martes, 5 de junio de 2018

Zafiel toponimoa

Arrasateko toponimo hau behin baino ez da agertu, 1476. urtean, Musakola auzoko toponimoa omen zen. Lekukoa Arrasateko toponimia izeneko liburuan dago, 292. orrialdean.
Lekuko bakarra izanik, eta gaineraturik gure egunera heldu ez dela, ziurtasun osorik ez dago, baina, hala ere, arrazoiak badira toponimoa aztertzeko: batetik zahartasuna eta bestetik, Zafiel izenak korrespondentzia ia osoa du antroponimo zahar batekin, etimologia ezezagunekoa, Zabiel izenarekin. Izan ere, badago Zabiel izeneko toponimoa, hau ere Gipuzkoan.
Zafiel-en izan daitekeen aldaketa bakarra, bokalarteko b > f aldaketa. Ezaguna da /f/ fonemaren urritasuna, eta mailegu zahar batzuetan aldaketa jaso zuela: lat. fortis > eusk. bortitz. Badirudi izen honetan aldaketa alderantzizkoa izan zela.
Bada, dena den, beste aukera bat, antroponimoa jatorrian Zafiel izatea, eta hala dirudi,
bazelako Zafiel izeneko goiaingerua, izen honen aldaeren artean baziren Jafkiel, Japhkiel, Tzaphkiel, Zafkiel, Zafchial, Zaphchial, Zaphiel eta Zelel. Beraz, gerta liteke izen bibliko honen lekukoak Euskal Herrian Zabiel eta Zafiel bezala agertzea, nahiz eta bildutako pertsona izenetan Zabiel baino ez ageri. Baina *Zafiel ere egon zitekeela argi geratzen da, Arrasateko lekuko toponimiko honen bitartez.
Laburtuz, berriro ere, badago beste toponimo bat hasieran antroponimoa zena eta orain arte lekukorik gabea zena, behintzat *Zafiel aldaera bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario