martes, 7 de mayo de 2024

Uxarra toponimoa

 Uxarra da Urdulizko baserri baten izena. Toponimo eratorri bat du, Uxarraburu, Plentziako mendi-adarra. Web orri horretan dauden lekuko zaharrenak XVII. mende bukaerakoak dira, Ujarra (1679, 1690). Urte bakoitzeko bi lekuko daude, eta beraz, guztira lau lekuko dira, guztiak berdin jasoak.
Hala ere, askoz lekuko gehiago daude Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izenburuko liburuan:

Ujarra [N, TO]
Ujarra (la casa de), Barrica, a.1796, FogVizcayaMs.
Ujarra (la casa y molino de), Urduliz, a.1796, FogVizcayaMs.
Vjarra (el molino de), Urduliz, a.1704, FogVizcayaMs.
Vjarra (el molino llamado), Barrica, a.1745, FogVizcayaMs.
Vjarra (la casa de), Barrica, a.1799, FogVizcayaMs. -/Urduliz, a.1704, FogVizcayaMs.
Vjarra (la caseria de), Vrduliz, a.1745, FogVizcayaMs.

Toponimoa iluna da, nahiz eta euskarazkotzat hartu ahal. Ulergarria egiteko aldaketa txiki bat beharrezkoa da, gutxitan gertatzen da baina lekukoak badira, o- > u-, Usandizaga (bx) toponimoan bezala, *Otsandizaga zaharrago batetik etorriko zelako, eta honetan Otsando antroponimoaren patronimikoa izango genuke, eta bukaeran -aga atzizkia. Fenomeno hau Otsoa antroponimoaren eratorri batzuekin ikus daiteke eta, beharbada, Urdulizko toponimo honetan ere bai.
Aurreko paragrafoan azaldu dena kontuan hartuz, izen zaharragoa Oxarra izan zitekeen eta hau ez da ezezaguna Erdi Aroko onomastikan, Oxarra antroponimoaren lekukoak daudelako. Hau ozar hitzetik sortua da eta bere sarreran lekuko antroponimiko batzuk daude:
Onom.: Filius eius Exemen Fortunionis et Ossarra. (1115) Arzam 385. Ferme Don Oxarra. (1130) Ib. 385. Don Garcia Ocharra. (1180) Ib. 385.
Hitzaren bilakaera azaltzeko, Mitxelenaren Sobre el pasado de la lengua vasca laneko oharra:
53. [...] se impone como muy atractiva la idea de que ozar no fue en un principio más que un compuesto con valor aumentativo, algo así como 'perrazo', cuyo diminutivo oxar parece estar atestiguado por el antropónimo medieval Oxarra.
Beraz, Oxarra antroponimotik Uxarra toponimoa sortu zen, bokal aldaketaren agerpen data ez da ziurra, agian toponimoa sortu eta gero gertatu zen, baina oraingoz ezin da jakin.
Bide batez bada uxarra-belar hitz elkartua:
"Uxarra-belar, belar-mota. Nekazaritzarako belar kaltegarria eta txarra da. Hondoan koxkorrak edo patata-haziak uzten ditu eta zabaltzen erraza da. Itxuraz, perrejilaren antzeko ostroak ditu" ZestErret.
Bizkaiko toponimoarekin duen antza oso nabarmena da, baina ez da ziurra hitzaren jatorria, bukerakoa belar da baina uxarra- hasiera, homonimoa bada ere, ezin da besterik gabe lotu aipagai izan diren antroponimoarekin edota toponimoarekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario