Nafarroako toponimoa da Akerreta. Bizitza luzea izan du, lehenengo lekukoak duela 700 urte baino zaharragoak direlako. Archivo General de Navarra. Sección de Comptos. Registro Nº 7 (1300) liburuan badira hiru lekuko, guztiak 1300. urtekoak. Liburuaren 38. eta 66. orrialdeetan Aquerreta toponimoa bada eta 112. orrialdean Michaelis de Aquerreta izeneko gizona.
Akerreta toponimoan bi elementu genituzke, aker izena eta atzizkia, -eta. Toponimoaren bitxitasuna da animalia izenarekin batera dagoen -eta atzizkia, ohikoa ez delako. Oso arrunta da elementu bizigabeei loturik agertzea: Arrieta (harri + -eta), Aitzeta (haitz + -eta). Bestela, landaere izenekin ere ezaguna da: Arteta (arte + -eta), Urkieta (urki + -eta), beste askoren artean.
Bi multzo horien ezaugarri inportanteena da mugitzen ez direla, finkoak direla eta toponimoak sortzeko izen egokiak. Animaliak, aldiz, mugitu ohi dira eta horrek zailtzen du toponimoak sortzeko behar den egokitasuna.
Hala ere, badirudi ezohikoa dena gutxi batzuetan gertatzen dela eta toponimo hau adibide ona litzateke. Leku hartan akerrak izatea arrunta litzateke eta horrek ahaleginduko zuen hiztunek horrelako izena egiteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario