Sustaiza toponimoaren lau lekuko heldu zaizkigu, pertsona izen baten barruan, Archivo Municipal de Elgueta (1181-1520) 60. eta 61. agirietan, 1493. urtean, Ochoa de Sustayça, aldaerarik gabe lau lekukoetan. Ziurrenik aipatutako gizona Elgeta ingurkoa izango zen eta toponimoa ere, eremu hartakoa litzateke.
Sustatxa toponimoa, aldiz, Bizkaikoa da, Maruri-Jataben eta Berangon baserria da eta azken herri horretakoak dira bi toponimo eratorri, Sustatxabarri baserria eta Sustatxamendi tontorra.
XVIII. mendeko lekuko zahar batzuk badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Bizkaia de los siglos XVII y XVIII izeneko liburuan:
Sustacha [N, TO]Bi izenak, Sustatxa eta Sustaiza, nahiko antzekoak dira eta, funtsean, toponimo beraren aldaeak lirateke, nahiz eta bukaera oso ezberdina izan.
Sustacha (el molino de) [Ugartes y Oleagas (uarrio de)], Maruri, a.1796, FogVizcayaMs.
Sustacha (la casa de), Berango, a.1796, FogVizcayaMs.
Sustacha (la casa de) (Ustacha o) [Ugartes y Oleagas (uarrio de)], Maruri, a.1796, FogVizcayaMs.
Sustacha (la caseria de), Berango, a.1745, FogVizcayaMs.
Zustacha (la casseria de), Maruri, a.1704, FogVizcayaMs.
Sustacha_la_Nueba (la casa de), Berango (Santo_Domingo de), a.1798, FogVizcayaMs.
Toponimoen oinarria sustai hitza litzateke, sustrai ezagunagoaren aldaera. Toponimoaren bukaeran -tza atzizkia dago, beraz, sustai + -tza > Sustaitza. Horrela azalduko litzateke lehenengo toponimoa, bigarrenaren azalpenerako, beste urrats bat beharrezkoa da, sartaldeko euskaraz gertatu dena, -i(t)z- > -(t)x- bilakaera, hain zuzen. Orduan, Sustaitza > Sustatxa gertatu da eta horrela bi toponimoak azaldu dira. Bilakaera horrek eragina izan du toponimian eta lexiko arruntean ere bai: haize > (h)axe, haitz > (h)atx.
Aztertutako toponimoak ez dira bakarrak sustai aldaera dutenak, horrela, blog honetan Sustaeta toponimoa ere aztertua izan zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario