martes, 7 de mayo de 2024

Jaundia toponimoa

 Jaundia da Urkabustaizko erreka baten izena. XX. mendeko lekuko bat eta toponimo eratorri zahar bat daude Gerardo Lopez de Gereñuren Toponimia alavesa, seguido de Mortuorios o despoblados y Pueblos alaveses liburuan:

JAUNDIA, arroyo de Gújuli; íd. de Barambio.
JAUNDIALARRA, 1772, término de Barambio.
Toponimoa, beraz, Jaundia da. Jaundialarra izenean larra erantsi da Jaundia izen osoari, azken bokala ez da artikulutzat hartu; bestela, *Jaundilarra sortuko zen. Jaundia toponimoak azalbide bat baino gehiago baditu, oinarrian argi dago Jaunti antroponimoa, nt > nd, horzkariaren ahostuntzea gertatu da, sudurkari atzean egoteagatik. Fenomeno hau oso arrunta da antroponimo honen eratorri toponimikoekin, Jandisolo toponimoan, esaterako.
Bukaerakoa izan daiteke -aga atzizkia laburtua, baina horretaz lekukorik ez dago. Bestela, artikulua izan liteke, ezaguna da toponimo askotan artikuluaren eransketa gertatu ohi zela, Otsondoa toponimoa Artaxoakoa da eta lekuko zaharrenetan ez dago bukaerako /a/ bokalaren aztarrenik baina XVI. mendean hasi zen aldaketa, Osandoa (1573) lekukoan bezala. Berdintsua gerta liteke Arabako toponimoari, jatorrian Jaundi izatea eta gero artikulua jasotzea. Lekuko zaharragoak izateak lagun dezake dagoen hipotesia sendotzen ala desuezten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario