viernes, 27 de junio de 2025

Nikote toponimoa

 Nikote da Barakaldoko lepo bat. Izendegi ofizialeko lekuko zaharrena ezberdina da, Ycote (1780). hurrengo lekukoak XXI. mendekoak dira eta gehienetan nikote agertzen da, berdina gertatzen da Maria Angeles Castañosen Barakaldoko muinetan arakatzen bilketa lanean, 494. or.:

512. NICOTE (El Regato)
  Mendia
- F.R.
Lana XX. mendearen bukaerakoa da eta lekukoaren agiria mende horretakoa izan daiteke edo aurreko mendekoa. Beraz, zalantza izan daiteke toponimo honen benetako izenaz. Hala ere, errazago dirudi hasierako fonema galtzea eta ez sudurkari bat ezartzea. Hau da, Ikote sor zitekeen izena gaizki entzun edo ulertu zelako. Baina Ikote ustezko izen zahar bati n- jartzea ulergaitza da. Hala ere, lekuko zahar gehiago beharrezkoak dira, toponimoaren benetako izenaz ziurtasuna izateko.
Nikoteren azterketa egiteko, ematen du bukaeran -ot(e) atzizkia dagoela eta hori antroponimian ezaguna da eta bide honetatik joanez, hobekien egokitzen zaiona Enekot antroponimo hipokoristikoa litzateke. P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan Erdi Aroko lekuko ugari daude, 175.-176. or.:
Enekot (Eneko): Enechot (1211, Iratxe, 256, 274. or.), Ennecot (Larraga, 1330, LPN, 236), Enecot d Imarcoain (Iru., 1350, Ur., 1952: 92), Enecot (Suh., 1353, Goih., 1966: 163), Enecot Carpentero (Gurbizar, 1366, LPN, 468),  Enecot, fijo de Garcia Yeneguiz  (Biotzari, ibid., 473. or.), Enecot (Gares, ibid., 552. or.), Enecot (Leizpartze-Lizaratzu, 1368, Goih., 1966: 189), Enequot de Orbaycieta (1413, Castro, XXX, 35, 23. or. Hau Eneco de Orbaiceta moduan ere ageri da), Enecot de Urdaniz (1414, ibid., XXXI, 476, 262. or.), Enequot de Qualbategui (Dg., 1422, Doc.Gasc.II, 329), Enecot de Gurpide (1423, Zier. & Ram., 2001, 32, 92. or.). Orpustanek (2000: 219) Joana Albretekoaren idazkari izan zen Enecot de Sponde edo Ezponda aipatzen du.
Beraz, alde batetik Enekot antroponimoa dago eta, bestetik, Nikote toponimoa. Dauden ezberdintasunak azalekoak dira, bukaerako bokalari dagokionez, gerta liteke *Enekote aldaera ere izatea, gainera, hasierako bokala galdu zen eta aldaketa hori ez da oso arrunta, beharbada erdararen eremuan egitean aldaketak gertatuko ziren eta bat hasierako bokalari gertatu zitzaion. Azkenik, beste bokal bat aldatu zen, e > i gertatuz, agian bokal disimilazioa izan zen, e-o > i-o, baina zaila da aldaketa horren arrazoia bilatzea. Beharbada euskara eta erdararen mugan egoteagatik aldaketa batzuk errazagoak izan ziren, batez ere aipatutako azken biak. Lekuko zahar gehiago beharrezkoak dira, horiek proposatutako etimologia baiezta dezakete edo beste etimologia egokiago baterako bidea erakutsi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario