... dende pusieron otro mojon cordel tirado en el lugar donde se llama Ydoya cavo otro grand robre faciendo sennales al otro robre e hayas mas cercanas, e dende pusieron otro mojon cordel tirado en Jaun Lope Asteri Arangainna cavo el mojon de los dichos de Zalduondo e de los vecinos de la aldea de Galarreta sennalando las hayas de cerca.
Bi toponimo ditugu eta lau lekuko. Toponimo nagusia Jaunlopeasteisarana da eta toponimo eratorria Jaunlopeasteisarangaiña, baita ere Jaun Lope Asteri Arangainna. Toponimo eratorriaz nabarmentzekoa litzateke sudurkaria, ematen duelako bigarren lekukoan sabaikaritzerik ez dagoela, baina ziurrenik grafia kontua da. Dena den, lekuko honen fidagarritasuna ez da handia, patronimikoa, behintzat, gaizki agertzen delako.
Toponimo nagusia Jaunlopeasteisarana da, eta banaketa eginez, Jaun + Lope + (G)asteiz + haran + -a litzateke. Guztiak elementu ezagunak eta, beharbada, arreta gehiago patronimikoak merezi du. Gaste(a) antroponimoaren patronimikoa litzateke, -iz atzizkia gaineratua. Belarea, bokal artean egonik, galduko zen aspaldi, toponimoan agertzen den bezala. Arabako hiriburuaren izenarekin dagoen antza ez da kasualitatezkoa, dirudienez, Gasteiz toponimoa Gaste(a) PI + -iz elementuz osaturik dago.