lunes, 16 de octubre de 2023

Dornaldegi toponimoa

 Dornaldegi da Gipuzkoako bi herritako toponimoa, Ormaiztegin etxea da eta Urretxun baserria.
Ormaiztegiko toponimoaren XX. mendeko bigarren erdialdeko lekuko bat dago Iñaki Linazasororen Caseríos de Guipúzcoa izeneko liburuan:

DORNALDEGI (en ruinas)
Lekuko zaharragoa dago XIX. mendearen erdialdeko Nomenclátor de la provincia de Guipúzcoa liburuaren 645. or.: Dornaldegui.
Toponimoak bi elementu ditu, bukaeran -tegi atzizkia, albokoaren atzean dagoenez, atzizkiaren horzkaria ahostundu da. Hasierakoa dornal- da, *dornari hitzaren eratorpen aldaera, aizkorarena aizkol- den bezala. Oso hitz antzekoa Orotariko Euskal Hiztegian dago, tornulari hitzaren sarreran:
tornulari.
(Lar, Hb).
"Torneador, tornero" Lar. "Tourneur" Lh. Cf.: Ido DocInq 76 [14v]: Maria de Tornariarena.
Azken lekuko horrek *tornari hitza erakusten du eta bilakaera txiki bat izan zen, hasierako herskaria ahostuna zelako: *tornari > *dornari.
Dornaldegi eta Tornariarena izenak toponimikoak dira eta, beraz, erabilera zahar baten lekukoak dira. Beharbada geroago hitza berreraiki zen, tornulari hitza sortuz. Azken honen lekukoak gutxi dira, hiztegikoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario