viernes, 27 de diciembre de 2019

Naberan toponimoa

Bi dira Naberan duten toponimoak, biak baserriak, Bizkaiko Gautegiz-Arteagakoak: Naberan eta Naberansakona.
XVII. eta XVIII. mendeetan hiru izan ziren Naberan zuten toponimoak: Naberan, Naberan Aurrekoa eta Naberan Sakona, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII liburuko lekukoek erakusten duten bezala:
Naberan [N, TO]
Naberan (la casa de) [Canala (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1799, FogVizcayaMs.
Naberan (la caseria de), Gautiguiz de Arteaga, a.1641, FogVizcayaMs.
Naueran (la casa de), Gauteguiz de Arteaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Naberan_Aurrecoa (la casa de) [Gauteguiz (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1704,
FogVizcayaMs.
Naberan_Aurrecoa (la caseria de), Arteaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Naberan_Sacona (la casa de) [Canala (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1799,
FogVizcayaMs.
Naberan_Sacona (la casa de) [Gauteguiz (uarrio de)], Gauteguiz de Arteaga, a.1704,
FogVizcayaMs.
Naberan_Sacona (la caseria de), Arteaga, a.1745, FogVizcayaMs.
Naueran_Sacona (la casa de), Gauteguiz de Arteaga, a.1796, FogVizcayaMs.
Badaude, gainera, Erdi Arokoak izan daitezkeen lekukoak, 1406. urteko Amojonamiento del Valle de Léniz deitutako agirian bi aldiz agertzen da Juan Ruiz de Naveavan izeneko gizona. Beharbada Naveavan hori benetan *Nabearan bazen, <r> zegoen lekuan <v> irakurri zelako. Testua, ez da ahaztu behar, 1406. urtekoa bada ere, 1622. urteko beste testu batean badago, eta 200 urteko idazketa ohiturek akatsa eragin lezaketen.
Beraz, proposatutako bilakaera *Nabearan > Naberan litzateke, eta hala izanez gero, *Nabearan bera azaldu beharra dago. Horretarako naba 'haran, ibar' eta haran hitzak egokiak izan litezke. Aipagarria da naba eta haran hitzen esanahiak nahiko antzekoak direla. Naba hitza, dena den, ez da batere ohikoa Bizkaian, eta jaurerriko toponimian behaketa arin bat eginez, ez dago naba hitza duen beste toponimorik.

martes, 17 de diciembre de 2019

Behorlegi toponimoa

Behorlegi, frantsesez Behorleguy, Nafarroa Behereko herria da. Euskaltzaindiko onomastika datuen arabera, Behorlegi toponimoaren lehenengo lekukoak XIII. mendekoak dira: beorlegui (1218, 1259), beorrleguy (1264). Hasperena duen lehenengo lekukoa ere urte horietakoa da: behorleguy (1292). Hasperena gora behera ez du aldaerarik erakutsi azken 800 urteetan, beraz, egonkortasun handiko toponimoa litzateke. P. Salaberriren Nafarroa Behereko herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia liburuan biltzen ditu eginiko etimologiak, gehienetan behor eta hegi/-tegi elementuak ikusten dituzte, nahiz eta tarteko /l/ albokoa arazoa izan, 27-29. or.:
Behorlegi / Béhorléguy
Etimologia azalpenak:
Hatanek (1895: 15) ‘behor-leku’ erranahia ematen dio. Vinsonek ere behor ‘jument’ dakusa Behorlegi izenean, Behobia-n bezala (1909: 354), nahiz normalean euskal toponimoetan animali izenik ez duen ikusi nahi izaten (ibid., 352); bukaera legi ezezaguna da, Irulegi-n eta Ustelegi-n (burdin meatzea da hau) dugun bera. Zernahi dela, horren oinarrian-edo leg ‘coupure, passage, fente’ datekeela ere badio (ibid., 351).
Mitxelenak erraten du (AV, 148, 194) oinarrian be(h)or dugula eta atzizkia -egi leku atzizkiaren aldaera datekeen -legi dela, Aranguren ibarreko Irurlegi herri hustuaren izenean edo Iruñeko Laturlegi-n dugun bera. Lafonek (1954: 250) Nafarroako Ealegui “petite agglomération au nord de Pampelune” aipatzen du eta dio Ea-n oinarritua dagoela eta atzizkia Beorlegi-n dugun bera dela. Hondarreko izen honetan behor ‘jument’ dago aipatu autorearen arabera, eta, irudi duenez -egileak ez du garbiro erraten-, -egi tokizko atzizkia. Ikertzaile honen iritzian tarteko -l- hori ez da argia.
Lemoinek (1977: 190-19 1) behor eta -legi, -tegi ‘abri’ dakuski izen honetan; behor-tegi ‘parc à cavales’ ere aipatzen du. Txarrena da gero behor hitza latineko equa-rekin lotu nahi duela, «en admetant un B initial et un r final euphoniques». Dauzat & Rostaingek (1983 [1963]: 67) lehen osagaia iluna dela diote eta menturaz euskarazko behor datekeela; bukaerako -gui euskal atzizki lekuzkoa da autore hauen ustean. Ez dute, halarik ere, tarteko -le- hori zer den zehazten.
Orpustanek (1990: 113-114, 1999: 60) ere behor dakusa Behorlegi-ren lehen elementutzat; bigarren osagaia herriaren kokalekuari erreferentzia egiten dion -(h)egi ‘bord, créte, sommet’ da ortzaiztarraren iritzian, Behorlegi Mendibe-ri kontrajartzen diona. Nolanahi ere, badirudi -(h)egi hori -egi-rekin (gero -tegi bilakatu zenarekin) berdintzen duela, haren ustez ‘berokia’, ‘babeslekua’ («abri») duen atzizkiarekin, alegia. Ildo honetatik, ez du baztertzen Behorlegi-ren jatorrizko adiera ‘behor berokia, behor babeslekua’ izan zitekeelakoa. Bigarren osagaiaren -l- loturazko fonema dela uste du, trantsiziokoa, toponimian arraroa dena, Alçailegui, Ansalegui, Liçarlain... bezalako ugalde izenetan azaltzen bada ere.
Beranduagoko beste lan batean (1999: 97) zalantza egon daitekeela dio, hegi ‘crête’ ‘sommet’ nahiz -(t)egi izan dezakegulako. Alderdi honetatik Nafarroa Garaiko Beortegi toponimoa Nafarroa Behereko Behorlegi-rekin aldera daitekeela uste du.
Blog honetan azaldutako etimologia gehienen ustekoak gara, ziurrenik elementuak behor eta hegi dira, baina ahaztu gabe -tegi atzizkia ere izan litekeela, aldaera zahar batez, cf. jauregi. Baina azalpen oso ezberdina dugu /l/ arazotsurako, jatorrizko toponimoa *Behorregi izango zelako eta gero Behorlegi bihurtu, dardarkari disimilazio batengatik. Fenomeno bera aipatu dugu blog honetako aztertutako beste toponimo batzuetan, hala nola Arlegi, Agurlaeta eta Gorliz toponimoetan.
Beraz, rr > rl disimilazioa gertatu zen toponimo honetan. Lexiko arruntean ere kasuren bat bada, gerla 'gerra' ezagunena da, zalantzarik gabe.

martes, 10 de diciembre de 2019

Etxaboleta toponimoa

Tolosako etxe izenak ematerakoan, Lope de Isastiren Compendio historial de Guipuzcoa izeneko liburuan, Etxaboleta aipatu zuen, 1625. urte inguruan:
... Ezama, Echaboleta, Arraiechea, Illarraméndi garaicoa, Illarramendi erdicoa, Illarramendi azpicoa, Guisuaga, Ferrarategui, Iraneta...
Nahiz eta egun, txabola hitza oso ezaguna eta zabaldua izan, etxabola hitza ere erabilia izan da, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera, XIX. mendeko bigarren erdiko testuetan agertzen delako. Ziurrenik etxe + txabola izenen elkarketatik sortua da aldaera hau.
Etxaboleta toponimoaren azalpena hauxe litzateke, etxabola + -eta, alde horretatik zailtasunik batere ez.
Isastiren lekuko honi esker etxabola izenaren lehenengo lekukoa bi mende eta erdi inguru aurreratzen da.

Arnabal toponimoa

Arnabal toponimoa hainbat leku izendatzeko erabilia da, Bizkaian eta Araban. Horrela, Arnabal da Barakaldoko tontor baten izena, eta baita ere Galdamesko mendi-hobia. Araban, aldiz, Arnabal da Aiarako erreka-zulo baten izena.
Nahiz eta, hasieran, ez dago argi toponimoaren analisia, egoera guztiz aldatzen da beste toponimo baten ezagutza izatean, Arnabar, hain zuzen.
Arnabar toponimoa Bizkaian eta Gipuzkoan ezaguna da. Sopela eta Getxoko herrietan badaude izen hori duten bi baserri. Muxikan, Arnabar izeneko basoa bada eta Gipuzkoako Oñati herrian baso baten izena bada.
Arnabar toponimotik hasi eta Arnabal toponimoan bukatzeko gauza bakar bat beharrezkoa da, dardarkarien disimilazio bat, r-r > r-l. Hori gertatu zen, adibidez Bizkaiko Algorta herri izenean, nahiz eta honetan disimilatu zena lehenengo dardakaria izan.
Esanahia, behin elementuak ezaguturik, erraza da, har- 'harri' + nabar, azken honek harriaren koloreari erreferentzia egingo lioke, ziurrenik.

martes, 3 de diciembre de 2019

Lamiturri toponimoa

Toponimia, askotan, linguistikaren laguntzailea izan daiteke, testuak ez daudenean. Hala gertatzen da euskararen azterketarekin ere. Testu luzeak XVI. mendean hasten dira eta lehenago oso testu gutxi daude eta gainera oso laburrak. Beraz, informazioa eskuratzeko onomastikaren laguntza ezinbestekoa da, tartean toponimiarena.
Azken urte hauetan ETBk dokumental serie bat plazaratu du, eta gehienetan tesi berritzaileenak aurkeztu ohi ditu, baina batzuetan berria izateak ez du bermatzen akatsik gabea denik.
Horrela, Una historia de vasconia II serieko 3. dokumentalean, Mitos y religión de los vascos izenburua duena badu lamiei eskainitako tarte bat, pertsonaia mitologiko honen sarreraren dataz diharduena, zehatzago bideoko 39:08 minutuan:
El relato de Lamia tuvo que llegar muy tarde a Euskal Herria, solo podría conocerse bien a través de los sacerdotes vascos del periodo renacentista que lo estudiaron en universidades como Salamanca, a partir del siglo XV o el siglo XVI. Estos religiosos las leyeron y a su vuelta a casa las contaron a sus familias y a sus vecinos quienes las convirtieron en cuentos de miedo para educar a los niños. Y podríamos situar la difusión de Lamia aún más tarde, porque algún erudito, algún clérigo, Webster lo hizo con seguridad, pudo haber leído el poema titulado Lamia, escrito por el poeta romántico John Keats y publicado en 1820.
Beraz, dokumentaleko arduradunen arabera, goizenik XV. edo XVI. mendean hasiko zen lamiaren ezagutza euskal lurretan, edo XIX. menderaino atzeratu.
Baina badago lekuko toponimiko bat, askoz goiztiarragoa dena, eta Mitxelenak aipatu zuen bere Onomástica y población en el antiguo reino de Navarra lanean:
Más aún, si nos fijamos en que el documento intermedio (36, 945) hace mención de illo fonte qui vocatur Lamiturri, también en Espinosa del Monte. Fonte corresponde con toda claridad a iturri, y las ‘fuentes de las lamias’, si no son una exclusiva vasca, han sido por lo menos corrientes allí donde han habitado gentes de esa lengua. Lamiategui se atestigua en Navarra, como ya he comentado en otros lugares, ya en el siglo XIII, por no hablar de testimonios modernos.
Beraz, egungo Euskal Herritik urrun, bazen Lamiturri toponimoa, Burgosko Espinosa del Monte herrian, X. mendearen erdialdean. Eta Nafarroan XIII. mendean Lamiategi ere bazen. Jakina, toponimo hauek askoz lehenagokoak izan litezke eta susmatzekoa da kanpotik ekarri bazuten, erromatarren etorrerarekin lotu beharko litzateke, beharbada. Horrek oso antzinatasun nabarmena emango lioke lamiari, beharbada bi mila urte inguru eta ez, 400 urte edo 200 urte.

Txarti antroponimoa

Behin agertu da Txarti hipokoristikoa Documentación Medieval del Archivo Municipal de Oiartzun. I. Libros de estimaciones fiscales de vecinos y bienes raíces (1499-1520) liburuaren 3. agirian, 1520. urtean:
Yten, estimaron la casa de Charti o de Marticho de Rexil dos pequennos: II pequennos.
Txarti izenean ez dago atzizkirik, Matxitxo edo Matxitxa izen hipokoristikoetan bezala, esanahi hipokoristikoa eransteko palatalizazio adierazgarria erabilia izan da, m- > tx-; beraz, Marti > Txarti. Gutxiagotan erabilia bada ere, aski ezaguna da, adibidez, blog honetako Txomingotegi toponimoko oinarria, *Txomingo edo *Txomingot(e), Domingo edo Domingot(e) izenetatik.
Dirudienez, Txarti ez da lehenago aztertua izan, baina bai *Txartie, P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan aipatua, 62. or.:
Txartie (Pasaiako Txartienenea etxe izenean dagoke, 1867an, Elortegi, 1992: 173).