Mostrando entradas con la etiqueta Mantxo. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Mantxo. Mostrar todas las entradas

martes, 16 de abril de 2019

Mantxosanze toponimoa

Mantxosanze toponimoa nafarra da, Izaba herrikoa. Aldaera ugari baditu ere, lekuko zaharren bitartez ziurtasun handia izan dezakegu, toponimo hau analizatzerakoan. Izan ere, 1571. urtean Manchosanz ageri da, eta berdin hurrengo lekukoan, 1602. urtean. Gerora, ez da asko aldatu, baina bada aldaera bat nabarmentzen dena, Machosanz(e), horrelakoa baita bildutako azken lekukoa, gaur egunekotzat har dezakeguna.
Bi dira agertzen diren aldaketak. Batetik bukaerako -e bokalaren gehiketa, nahiko arrunta leku izenetan, deklinazioaren bitartez askotan tarteko -e- jarri beharrak azkenean izenari erantsia geratzen da: Mantxosanz-e-n, Mantxosanz-e-ra, Mantxosanz-e-tik... Horrela, Mantxosanz zena Mantxosanze bihurtuko zen
Bestea, lehenengo silabako sudurkariaren galera, XIX. mendeko lekuko gehienetan gertatzen dena eta egungo ahoskeran ere hala bada. Azalpena ere erraza da, sudurkarien disimilazioa gertatu da eta, ondorioz, lehenengoa galdu da: Mantxosanze > Matxosanze. Fenomeno hau ere ezaguna da, sudurkariekin gertatzen da, baita txistukariekin ere, eta herskariekin ere ez da ezezaguna.
Analisi etimologikoa ez da zaila, jakinik bi elementu antroponimiko dituela, Mantxo antroponimoa eta Sanz(e) patronimikoa. Horrelako egitura duten toponimoak ez dira ugariak, baina badira ale batzuk, adibidez, blog honetan aztertutako Domikusantz toponimoa, hau ere nafarra.
Antroponimoa behin baino gehiagotan agertu da blog honetan eta informazio gehiago nahi duenak Mantxote toponimoari buruzko sarreran aurki dezake.

martes, 9 de abril de 2019

Mansa toponimoa

Mendatako toponimoen artean bazen behin Mansa izenekoa. Toponimo honen bildutako bi lekukoak badira Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Mansa [N, TO]
Mansa (la torre de) [Mezeta (de la cassa de)], Mendata, a.1704, FogVizcayaMs.
Mansa_de_Berreñondo (la caseria de), Mendata, a.1745, FogVizcayaMs."
Toponimo bera bazen, bizirik izango zen XVIII. mendearen lehenengo erdian, nahiz eta batean dorrea izan eta bestean baserria, antza.
Toponimoa antroponimo batez osaturik izango zen, *Mansa izenean, hain zuzen. Maintzia toponimoa aztertzerakoan Ma(i)ntzia izena aipatua izango litzateke horren aldaera, Mantzio izenaren aldaeren artean Man(t)so bazen eta, horretatik, *Mansa antroponimoa, eta Mendatako izen bereko toponimoa.
*Mansa ez da agertu bildutako antroponimian, baina ziurrenik bilkaketa sakonago batek lekukoak aurkituko lituzke. Hala ere, bilatutako garaietan ez zen oso ohikoa izango, behin ere agertu ez delako. Lekuko antroponimikorik ez dago, baina Mendatako toponimo honek erakutsi digu *Mansa antroponimoa izan zela.

Eguneraketa (19-04-23):
Mansa antroponimoaren Erdi Aroko lekuko batzuk Mansaxe izen hipokoristikoaren sarreran. Beraz, Mansa izenak ez luke beharko inolako izartxorik.

sábado, 6 de abril de 2019

Mansikoena toponimoa

Mansikoena izeneko etxea behin agertzen da, Nombres de familia y oicónimos en las fogueraciones de Vizcaya de los siglos XVII y XVIII liburuan:
"Mansicoena [N, TO]
Mansicoena (la casa de), Sondica, a.1704, FogVizcayaMs."
Beste toponimo asko bezala, oinarria antroponimoa izango zen eta ondoren -(r)en + -a agertuko zen, jabegoa adierazteko. Toponimo honetan *Mansiko hipokoristikoa genuke, Manso/Mantxo antroponimoa eta -iko atzizkiaz osatua. Oso izen antzekoa bada P. Salaberriren Izen ttipiak euskaraz liburuan, Mantxiko, 126. or.:
"Mantxiko (Mantxo). Aurizperriko XX. mendeko Mantxikonea oikonimoaren oinarrian dagoke, beste zerbaiten itxuratxartzearen emaitza ez bada segurik (Ibarra, 2002: 501)."
Diferentzia bakarra, oinarrian izango zen, Manso izan beharrean, Mantxo izenean oinarrituko zen Mantxiko.
Mantso/Mantso antroponimoaz bada A. Irigoienen azalpena Mantxote toponimoari eskainitako sarreran.

sábado, 30 de marzo de 2019

Mantxote toponimoa

Mantxote toponimoa Nafarroako bi herritan agertzen da, Espartza Zaraitzu eta Sartze herrietan, hain zuzen. Biak mugakideak direnez, uste izatekoa da toponimo bakarra dela, bi herritan banatua.
Toponimo honek baditu hainbat aldaera, baina lekuko zaharren bitartez, XVII. mendearen bukaeratik aldaera bera erakutsi du ia aldi guztietan eta, beraz, Mantxote izango da analizatzeko izena.
Toponimo hau hipokoristiko batez osatua da, *Mantxote, bilatutako testuetan agertzen ez den izena da. Hala ere, analizatzeko erraza da, oinarrian Mantxo antroponimoa bada, eta atzizkia -ote litzateke.
Mantxo izenaz, A. Irigoienen Pertsona izenak euskaraz liburukoa:
"3.225. MANCHO (322) Mancho, (1366, PN-XIV, F.Sang., 475 orr.), Ochagauia-n; Garcia Mancho, (1330, PN-XIV, F.Est., 252 orr.), Peralta-n; la de Martin Mancho, (1330, PN-XIV, F.Est., 267 orr.), Lerin-en.
Bada MANSO ere: Manso, (1366, PN-XIV, F.Sang., 468 orr.), Linçoayn-en; Miguel Mansso, (1330, PN-XIV, F.Est., 245 orr.), Miranda-n.
X eta XI mendeetarako badira MANÇO, MANXO eta MANCIO, eta baita-ere MANZ eta MEIZ patronymikoak ere: Manço Oxoiz, (961, Leyre, f. 261); Manxo Içurra, (981, Leyre, f. 261); Mancio Manz de Uilela, (1090, Leyre, f. 35), Acenar Meiz (mezquino de Oronz), (1072, Leyre, f. 156). Ikus MAYNÇIA.
————————
322 Informazio gehiagorako ikus ene lan “Algunas consideraciones sobre onomástica personal vasca”, Euskera, XXII (1977), 561-623 orr., Mancho izenaren aldagarriez luze tratatzen baita."
Toponimo honen bitartez badugu *Mantxote hipokoristiko ezezagunaren berria, egun arte bizirik iraun duena.